GARA
BILBO

Arrantza sektoreko emakumeak lanean eta lanetik kanpo ahaldunduta

Euskal Herrian eta Galizian arrantza sektorean lan egiten duten emakumeek euren lanbideen erregularizazioan parte hartu dute, eta horrek lanaz haragoko aldaketak eta emakumeen ahalduntzea ekarri ditu.

EHUko Zientzia Politikoa eta Administrazioa Sailean ikertu dute Galizian eta EAEn arrantza sektoreko emakumeen parte hartzea beren lanbideak erregularizatzeko mekanismoetan, baita parte hartze horrek haien ahalduntzean izandako eragina ere. Hala, ikerketak erakutsi du oinezko itsaski bilketan aritzen diren emakumeek, saregileek, enpakatzaileek eta neskatilek (ontziak deskargatzeaz eta hornitzeaz arduratzen diren emakumeak) langile elkarteak sortzeak eta beraien lanbideen erregularizazio prozesuetan parte hartzeak aldaketa sakonak ekarri dituela.

Ofizio barruko borrokak lanetik kanporako ahalduntzea ere ekarri die emakumeei. Horren erakusle, Patricia Martinez ikerketaren egileak dio emakumeak beti egon diren bigarren planotik ateratzen ari direla: «Lehen uste zuten armadoreek esandakoa egin behar zutela; orain, beren baldintzak jartzen dituzte».

«Ahalduntze handia izan da norbanako mailan; gaitasun sozialak eskuratu dituzte, eta konfiantza hartu dute beren buruekin», dio Martinezek. Hala ere, egileak dio prozesuak lantzeko ikuspuntua lan munduari oso lotua egoteak mugatu egin duela ahalduntze kolektibo bat lortzeko aukera, emakumeon bazterketa «alor politiko, sozial eta kulturalari eragiten dion fenomeno konplexua» baita.

Etorkizuna ezbaian

Sektorearen hobekuntzak gorabehera, arrantza sektoreko emakumeen lanak gogorrak dira fisikoki, eta ez zaizkie eskubide guztiak onartzen, lan gaixotasunei dagokienez, esaterako. Garai zailak dira arrantza sektorearentzat orokorrean, eta are zailagoak sektoreko emakumeentzat. Euren etorkizuna kolokan dago, ez baitute haien lanarekin jarraituko duen ondorengorik.