GARA
GETXO

Mobilizazio jendetsu baten eskutik, Tosura itzuli dira erresistentzia mantentzera

Eguerdian izandako mobilizazio jendetsu bat baliatuta, lagun talde batek Tosura itzultzea lortu zuen atzo. Parking proiektuaren aurkako erresistentziari jarraipena eman eta landagunea defendatzea dute helburu.

Tosu Betirako herri ekimenak deituta, mobilizazio jendetsu bat izan zen atzo eguerdian Tosuko landagunea defendatzeko, pasa den ostegunean Ertzaintza bertaratu eta parkingaren lanen aurkako erresistentzia mantentzen zuten lagunak kaleratu ondoren. Antolatzaileen arabera, 1.200 lagunetik gora bildu ziren manifestazioan.

Herri ekimenak berak atzo zabaldutako ohar batean jakinarazi zuenez, manifestazioa probalekura abiatzen zen bitartean, lagun talde batek Tosuko landagunera sartzea lortu zuen, jai giroan. Gunea inguratzen zuten hesiak kenduta, txabola berri bat egin eta neguko hainbat landare jartzeari ekin zioten.

Lagun taldea Tosura sartu eta berehala Ertzaintzaren zenbait ibilgailu bertaratu baziren ere, ez zen istilurik izan. Tosu Betirakok ohar bidez azaldu zuenez, auzokide batek ertzainekin hitz egin zuen adierazteko jendeak ez zuela bertatik alde egiteko inolako asmorik, eremuan jarraitzeko «zilegitasun osoa» daukatelako. Horrekin batera, Getxoko Udaleko osoko bilkuraren gehiengoa berdegunea suntsituko lukeen Ibarbengoako parkingaren aurka azaldu dela ere jakinarazi zieten ertzainei.

Ertzaintzak Tosutik alde egin ostean, arratsalde osoan zehar jarraitu zuen festa giroak. Tosu Betirakok nabarmendu duenez, jarduerek jarraituko dute, «partida ez delako oraindik amaitu».