Ane URKIRI ANSOLA
SAGARDOTEGIEN ERRONKA BERRIEN EZTABAIDA

TRADIZIOAREN XARMA GALDU GABE ERABERRITZEAREN ERRONKA NAGUSIA

ESTRATEGIA BERRI BAT GARATU EDO TRADIZIOEI EUTSI? EZTABAIDA HORRETAN SAKONTZEN ARI DIRA SAGARDOTEGIAK. BESTE ENPRESA ASKOK EZ BEZALA, SAGARDOTEGIEK EZ DUTE ARAZORIK BISITARIAK ERAKARTZEKO ORDUAN, EZ DUTE PROMOZIOAREN BEHARRIK. HALA ERE, ATZERRIRA BEGIRA MARKA PROPIOA SORTZEAK IZAN DEZAKEEN INDARRAZ MINTZATU ZIREN.

Tradizioz zipriztindutako txokoak dira sagardotegiak, atzerritarrentzat harrigarriak eta etxekoentzat esanahi handikoak. Horregatik hain zuzen, urtero 800.000 bisitari jasotzen dituzte euskal sagardotegiek, txotx sasoiak irauten duen lau hilabeteetan, eta batez besteko gastua 30 euro izaten dira. «Europan zenbaki horietara iristen den turismo jarduera bakarra da», azpimarratu zuen Rainer Brusisek. Enoturismoaren arloko aholkulari aleman hau Katalunian bizi da eta Innova Management-en gerentea da.

Horren aurrean, promoziorik egin gabe ere bisitariak jasotzen jarraitzen dutenez, sagardotegien arloan eraberritze programen hutsunea sumatzen dela gaineratu zuten Amaia Lopez de Heredia Akimuko lehendakariak zein Brusisek berak. «Denborak oso azkar eragiten du», adierazi zuen Lopez de Herediak, eta sagardotegien erronka nagusia esentziarik galdu gabe berritzean datzala. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen du hotel, garraio zerbitzu edota administrazio publikoekin elkarlanean aritzea, «identitate gastronomikoa indartzeko, kulturaren zati bereizezina baita».

Sagardotegiak Arabako Errioxako ardo upategiekin alderatu zituen behin eta berriz Akimuko lehendakariak; eta Brusis, bestalde, marka propio baten beharraz mintzatu zen, «bisitariak identifikatu ahal izan dezan». Biak bat etorri ziren Bartzelonan edo Madrilen sagardoa Asturiasekin bakarrik lotzen dela aipatzean, eta alde horretatik kanpora begira lan asko dagoela egiteko nabarmendu zuten. Horregatik, hain zuzen, tematu zen hainbeste Brusis, eta enpresa baten balioaren %95 suposatzen duelako izenak. «Atzerritarrek askotan gogoratzen dute janaria nolakoa den, baina ondoren ez dira gogoratzen zein sagardotegitan egon diren; etxeko lan asko daude egiteko», lehendabizi lurralde mailan sagardoaren inguruko marka propio bat indartu behar dela argituz eta proposatu zuen, adibidez, sagardotegi bakoitzak era leunean markaren zipriztinen bat botatzea, «bisitariak bost-sei ordu egoten baitira zure ‘etxean’ eta aukera hori aprobetxatu behar da».

Teknologiaren erabilera

«Urteroko bisitarien %85 etxekoak dira», jakinarazi zuen aditu alemanak, eta horiengan harridura piztea bilatu behar dutela ohartarazi zuen. Atzerritarrekiko, agian, tradizio hutsak balio du, «txotx unea, esaterako, baina gehiengoa hurbileko jendea izanda...».

Era berean, ausardia erakustera animatu zituen sagardotegi jabeak, horietariko batzuk Orona Ideo Fundazioaren eraikineko Auditoriumean baitzeuden, eta Tenerifeko adibide bat aipatuz irriak eragin zituen. Wine&sex deituriko upategiaz mintzatu zen, argazki galeria zabal batekin, erakustaldi erotiko zein naturistentzako bisitaldi arrakastatsuen berri emanez.

Maila horretara iritsi gabe ere, teknologia aldetik berritzera behartuta daudela ohartu ziren eta parte-hartzaile batek aurten abian jarritako jatorri-deitura proiektua aipatu zuen. Horren harira, Iker Urzelaik ezinbestekotzat jo zuen jarrera ‘afrantsesatua’ erakustea, «herria egiteko». «Sagardotegi bakoitzak Idiazabal gazta edukitzea, probintzialismoa alde batera uztea inguruko komertzioetan... militante izan behar dugu, etxekoa askotan ahanzturan erortzen baita». Kanpora begirako eraberritzearen eta teknologiaren garrantziaz gain, etxean egitekoak badaudela argituz.