Jon ORMAZABAL
Entrevue
ANDER IMAZ
ASEGARCEKO Atzelaria

«Txapelketa bat-batean etorri zen, orain lasaiago nabil eta gozatzen ari naiz»

Pilotari gehienentzat afizionatuetatik profesionaletarako saltoa handia izaten da, baina askoz ere zailagoa, lehen edo hirugarren partidak jokatzetik estelarretara dagoena. Ander Imazi ia oharkabean heldu zitzaion aukera iazko Binakakoan eta egoera berrira ondo moldatu dela dirudi.

Udako torneoak Gipuzkoara hurbiltzearekin bat etorri zaio oiartzuarrari halako lanetan estreinatzeko aukera, bietan Aimar Olaizolaren atzelari lanetan. Atzo aurkeztu zen Zarauzkoan bigarren finalerdian aritu beharko du, abuztuaren 18an, Aritzbatalde gogorrean, Irribarria-Zabaleta jotzaileen aurka. Hilaren 20ko finalerako beste txartela Azkoitian banatuko da, datorren asteartean, Bengoetxea VI.a-Albisu eta Ezkurdia-Rezustaren artean.

Udako torneoetan debutatzeko aukera heldu zaizu Donostian eta Zarautzen. Gustura?

Egia esan, oso gustura, azkenaldian enpresa nahiko partida onak jartzen ari zait; orain bi txapelketa hauek, Donostiakoa eta Zarauzkoa, jokatzeko aukera eman didate eta ilusio handiarekin nago, eta ea maila ona ematerik dudan.

Gainera, Aimar Olaizolarekin jarri zaituzte, azkenaldian zenbait estelarretan bezala, eta oso ondo aritu zara. Horrek ziurtasuna emango du, ala?

Egia esan, Aimarrekin txapelketak jokatzeak ilusio berezi bat egiten dit; txikitatik idolo handiena bezala izan dut. Berarekin jokatzea niretzat sekulakoa da eta ea ondo laguntzen diodan.

Zu bezalako gazte bati gauzak asko laguntzen dizkio, ezta?

Bai, egia esan, laguntza handikoa da. Niri gehienbat ezkerreko pilota horiek eramatea kostatzen zait eta pilota horietako dezente kentzen dizkit. Gero oso sasoi onean dago, eta hala are eta hobeto.

Erantzukizuna ere bada halako batekin jokatzea, ezta?

Bueno, egia esan, oso gustura egiten dut. Badakit Zarauzko partida oso gogorra izango dela, Irribarria eta Zabaletaren aurka Aritzbatalden lan asko egitea tokatuko zait, baina Aimarrek ere pilotaleku honetan asko jokatzen du eta hori ere alde izango dugu.

Hori esan behar nizun, Aritzbataldek Aimar Olaizolaren pilotalekua dirudi eta torneo honek bere txapelketa; hamar aldiz irabaztea lortu du, azken laurak jarraian, lau atzelari desberdinekin –Albisu 2012an, Ibai Zabala 2014an, Beroiz 2015ean eta Untoria iaz–.

Bai, pilotaleku guztietan jokatzen du asko Aimarrek, baina honetan agian azken urteetan gehiago nabarmendu da, azken txapelketak irabazteko gai izan da eta ea aurten gutxienez lehen partida hori ondo prestatu eta irabazterik dugun.

Zu nola moldatzen zara bertan? Gasteizko Ogetarekin batera, atzelarientzat pilotalekurik zailena dela esan ohi da.

Bai, nahiko gogorra da. Orain dela bi bat aste jokatu genuen bertan –uztailaren 31n izan zen eta Asegarcekoak 22-15 nagusitu zitzaizkien Irribarria eta Martijari– eta atzelariarentzat nahiko zaila egiten da bertan jokatzea, frontisetik gutxi irteten da pilota eta lurrean dezente ibili. Irribarria-Zabaletak badakit asko zigortuko nautela, garbi daukat berriena ni naizela eta gainera biak oso jotzaileak dira. Lanik ez zait faltako, baina Aimarrek konfiantza handia ematen dit.

Hori da berarekin jokatzearen alde txarra, zure bila joango direla?

Normala da, Aimarri pilota uzten badiozu amaitu egingo dizu eta normala da aurkariek puntu ahulena hor bilatzea, baina esandakoa, ilusio handiarekin nago, eskuetatik oso ondo nago eta datorrenerako prest.

Udarekin gustura?

Bai, oso. Azkenaldian enpresa partida onak, maila handikoak, jartzen ari zait eta emaitzak ere laguntzen ari dira eta horrek konfiantza maila handitzen du.

Iazko udatik hona salto handia eman duzu, Binakakoa jokatu duzu eta torneoetan ere aukerak dituzu. Egoera berrira ohitzen ari zarela uste duzu?

Hasieran niretzat dena berria zen eta pixkanaka-pixkanaka lasaiago jokatzen ari naiz eta konfiantza handiagoa daukat neure buruan, pixkanaka banabil. Egun txarrak izango dira, baina azkenaldian egiten ari naizenarekin gustura.

Presioa oso desberdina izango da; hori izan da agian eramateko zailena?

Azkenean hauek maila handiko partidak dira eta, topera ez bazatoz, aurkariak, edozein izanda ere, gainetik pasatzen zaizkizu. Hasieran, Binakako Txapelketan sartzeak bat-batean harrapatu ninduen eta presioa handiagoa zen, baina orain lasaiago nabil eta disfrutatzen ari naiz horrelako partidak jokatzen.