GARA
IRUÑEA

Giza zeharkaldien arrastoak

Gizakiok aldaketa eragile gisa dugun gaitasuna adierazteko topografiari heldu eta esku hartze artistikoa proposatzen du Françoise Vanneraud artista frantziarrak Iruñeko Zitadelarako. Hala, irailaren 24ra bitartean, «Zeharkaldia» izena daraman instalazioa ikusi ahalko da Zitadelako Labean. Proposamenak Iruñeko Udalak sustatutako Mapamunditarrak ekimenaren barruan kokatzen da; aurtengoa hamaikagarren edizioa du.

Iruñeko Udalak sustatzen duen Mapamunditarrak ekimenaren baitan, “Zeharkaldia” izena daraman instalazioa aurkeztu berri du Françoise Vanneraud artista frantziarrak. Ekimenak hamaikagarren edizioa du aurtengoa, eta, “Ibili, modu asko” izenpean, mota askotariko kultur ekimenak biltzen ditu.

Testuinguru horretan aurkeztu berri du Vanneraudek “Zeharkadia” proposamen artistikoa, azaldu zuenez, «gizakia aldaketa eragilea dela erakusten duen metafora». Instalazioa irailaren 24ra arte egongo da ikusgai Zitadelako Labean. Vanneraud da Mapamunditarrak ekimenaren baitan bere lana erakusten duen bosgarren artista.

Françoise Vanneraud egileak, Iruñeko Udaleko Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendari Maitena Muruzabalek eta Mapamunditarrak 2017ko komisario Alexandra Bauresek aurkeztu zuten instalazioa. “Zeharkaldia” aretoko baldosazko zoru gainean egindako serigrafia bat da, zeinak sestra-kurbak irudikatzen dituen eta bisitariekin interaktiboa izan nahi lukeen topografia batean.

Egilea Estatu frantsesean sortu zen (Nantes, 1984), baina Madrilen bizi da gaur egun, eta instalazioa egin ahal izateko Nafarroako iparraldeko topografia zedarritu du. Gisa horretan, bisitariaren harreta erakarri nahi izan du egileak, eta, bide berean, instalazioarekin esperimentatzeko bideak ere ireki nahi ditu.

Izan ere, oinpean hartua izateko instalazioa da “Zeharkaldia”. Autoreak berak instalazioaren aurkezpenean azaldu zuen bezala, bisitariek haren gainetik ibiltzeko aukera izango dute, eta, hala, lana itxuraz aldatuko da, behin eta berriz zapaldua izatearen ondorioz. «Hala, kausa-efektu harreman batek eragingo du, betiere obra artistikoaren erabileraren intentsitatearen arabera, zenbat hondatu edo eraldatuko den, agian baita suntsitzeraino ere», gaineratu zuten Udaleko ordezkariek. Vannerauden instalazioak islatu nahi du gizakia aldaketa eragilea dela, eta muturreraino eramango du metafora hori.

Artista Arte Ederretan lizentziatu zen Nanteseko École Nationale des Beaux-Arts eskolan, eta hainbat master egin ditu, horietako azkena Artea, Sormena eta Ikerketari buruzkoa, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Hainbat erakusketatan ere parte hartu izan du, bakarka zein taldeka. Obrak ditu Explum Fundazioan (Murtzia), Galerie Municipale du Château d’Eaun (Tolosa); Artothèque Antonin Artauden (Marseilla) eta baita Caixa Galicia Fundazioko bildumetan ere.

Instalazioa, esan bezala, irailaren 24ra arte egongo da ikusgai Zitadelako Labean.