Maider IANTZI
«GEOMATIKA ETA INTELI

GEOTEKNOLOGIAKO ADITU ETA IKASLEEK LEHEN BILGUNEA EGIN DUTE EUSKARAZ

UEUK ETA GISLANEK ANTOLATUTA, GEOMATIKAN EUSKARAZ ARI DIRENEN LEHEN BILGUNEA EGIN ZEN OSTIRALEAN TABAKALERAN. ETA, ADITU ETA ERAKUNDEETAKO ORDEZKARIEKIN BATERA, IKASLE UGARI ELKARTU ZEN. EZEZAGUNA EGITEN AHAL ZAIGUN GIS AKRONIMOAREN ATZEAN EGUNERO ERABILTZEN DUGUN TEKNOLOGIA DAGOELA ETA HAMAIKA APLIKAZIO POSIBLE DAUDELA ERAKUTSI ZUTEN.

Egun luze eta intentsoaren amaieran, neke gozoa sumatzen zitzaion Gislaneko lehendakari Mikel Ayestarani. Jardunaldiko parte-hartzaileak ere –gehienak ikasleak– interesatuta eta gustura ageri ziren. Ordua baino lehentxeago, 17.30 aldera, bukatu zen egitaraua, baina jendea solaserako gogoz zegoen eta seguru zerbeza baten bueltan segitu izanen zutela geomatikaz.

Frikien kontua dirudi, arrotza ohiko elkarrizketetan, baina jardunaldian ohartu ginen Geografia Informazio Sistemek (GIS) gure bizitzetan duten lekuaz. Hiru zati izan zituen UEUren eta Gislanen ekitaldiak. Lehenengoan, Euskal Herrian datu espazialen gaineko plataforma indartsuak daudela agerian gelditu zen. Victor Olaya adituak, bestalde, formazioaren garrantzia azpimarratu zuen. «Datuak badaude, baina zertarako?». Hor dago gakoa.

Bigarren blokean, prozesamendua landu zuten. Bilbao Data Lab-eko Gorka Kobeagak R Softwarearen inguruko tailerra eman zuen eta bisualizazioa zein garrantzitsua den azaldu zuen. Eta, azkenik, GISek mila aplikazio izan ditzaketela ikasi genuen. «Ez dago aditu izan beharrik. Kezkak dituen edonork aplikatu eta gizartean eragin dezake», erran zuen Ayestaranek. Aplikazio batzuk jaso ditugu.

1. www.auzoak.eus

Gislaneko Julen Landak hirien iraunkortasunerako sortutako adierazle sistema aurkeztu zuen. Gaindegiak garatu du, Udalbiltzarekin eta Gasteizko Udalarekin elkarlanean. Baiona, Bilbo, Donostia, Iruñea eta Gasteizko auzoak aztertu dituzte, 111 orotara, 30 adierazle neurtuz. «Auzoen kartografia propioa osatu dugu, iturri desberdinetatik informazioa jaso eta hainbat kalkulu eginez». Bilbon, adibidez, zerbitzuen eta malden lotura behatu dute. Datuak era dinamiko eta erakargarrian bistaratu dituzte, bost hiriburuak eta adierazle ezberdinak konparatzeko aukera emanez.

2. Hernaniko udala

Mikel Ayestaran bera GIS azpiegitura korporatiboez mintzatu zen eta Hernaniko kasu arrakastatsua kontatu zuen. Informazioa dispertsatuta zegoen, sistematizatu gabe. Sail bakoitzak bere kontura erabiltzen zituen datuak eta, ondorioz, gastua bikoitza zen eta kontsulta eta kudeaketa ere zailak ziren.

Informazioa bildu, aztertu eta datu base bat diseinatu dute, Post GIS izenekoa, bertan datu guztiak zentralizatzeko. Gero, erabiltzaile profilak sortu dituzte, bakoitzaren baimenak zehaztuz (edizioa, kontsulta ala ezin ikusi izatea). Formazioa ere eman dute, ongi erabiltzeko gakoa baita.

3. Audap enpresa

Angelu, Baiona, Biarritz eta Bidarteko terrazen eta espazio publikoaren erabilera aztertu du Audap enpresak. Hirigintzan eta lurralde antolaketan lan egiten dute bertan 30 bat lagunek. Horietako bi geomatikan aritzen dira, bertze bi kartografian eta informatikan bertze bat. Geografoek lan interaktiboa egiten dute eurekin. Komertzioek, batez ere ostatu eta jatetxeek, egiten duten espazio publikoaren erabilera ikertu dute proiektu batean. Pentsatzekoa zen bezala, Baionan eta Biarritzen pilatzen dira espazio horiek. Hirigintzatik ikusiz, komertzioak baldintza batzuk behar ditu: bezeroak, lokalizazio ona, eguzki pixka bat, zarata handirik ez... Lurraldearen mapan puntu txikiak ere ageri dira Baiona eta Biarritzetik kanpo eta Audapen honako galderak egin dituzte: sendoak dira ala lagundu behar dira? Zergatik ez dira puntu gehiago agertzen? Zer egin daiteke hirigintzatik, gehiago azaltzeko?

4. Airbnb efektua

Tabakalera-Hirikilabseko Ibai Zabaletak hain ezagun egin den Airbnb efektua neurtzeko geomatikarekin egin duten lana esplikatu zuen, baina lehenago Hirikilabs zer den azaldu zuen –bertan egin zen jardunaldia– eta kultura digitala eta teknologia (zentzu zabalean) barne hartzen dituen laborategi hiritar honetan parte hartzera gonbidatu zuen.

Teknologia herritarren arazoetara hurbiltzeko bide horretan atera zitzaien bidera Airbnb efektua. Konturatu ziren beren inguruan sarri ateratzen zela gaia baina inpresioak azaltzen zituztela, daturik ez. Eta horien bila abiatu ziren. Horretarako, datuak lortzen adituak diren pertsonen laguntza izan zuten. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mapan, Donostia ia beltz agertzen da, puntuz beteta. 1.346 etxe daude bertan Airbnb-n; 475 logela. 9.100 ohe daude hoteletan eta 7.349 Airbnb plataforman. «Jabeen %75ek etxe bakarra dute. Horrek esan nahi du jende gutxik etxe asko dituela plataforman». Txostena irekia dago eta osatzen jarraitzeko asmoa dute.

5. Udalmap

Lehenago aipatutako Gorka Kobeaga, Bilbao Data Lab-ekoa, Udalmapeko datuen bisualizazioa lantzen dabil mapa dinamikoen bidez. Aitortu zuenez, probak dira momentuz eta bere ordenagailuan soilik daude. Bere azalpenak izan ziren teknikoenak. Webgune dinamiko bat egiteko ideia du, aukerak zabaltzeko. Pantailaren eskuinaldean erremintak jartzea da asmoa, adierazleak aldatzeko modua emateko, edo urtea aldatzeko bidea. Mapa hauetako batean ikusten da, adibidez, nekazaritzan zenbat jende dabilen lanean eta 2008an, krisiaren hasieraren bueltan, gorakada bat sumatzen da, bereziki Arabako Errioxan.

6. Saguzarren alde

Azken hitzaldia izan zen exotikoena, nahiz eta, German Velayosek erran bezala, saguzarrak ere ez ditugun uste bezain urrunak. EHUko ordezkari gisa etorri zen Velayos, Carla Enrique Hernandez kidearen lana aurkeztera. Ilunpeko izakiok maita ditzagun ahalegindu zen. Azaldu zuen bigarren ugaztun talderik ugariena direla, ebolutiboki arrakastatsuak eta askotarikoak morfologikoki. Badira hegotik hegora bi metro neurtzen duten saguzarrak eta 3-4 milimetroko izaki ñimiñoak, gau batean 3.000 eltxo jan ditzaketenak. 1.300 espezie daude eta gehienak eremu tropikaletan bizi dira. «Nola eragiten digute guri? Kaktusa polinizatzen dute eta kaktusik gabe ez dago tekilarik!», bota zuen irriz lehertuz. Jada GISetan sartuta, bost baso saguzar hartu eta ikerketa bat egin du Hernandezek Hego Euskal Herrian, kontserbazio estrategiak hobetzeko xedez. Babes eremuek beharrezko espazioa hartzen duten aztertu, eta ondorioztatu du benetan zaintzeko %28 handitu behar dela babes eremua lurralde osoan. «Emaitza hauek pisu nahikoa dute gobernuei babes eremuetan gehiago inbertitzeko eskatzeko?», galdetu baina ez zuela erantzunen erran zuen Velayosek.