Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Robbie Bashoren hazia ernatu zaie Irazokiri eta Achiary aita-semeei

Robbie Bashoren musikagintzak hauspotutako diskoa da «Bas(h)oan». Joseba Irazoki eta Beñat eta Julen Achiary aita-semeek musikari estatubatuarraren bost kantu «euren hatsera» ekarrita eta kantu herrikoi bat eta eurek sortutako sei Bashoren musikatik arnastutako moldera eramanda osatu dute lana. «Bashoren haziak gure musikan lore berriak eman ditu», laburbildu du emaitza Beñat Achiaryk. Abenduaren 14an, Donostian aurkeztuko dute zuzenean.

Errobiko festibalean ezagutu zuten elkar Beñat Achiaryk eta Joseba Irazokik. Jaialdiaren antolakuntzan ari zen lehena, kontzertu inprobisatu batean parte hartzera zetorren bigarrena. Elkarren lanarekiko interesa eta miresmena sortu eta, geroztik, harremanetan egon dira biak. «Behin, Bashoren inguruan egin zen bilduma batean parte hartu behar nuen. Pentsatu nuen gehienek gitarra instrumentaleko piezak egingo zituztela, eta Beñaten ahotsa Bashorenaren antzekoa iruditu zitzaidanez, elkarrekin zerbait egitea proposatu nion. Beñatek ez zuen denborarik izan», ekarri du gogora Irazokik, baina elkarrekin «zerbait» egiteko ideiak indarra hartu zuen. Lokalean geratzen hasi ziren. Esperimentatzen. Elkarren musikaz bustitzen. «Emanaldi bat egin genuen, eta erabaki genuen disko bat egin behar genuela elkarrekin». Eta zer hoberik, horretarako urteak atzera batu zituen hura oinarri hartu eta interpretazioari bidea libre uztea baino.

Hortik sortu da “Bas(h)oa”. Musikari estatubatuarraren kantaera iradokitzailean oinarri hartuta eta afinazio irekiak zein eskala bereziak erabilita osatu duten hamabi kantuko diskoa. «Ez dugu bakarrik haren musika interpretatu, baizik eta gure arnasa, gure hatsa eman diegu kantuei. Hori ez da horren erraza, Bashok berak jotzen baitu gitarra eta kantatzen du ere, eta intimitate hori lortu behar da, bihotzez bihotz, ez da beste biderik», nabarmendu du Achiaryk, eta, Irazokiri zuzentzen zaiola, instrumentalki emandako maila eskertu du: «Zure gitarrarekin eta Julenen presentziarekin, espazio berriak ireki dira eta amets hori gestatu egin da», nabarmendu du.

Diskoan bildu dituzten hamabi kantuetatik bost Bashoren konposizioetan oinarrituta osatu dituzte. Beste bat, “Maitiak bilhua holli”, kantu zuberotar herrikoia da. Gainerako seiak hiruren artean eraiki dituzte, Bashok iradokitako bidea eta esperimentazioa uztartuta. Hitzetarako Itxaro Borda idazle lapurtarra izan dute lagun: «Laguntza galdatu genion testu batzuk euskaratzeko, eta bi bide hartu dituzte testu horiek. Lehenengo bidean, Bashoren musikan sartua izan da poema, baina ez da horren erraza, ez da izan melodia baten bizkarrean hitz batzuk sartu eta kito. Testua, gorputza eta arima, gure mundu intimoarekin lotu behar da, eta adiskideekin intimotasuna lortu. Ez da prozesu matematikoa», ziurtatu zu Achiaryk. Bigarren bidea alderantzizkoa izan da: «Nire baitan musika berriak sortu dira eta Josebak egin du lan gaitza, lan ederra. Julenek ere egin du lan ederra; erritmoa beste modu batean sortuz, eta hori preziatu dut anitz. Bashoren haziak gure musikan beste loreak eman ditu, eta hori marka itzela da», nabarmendu du.

Zuzenekoak aurreragoko utziko dituzte Irazokik eta Achiary aita-semeek. Disko berriaren zuzeneko aurkezpena abenduaren 14an egingo dute, Donostiako Victoria Eugenian. Hurrengo urtera begira kontzertu gehiago izango direla azaldu du Elkar-eko musika editore Anjel Valdes-ek . «Benetan ikuskizun sendoa eta oso artistikoa ikusteko aukera izango da», ziurtatu du, eta Basho bezalako musikariak «berreskuratzeak» duen balioaz ere hausnartu du: «Basho euren talentura ekarrita, Euskal Herriko musikaren garapenari begira ari dira lanean».