Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
BAIONA
Surf

Lehen surf saioak Euskal Herrian:Lapurdi, Biarritzeko booma aitzin

Biarritzetik hedatu zen surfa Europara 1957an. Hori baino lehenago Ingalaterran surf egiten zen eta Lapurdiko kostaldean ere izan ziren saiakerak. Bizkaira eta Gipuzkoara geroago iritsi zen surfa, harremana handiagoa baitzen urrunago zeuden surflari espainiarrekin.

Surfaren 60. urteurrena ospatzen ari dira aurten Biarritzen. Surfa Europan Lapurdiko kostaldean hasi zela esaten da, baina, egiari zor, askoz ere lehenago Ingalaterran surf egiten zela esan behar da. Ordea, surfaren zabalkundea Biarritzetik abiatu zen, horretan ez dago zalantzarik. Artikulu honetan, ordea, ez dugu azalduko surfa Biarritzera nola heldu zen eta bertatik nola hedatu zen, horren inguruan maiz hitz egin dugu-eta jada.

Gaurkoan, Peter Viertelen taula famatua Biarritzera iritsi aitzin izan ziren surf saiakerak izango ditugu hizpide. Izan ere, lehen gazte haiek egindako saiakeretan kale egin bazuten ere, Biarritzeko zein Euskal Herriko surfaren historiaz mintzo garela derrigor aipatu beharreko istorioak dira, hazia lehen ahalegin haietatik ernaldu baitzen.

Ingalaterratik Euskal Herrira

David Kawananakoa Hawaiiko printzea izan zen Europan surf egiten lehena. 1890an Ingalaterra ekialdeko kostaldean izan zen, Bridlington hondartzan. Urte batzuk geroago, 1920ko irailean, bere seme Kalakaua Kawananakoa izan zen, Hawaiiko Waikikiko hondartzan, Edward VIII.a Galesko printzeari surf egiten irakatsi ziona.

Sasoi hartan munduko beste herrialde batzuetan surf egiten aritutako britainiar gehiago ere baziren. Esate baterako, Agatha Christie idazlea surf egiten aritu zen 1922. urtean, Hegoafrikan lehenik eta Hawaiin geroago. Idazleak surfarekin izan zuen harremanaren proba grafiko zein idatziak daude.

Urte bat geroago, Nigel Oxeden militar britainiarrak Europako lehen surf elkartea sortu zuen. Honek ere Hegoafrikan ikasi zuen surf egiten eta handik itzultzean sortu zuen Island Surf Club elkartea, Jerseyko hondartzan.


«Les Tontos surfeurs», Biarrizko surfaren aitzindariak. (SURFINGBIARRITZ.FR)

Europan filmatutako lehen surf irudiak ere Ingalaterran hartuak dira. Zehazki, Lewis Rosenger gaztea Kornuallesko hondartzan itsasoratu zeneko irudiak dira, 1929. urtekoak.

Hortaz, Europan surfaren hastapenari erreferentzia egiteko erabiltzen den 1957ko data famatua baino lehenago, jada surf egiten zen Ingalaterran. Ordurako, gainera, Lapurdin bertan ere izan ziren surf egiteko saiakerak. Ez zuten arrakasta handirik izan, baina testuingurua zein zen kontuan hartuta, gerora surfak izan zuen arrakasta ulertzeko istorio politak dira.

Hego Euskal Herrian berandu

Hego Euskal Herrian ez dago 1957. urtea baino lehenago surf egin zen frogarik. 2012ko ekainean, Bilboko Itsasadarra museoan “Un siglo de surf” izeneko erakusketa ireki zen. Ignacio de Arana kontsul espainiarra zuten erreferentzia nagusia erakusketa hartan. 1912an Hawaiitik itzuli zen gasteiztarrak liburu bat eta surf taula bat ekarri omen zituen. Ordea, taularen arrastorik ez da, ezta kontsulak olaturik hartzeko saiakerarik egin zuen zantzurik ere. Gainera, aipatzen zuten liburua, A.R. Gurrey surflariak eskuz egindako sei liburuetako bat da, “The Surf Riders of Hawaii” zehazki. Aldiz, liburua 1914an argitaratu zuen Gurreyk, beraz, oraindik ere egiteke zegoen gasteiztarrak ustez Hawaiitik ekarritako liburua.

Horrez gain, Bizkaiko eta Gipuzkoako surfaren historian lehen urratsak aipatzean, Espainia hartzen da beti erreferentzia gisa. 1963. urtean hasi zen Felix Cuesto Serrano Asturiasko Salinas hondartzan surf egiten, eta, urte bat beranduago, Iñaki Artche eta bere anaiak Donostian, Grosen hain zuzen.

Lapurdi aitzindari

Euskal Herrian egin ziren lehen saiakerak, baina, Lapurdin egin ziren. Georges Hemebutte Biarriztarra, 1920an saiatu zen Baionako Sentucq ohol enpresan egindako taula aglomeratu batekin olatuak hartu eta zutik jartzen. Johnny Victor Sarailh bere lagunari olatu bat hartzen utzi zion, eta, honi, zutik jarri orduko hautsi omen zitzaion taula hanka artean. Han amaitu zen bi lagunen surf abentura.

1935. urtean Uresti anaiak AEBetan izan ziren eta handik taula bat ekarri omen zuten. Baina inork ez du taula famatu haren berririk, eta ez dago jakiterik surf egitea lortu zuten, ezta taulak non amaitu zuen ere.

1952. urtean Jacky Rott landestarra (Akizekoa) izan zen surf taula bat egiten saiatu zena, eta, lehen saiakeretan behar bezalako taula bat egiten lortu ez zuen arren, gerora Euskal herriko eta Europako lehen taula egileetako bat bihurtu zen, Michel Barland baionarrarekin batera. Biarritzeko Colisee zineman Hawaiiko Pearl Harbor base militarreko irudiak ikusten ari zela, surf egiten ari ziren lagun batzuk ikusi zituen denbora tarte labur batez. Bada, olatu gainean zutik zeuden morroi haien irudia erabat iltzatuta geratu zitzaion.

Momentu hartan, Jacky Rottek ezin zuen jakin zurezko taula haien azpialdean lema bat zegoenik, ezta gainaldean gutxiago labaintzeko argizaria zutenik ere. Taulon neurri egokia asmatzea ere ez zen erraza. Hala ere, surf taula bat eraikitzeari ekin zion. 1952ko udan itsasoratu zen, baina, antza, ez zuen arrakasta handirik lortu.

Olatuak etzanda hartzeko egurrezko xafla mehea da txanperoa, aurrealdean okerdura bat duena. 1950eko eta 80ko hamarkaden artean, Euskal Herriko kostaldean gehien ikus zitekeen ohol mota zen. Europako lehen surf taula dela esaten da, baina ez dute balio zutik jartzeko. Jackyk egin zuen lehen taula txanpero handi bat zen, horregatik ez zuen lortu flotatzen zuen taula egonkor bat egitea.

Saiakera horren ostean, derrigorrezko bi urteko zerbitzu militarra egitera joan behar izan zuen Jackyk. Handik itzuli zenean beste saiakera bat egin zuen, oraingoan ere zineman ikusitako irudi batzuk oinarri hartuta. Akizeko Casino zineman ikusi zuen munduko gazte askorengan surfaren harra piztu zuen dokumentala, “Hawaii, îles de reve”.

Irudi haietan ikusi ahal izan zuen Jackyk hawaiiarren taulak handiagoak zirela eta ez zutela inongo okerdurarik aurrealdean. Horrela ekin zion bere proiektu berriari. Artean, ordea, Frantzian burdin hotsak ugaldu ziren 1955ean eta Jacky Algeriara eraman zuten gerra egitera, 1957an itzuli zen arte.

Hawaiiko uharteei buruzko dokumental hark sekulako garrantzia izan zuen surfaren hedapenari dagokionez, mundu osoko zinemetan ikusi ahal izan baitzen. Jende askok film hari esker izan zuen surfaren berri. Jaky Roottek bezala, beste hainbat gaztek ere olatuak hartzen agertzen ziren surflarien irudi haiek ikusi ostean gauza bera egiteko gogoa ukan zuen eta norbanako andanak bere taula propioa egiteari ekin zion.

«Les Tontons surfeurs»

Jakyk ikusi zuen dokumental bera ikusi zuen, esaterako, Joël de Rosnay 18 urteko Biologia ikasleak Parisen, Pleyel zinema aretoan. Irudi haiekin liluratuta, udako oporrak Biarritzen pasatzen zituen gazteak bere lagun bati hots egin zion. Chegaray oporkideak, ordea, Biarritzeko olatuak surf egiteko ez zirela egokiak esan zion.

Rosnay izan zen, 1957an, Peter Viertelen surf taula eskuratu eta Biarritzen surfa sustatu zuen aitzindarietako bat. Chegaray bera ere Michel Barlanad edo Georges Hennebutte bezalako surflariekin elkartu zen, eta, bi urteren buruan, Europako lehen surf elkartea bezala ezagun egin dena sortu zuten: Biarritzeko Waikiki Surf Kluba. Ordea, ez da egia Europako lehen surf elkartea izan zenik, izan ere, aurrez, gutxienez surf elkarte bat izan baitzen Ingalaterran: Islans Surf Club.

Aipatu beharreko beste izen garrantzitsua Michel Barlan baionarrarena da. Surf taulak egiten hasi zen lehena izan zen. Europako lehen surf denda ireki zuen 1969an: Barland's Surf Boards. Hamar urte geroago, ordenagailu bidez programatuta taulak egiteko sistema bat asmatu zuen eta arrakasta itzela izan zuen. 1992an hil zen, 63 urte zituela, baina bere Baionako dendak irekita jarraitzen du. Berekin batera surf egiten hasi ziren lagunak Les Tontons surfeurs bezala bataiatu zituzten, alegia, “aitona surflariak”. Hori bai, Euskal Herriko surfaren aitonak dira batez ere.