GARA
BERLIN

Mikel Barrios agintari frantsesen esku utzi du Berlingo Auzitegiak

Berlingo Auzitegi Gorenak Mikel Barrios Estatu frantsesera estraditatzea onartu du, Euskal Herriaren Lagunak elkarteak atzo jakinarazi zuenez. Erabakia irmoa da, eta beraz, datozen ordu edo egunotan utziko dute agintari frantsesen esku.

Iruindarra joan den urriaren 27an atxilotu zuten Berlinen Iñigo Gulina burlatarrarekin batera eta biak espetxean daude ordutik. Espainiar eta frantziar estatuek bi gazteen aurkako euroagindu eskaerak egin zituzten eta orain Berlingo Auzitegi Gorenak Barrios Estatu frantsesera estraditatzeari argi berdea eman dio. Euskal Herriaren Lagunak elkarteak salatu zuenez, erabaki horrekin «Alemaniako justizia sistemak Espainiako eta Frantziako politika errepresiboekin bat egiten du». «Bi estatuek nahiago dute kartzelak betetzea, bake prozesuan aktiboki parte hartzea baino».

Berlinen Barriosen eta Gulinaren estradizioen aurka antolatzen ari diren protesta ekintzetan parte hartzeko deia egin zien «bakearen eta demokraziaren alde lan egiten duten alemaniar talde guztiei». Heldu den larunbatean, adibidez, The Clash hiriko taberna ezagunean elkartasun bazkari herrikoia eginen dute.