Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren jangurak

Badut buruan esaldi esanguratsua Bartzelonako kabaret neo-burlesque lizun batean entzundakoa Espainiako Trantsizio garaian kabareterek dantzatzen, antzezten eta aldakak kulunkatzen zituzten bitartean: «ay, qué hambre y qué ganas de comer». Gose fisikoaren pare zegoen sexuaren gosea eta kabaretetan emakume ahaldunduek gizonak berotzeko erabiltzen zuten. Emakumeek giroa berotu baino kiskaldu egiten zuten zapalkuntza politikoaren garaian. Baina bizi izan al du gizabanakoak zapalkuntza politikorik gabeko garairik? Katalunia adibidea edo geure herria. Botere politiko hertsatzailearen legeak jango gaitu “una, grande y libre”–ren izenean 155 aldiz. Abesbatza eta otxoteen garaiak pil-pilean zeuden XX. mendeko lehen laurdenean. Zazkel taldeko Etxahunek musikaren plazeraren jakin-mina aitonarengandik etor dakiokeela aitortu zidan eta “Bazka ederra” funk abestiaren oinordekotzaren funtsa izan daitekeela. Miguel Arregi Trecetek idatzitako “Buen menú” abestiaren letra 1927an kantatu zuten estreinakoz. Arregik Karl Friedrich Zöllner alemanaren “Der Speisezettel” (menua) pieza entzun ondoren idatzia. Gerora Donostiako Xey taldeak SGAEn eurena balitz bezala erregistratu zuen. Arregi hil eta 17 urtera aitortu zioten egiletza, 1961ean. “Jangura” Gose taldearen kantua da, gero Amaia Apaolazak Goserekin Jangura Produkzioak eratu zuten. Nahiz eta Espainiako Estatua jangura den, honek 155. artikulua emango die jateko desberdin pentsatzen dutenei.&indentHere;