Maite UBIRIA BEAUMONT
HENDAIA

Euskotrenen Hendaiako geltokia birmoldatuko dute, 2019ko udarako erabilgarri izanen dela aurreikusita

Terminalak egun duen espazioa eta trenbidea bikoiztuko dira eta nasa ere handituko dute, zerbitzua erabiltzaileentzat irisgarriago eta erosoagoa izan dadin. Lanak heldu den ekainean hasiko dira.

1913an jarri zen martxan Donostia eta Hendaia arteko tren zerbitzua. Topoa Hendaiako tren geltoki nagusiaren eraikineraino iristen zen, 1980an Euskotrenek gaur egun baliatzen duen geltoki txikia eraiki zen arte.

2000ko hamarkadaz geroztik zerbitzuaren erabilera etengabe hazi da. Gaur egun 700.000 herritarrek erabiltzen dute Hendaiako terminala; iazko abuztuan soilik 120.000 lagun igaro ziren aspaldi txiki geratutako geltoki horretatik.

Arazo horri erantzuteko, Gasteizko gobernuak, Euskal Trenbide Sareak trenbide kudeatzailearen bidez, geltokia eraberritzeko asmoa agertu du. SNCF frantziar trenbide konpainia publikoa, Euskal Elkargoa, Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria euroeskualdea eta Hendaiako Herriko Etxearen sostenguz gauzatuko den proiektua aurkeztu zuen, atzo, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak.

Maiztasuna handitu

2018ko ekainean abiatzekoak diren lanen bidez zerbitzua hobetu eta erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna bermatu nahi dutela azaldu zuen Tapiak.

Alde batetik, nasa handituko da bidaiarien segurtasuna bermatzeko. Bigarrenik, tamaina bikoiztuko duen itxaron-atarian lau salmenta-makina, balioztatze lerroa, bi txarteldegi izanen dituen ikuskatzailearentzako gela eta komuna jarriko dituzte, besteak beste.

Ibilbideari dagokionez, azken 91 metroetan trenbidea bikoiztuko dute. Ondorioz, bigarren tren bat gelditu ahalko da geltokian, eta horrek etorkizunean zerbitzuaren maiztasuna handitzeko aukera emango luke.

EAEko gobernuak %100ean bere gain hartuko du 5,8 milioiko aurrekontua duen egitasmoa. Lizitazio prozesua martxan da dagoeneko, eta lanak heldu den ekainean hasi eta 14 hilabetean gauzatzea aurreikusten dute.