Jon LEUNDA
Entrevue
IKER VICENTE
AIZKOLARIA

«Aizkorari esker munduko bazter asko ezagutzen ari naiz»

Aizkora-jokoa erabat gaztetu da. Ez da urte asko atzera egin behar final nagusietan 40 urtetik gorako aizkolariak ikusteko, baina gaur egun 20 urtetik oso gertu dauden aizkolariak dira final horiek jokatzen dituztenak. Horien artean, denetan gazteena, Iker Vicente, 20 urterekin; sekulako abiadan etorri da eta jadanik egungo aizkolaririk onenetakoa bihurtu da Otsagabikoa.

Iker Vicente sekulako indarrarekin iritsi da aizkorako goi mailara. 20 urte besterik ez ditu, baina jadanik hirugarren aldiz irabazi du Nafarroako maila nagusiko txapela. Euskal Herriko Lehen Mailakoan ere bi finaletan izan da, eta aurten, gainera bigarren geratu da. Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligan ere txapelduna da, baita Nafarroako Binakakoan ere, beste batzuen artean. Nazioartean ere ari da lehiatzen Otsagabiko aizkolaria. Oso gaztea izan arren, jadanik gauza asko egin ditu, baina duen adina kontuan hartuta, oraindik lortu ere gauza asko lor ditzake.

 

Konforme egindako urtearekin?

Bai, oso konforme, gainera. Oso urte ona ona izan da. Lan handia egin dut nagoen lekura iristeko, ordu askoko entrenamendua dago, eta, egia esan, oso urte ona izan da niretzat.

 

Euskal Herriko txapela irabaztetik horren gertu izanda, ez irabazteak akaso emango dizu pena pixka bat, ezta?

Oso gustura nago Euskal Herriko finalean egin nuen lanarekin. Banekien Atutxa menderatzea oso zaila izango zela, eta ni nire lana egitera joan nintzen, besteak egiten ari zirenari begira egon gabe. Saio bikaina atera zitzaidan. Egia da txapela horren gertu izanda ez irabazteak pena apur bat ere ematen duela, baina egin nuenarekin oso gustura nago.

 

Nafarroakoa hirugarren aldiz irabazi duzu. Denborak ikusita, esan daiteke gainerakoei koska bat atera diezula?

Ez nuke horrenbeste esango. Badaude aizkolari oso onak. Jon Rekondo eta Ruben Saralegi, besteak beste, beti hor daude, eta maila ona dago. Egia da hiru txapel jarraian ez direla kasualitatez lortzen, baina lanean jarraitu beharra dago.

 

Australian ere aritu zara aizkoran. Asko aldatzen da hemengo lehiaketekin alderatuta?

Bai, dena aldatzen da. Han enbor bat moztera izaten da normalean, eta eukaliptoa izaten da ebaki beharreko enborra. Hemen ez gaude egur klase hori ebakitzen ohituta. Normalean, gainera, enborrak gogorrak izaten dira. Erabiltzen diren erremintak ere oso ezberdinak dira hemengoekin alderatuta. Aizkorak hemengoak baino handiagoak izaten dira, kirtenak ere luzeagoak. Enbor bat moztera haiei irabaztea zaila da, horretara daude-eta ohituta.

 

O’Toole, Australiako aizkolaririk handienetakoa, zure etxean egon zen,  eta zu ere bai harekin han. Esperientzia ona izango zen, ezta?

Bai, bai, dudarik gabe. O’Toole Australiako aizkolaririk onenetakoa da, eta hango aizkora-jokoa ulertzeko niri asko balio izan dit, baita han bidea zabaltzeko ere. Australian aizkolariek oso giro ona daukate, eta niri han lagun asko egiteko ere balio izan didate harreman hauek. Berak hemen egon zenean ere bere maila erakutsi zuen, nahiz eta hemengo erara ohitu gabe egon. Australian aizkorak indar handia dauka, eta ikusle kopurua ere handia izaten da. 

 

Timber Sport lehiaketetan ere aritzen zara. Hori ere ezberdina izango da, ezta?

Bai, oso. Hark ez dauka zerikusirik ez hemengo aizkorarekin, ez eta Australiakoarekin ere. Timber Sport lehiaketak ez dira Euskal Herrian oso ezagunak, baina gu aritzen gara horretara lehiatzen. Enbor bat moztera izaten da, enborrak normalean txikiak eta samurrak izaten dira eta zeinek azkarrago moztu da lehia, eta oso azkar, segundo gutxitan, ebakitzen da. Askotan gu konturatzerako mozten dute besteek.

 

Halaber, aizkorari esker mundua ezagutzeko aukera izan duzu...

Horrela da. Timber Sport lehiaketari esker Norvegian izan berri naiz, eta Europako herrialde gehienak ezagutzeko ere balio izan dit. Ni ez naiz hasi aspaldi lehiaketa hauetan, baina nire aita aspalditik ibili da, eta lehen bera ikustera joaten nintzen. Beraz, egia da kirol honek munduko bazter asko ikusteko eta ezagutzeko balio izan didala, eta hori ere oso polita da.

 

Herrialde asko ezagutu, kultura ezberdinak, jende asko... esan daiteke aizkora zure bizitza aberasten ari dela?

Bai, bai, dudarik gabe. Munduko bazter asko ezagutu ditut, kultura asko, eta jende piloa. Aizkora, nik maite dudan kirola, munduko jende askorekin partekatu ahal izan dut, eta horri esker lagun asko egin ditut, eta, dudarik gabe, aizkorak aberastasun handia eman didala esan daiteke.

 

Jendeak sekulako itxaropena jarri du zugan, eta jadanik joaten zaren lehiaketetan faboritoen artean zaude. Horrek presioa gehitzen dizu, edo besterik gabe ilusioa pizten dizu?

Nahasketa bat dela esango nuke. Alde batetik, beti faboritoen artean egoteak presioa gehitzen dizu, azken batean nik ere ez dudalako hutsik egin nahi, baina bestetik oso polita da jendeak nigan itxaropen handiak dituela ikustea eta konturatzea, hori ere ederra da.

 

Horrenbeste lehiaketaren eta erakustaldiren ondoren, dagoeneko nekea ere sumatuko duzu, ezta?

Bai, bai, eta handia, gainera. Alde batetik neke fisikoa da, eta hori nabaria da, baina baita burukoa ere. Azkenean urte osoa da, eta lehiaketa pila bat izan ditut, eta horrek buruko neke handia ere sortzen du.

 

Urtea bukatzeko Urrezko Aizkorako Kopa geratzen zaizu. Zein asmorekin zoaz?

Ba, egia esan, ez dakit parte hartuko dudan. Lehen esan dudan bezala, oso nekatuta nago bai buruz, baita fisikoki ere, eta nire prestatzaileak atseden hartzeko esaten dit. Beraz, ez dakit zer egingo dudan. Gero, urte berriarekin batera, Urrezko Aizkorako Binakakoa ere jokatuko da eta harako oso ongi egon nahi dut. Beraz, ondorengo egunetan erabakiko dut Urrezko Aizkorako Kopan zer egin.