GARA
DONOSTIA

Lakuaren eta Euskal Wikilarien arteko hitzarmena, mila artikulu baino gehiago sustatzeko

Lakuako Gobernuak 600.000 euroko inbertsioa egingo du hiru urte iraungo duen egitasmo honetan, urtean 200.000 eurokoa.

Lakuako Gobernuak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak euskarazko Wikipedian kalitatezko artikuluak sustatzeko hitzarmena sinatu dute. Akordio horren bidez, euskarazko Wikipediaren sustapenean murgilduta dauden lagunek proiektu zehatz bat garatuko dute, 12 eta 16 urte bitarteko ikasleentzat baliagarriak izan daitezkeen 1.000 artikulu baino gehiago sortzera bideratuta. Prozedura zehatz eta landu bati jarraiki garatuko da proiektua, auzolan itzela sustatuz unibertsitateekin, kultura eragileekin edota Lanbide Heziketako zein Batxilergoko ikasleekin batera.

Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Bingen Zupiriak zehaztu zuenez, Lakuak 200.000 euro inbertituko ditu urtero hiru urte iraungo duen egitasmo honetan (guztira 600.000 euro).

Proiektua

“Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat”; hori da Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak gidatuko duen proiektuaren izenburua. Proiektu honen jatorrian “Wikipedia guztiek eduki beharreko 1.000 artikuluen zerrenda” eta antzeko nazioarteko ekimenen eragina dago, baina moldatu egin da adin tarte zehatz batean ikasten diren gaiak txertatzeko.

«Euskarazko Wikipedia osoaren %0,5 baino ez dira artikulu horiek, baina bisita guztien %7,3 dira gurean. Gainera, gaikako joeren grafikoek argi erakusten digute gai batzuen eta ikasleen eskola egunen arteko lotura. Hortaz, aukeraketa egokia iruditzen zaigu. Kasu batzuetan, egun dauden artikuluak hobetuko dira, eta beste batzuk, berriz, berriak izango dira”, adierazi zuen Euskal Wikilarien Elkarteko Galder Gonzalezek. Hautatutako gaiak 15 arlotakoak dira; horien artean daude matematika, geografia eta historia, hizkuntzak, ekonomia ekintzailea, plastika eta ikus-entzunezkoak, biologia eta geologia, emakumea eta generoa eta literatura.