Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Touré-ren «kortsea» kenduta «Arrutiren banda»ri heldu dio Jon Arretxek

Azken bost eleberrietara eraman duen Touré pertsonaiarekin «oso pozik» dagoela aitortuta ere, «kortsea kendu» eta bestelako bide batzuk jorratzeko beharra zuela onartu du Jon Arretxek. Jaioterri duen Basaurin girotu du «Arrutiren banda», droga trafikoan aritua den laukotea oinarri duen eleberria. «Ez da saga berri bat, hasi eta bukatzen den istorioa da», nabamendu du Arretxek, eta irakurleek Touré-ren berri oraindik ere izango dutela baieztatu du.

Zerbait berriari ekiteko gogoa zuen Jon Arretxek. Touré-ren «kortsea» kentzekoa. «Errutinan erortzeko beldurra nuen, Touré-ren hurrengo eleberria ‘beste bat’ izatea beste barik». Horregatik erabaki zuen azken bost eleberrietara eraman duen pertsonaia eta Bilboko San Frantziskoko kaleak momentuz alboratzea. Ez da urrutira joan, ordea. Jaioterri duen Basaurin girotu du Erein-ekin kaleratu duen nobela berria, “Arrutiren banda”.

«Kortsea kendu eta libreagoa izan naiz nahi dudana idazteko eta zor bat kitatu dut Basaurirekin», azaldu zuen liburuaren aurkezpenean eta nobela laburra (157 orrialde ditu), erritmo bizikoa, sorpresa askokoa eta irakurlea maiz arritzen duena osatu nahi izan duela azpimarratu zuen. «Umore gehiago sartzen ere saiatu naiz, Touré-k zeraman bizimoduarekin zaila zen erabiltzea baina honetan umore nahiko beltz eta absurdua dago», agertu zuen.

Lau pertsonek osatzen dute Arrutiren banda. Narkotrafikoan aritutako Arrutik, apaiz ibilia den Delgadok, udaltzain gisa froga egin duen Urrutxurtuk eta «marroi guztiak jaten dituen» Ereñok. Hain zuzen, furgona blindatu batean lapurreta egin eta, kondena bete ostean, Ereñok Basauriko espetxea uzten duenean abiatzen da eleberria.

Hortik aurrera, urmael batean gordeta omen dauden harribitxiak, azpijokoak, intrigak eta gezurrak topatuko ditu irakurleak. Baita Georgie Dann ere: «Udako zirkuituko azken jaiak dira Basaurikoak eta hor kokatu dut istorioa. Pasa den urtean, nik hilda egongo zela uste nuen arren, Georgie Dann etorri zen Basaurira», eta eleberrian haren doinuak Arrutiren bandakoen gustuko musikarekin kontrajartzen ditu: «70-80ko hamarkadan nunchaku eta kateekin elkar ostiatzeko geratzen ziren eta gero diskoteketan Leño, Rolling, Led Zepelin... entzuten zuten».

“Arrutiren banda” ez dela saga berri bat ere zehaztu zuen, «hasi eta bukatzen den istorioa da», eta Touré-ren nobela berririk etorriko dela ere baieztatu zuen.

 

Betelanik gabe, laburrean eta tramari estu lotuta osatutako eleberria

Idazle zein irakurle modura «erradikalizatzen» ari dela aipatu zuen Arretxek: «Asko publikatzen da eta saiatzen naiz asko irakurtzen, baina nobela potolo luze asko argitaratzen da eta beti dut sentsazioa asko sobratzen zaiela». Hiruehun orrialdetik gorako eleberriak «gomendioz soilik» irakurtzen dituela aitortu eta idazle modura horrekin «konsekuentea» izaten ahalegindu dela ere zehaztu zuen. «Ez dadila sobratu parrafo bakar bat, tramari ondo lotuta joan dadila dena, hori nahi izan dut», esan zuen. A.A.