GARA
Durango

Lekeitioko langile bat hil da Durangoko Fumbarri galdategian

Lekeitioko 57 urteko langile bat hil zen atzo Durangoko Fumbarri galdategian. Lan istripua goizeko zazpiak aldera gertatu zen, behargina manipulatzen zebilen makina batek harrapatu zuenean.

Istripuak eragindako zauri larrien ondorioz langilea momentuan bertan hil zen. Bertaratutako larrialdi zerbitzuek heriotza egiaztatu baino ezin izan zuten egin. Jarraian, gorpua Bilboko Auzitegi Anatomia Institutura eraman zuten, heriotzaren arrazoiak argitzen saiatzeko.

Atzokoarekin, 39 dira dagoeneko aurten euren lanpostuetan bizia galdu duten langileak, LAB sindikatuaren datuen arabera.

Elkarretaratzea

Fumbarriko enpresa batzordeak, LAB eta CCOO sindikatuek osatutakoa, heriotza salatzeko 24 orduko lanuztea eta elkarretaratzea deitu ditu astelehenerako. Elkarretaratzea San Roke kalean kokatuta dagoen Fumbarri enpresaren kanpoaldean bertan egingo dute, hamabietan.

CCOO sindikatuak atzo bidalitako oharrean, Osalani eta enpresari gertatutakoa argitzeko neurriak hartzeko eskatu zien. Halaber, galdategiko segurtasun neurriak handitzeko eskatu zien enpresako buruei.