Nerea GOTI
GASTEIZ

Kuadrillen argazki zehatza, Arabaren etorkizunari begiratzeko

Gaindegiak Arabako kuadrillen gaineko azterlan sakon bat egin du. Datuok lurraldearen argazki zehatza ematen dute, erradiografia bat, hainbat arlotan herrialdearen osasun maila neurtzen duen heinean, demografiarena kasu. Irudi orokorra da, baina gainean lupa ipinita xehetasun txikiak azaltzen ditu, inperfekzioak eta itxaropenerako aukerak erakusten dituzten eztabaidarako elementuak, baita proposamen bat ere: errealitate ezberdinei erreparatzea.

Lehenengo begirada batean Gaindegiaren analisiak eskaintzen duen irudiak mezu argi bat plazaratzen du: argazkiaren protagonistak (biztanleriaren egitura) ez daude era homogeneoan antolatuta. Ez da kasu isolatua, ordea. Kontuan hartu behar da, Gaindegiak ohartarazi duenez, Euskal Herriko udalerrien sailkapenari begiratuta lurraldearen %80 landa eremukoak direla, eta errealitate horretan biztanleriaren %82,6 hiriburu eta eremu urbanoetan bizi dela, lur azaleraren %17,4an. Arabako kasuan, argiagoa da desoreka hori. Herritarren %75,1 hiriburuan bizi da, lurraldearen %8,5ean.

Gaindegiak zehazten du bi lurralde egitura daudela herrialdean: bata, Gasteizen inguruan egituratua, monozentrikoa; eta bestea, «zaharrena, lurralde polizentrikoa, bailara eta kuadrillak bere baitan dituena».

Lurralde egituraren arlo honetan dago, hain zuzen, gerora begira zehaztu beharreko bideetako bat: «lurralde monozentrikoa indartzen duten urratsak» sustatzea edo «lurralde polizentrikoa garatzeko» kuadrilla bakoitzaren aukerak indartzea. Hor dago etorkizuna eraikitzeko norabidean hartu beharreko bidegurutzeetako bat.

Egiturari lotuta, mugikortasuna ere aztertu du Gaindegiak. Garraiobideek osatzen duten sare orokorrari erreparatuta aipatzen du Arabako errepide nagusiek (A-1, AP-1 eta AP-68) Gasteiz dutela «nodo nagusitzat», eta makroeskala batean EAEko egituraketa ekonomikoaren ardatz nagusiak ere badirela, kontuan hartuta Europa eta Afrika arteko garraiobide garrantzitsuen igarobide direla aipaturiko errepideak. «Kokapen pribilegiatu horrek herrialdeari zenbait betekizun esleitzen dizkio, baita aukerak zabaldu ere», nabarmentzen du lanak. Errealitate horren aurrean, kuadrillen konektibitateari dagokionez, aldiz, ahulezia marrazten dute datuek, herrialdearen mendebaldean eta hegoaldean: Kanpezun, Trebiñun eta Añanako kuadrilletan, batez ere.

Testuinguru horretan, trenbide sareak ez duela ekarpen handirik egiten eta errepide bidezko garraio publikoak Gasteizen eta gainerako guztiaren arteko «harreman asimetrikoa indartzen» duela zehazten du lanak. Era berean, elkarren ondoan dauden kuadrillen arteko loturak urriak direla aipatzen du, eta Gasteiz dutela igarobidea. Egunero fluxu garrantzitsuenak Gasteiz-Lautada ardatzean (1.600 inguru) eta Gasteiz-Bilbo Handian (8.400 inguru) gertatzen dira.

Bestalde, analisiak aipatzen duenez, errepide sareak ehun ekonomikoaren hezurduraren moduko papera jokatzen du, 60ko eta 70eko hamarkadetan ezarritako diseinuari jarraituz.

Une egokia birpentsatzeko

Nekazaritzaren ibilbidearen eta egoeraren azterketa ere barnebiltzen du Gaindegiaren lanak. Aipatzen duenez, «nekazaritza lurrak garrantzitsuak dira lurraldearen konfigurazioan, Aiaran eta Gorbeialdean salbu, eta zerealaren nortasuna handia da herrialdeko sektorean».

Landa eremu zabala izan arren, azken 50 urteetan Arabak nortasun industrial indartsua garatu duela aipatzen du azterketak, «nagusiki hiriburuan eta errepide sare nagusian ardaztutako ehun ekonomikoan oinarrituta». Hala ere, Europa mailan izaten ari diren aldaketa sakonei begiratuta, hauxe nabarmendu du Gaindegiak: une egokia dela «lurralde eta ekonomia arteko harremana birpentsatzeko, eta herrialde aurreratuenetan bezala, garapen ekonomikorako politikak eratzerakoan tokiko errealitateek Araban ere merezi duten tokia izateko». Eta gaineratu duenez, «ehun ekonomikoaren sinergiak bilatuz tokiko ezagutza sareak bultzatu» behar dira, «garapen ekonomikoaren eta ingurumenaren arteko antagonismo zaharrari garapen teknologikoaz, berrikuntzaz eta kontzientziazioaz aterabide emanez».

Banan-banango erradiografia

Kuadrillek erradiografia labur bana dute Gaindegiaren azterketan. Bilbo Handiaren eraginpean dagoen Aiaraldeari dagokionez, besteak beste, eskualdeko barne mugikortasun handia aipatzen du lanak, eta erabilera iraunkorreko etxebizitza parke sendoa eta ehun ekonomikoa industria espezializatuan. Bestalde, Aiara da lehen sektoreko establezimendu kopurua handitu ez duen kuadrilla bakarra. Langabezia handiaz eta horren kronifikazio zantzuez ohartarazi du Gaindegiak, baita ere, beste maila batean, euskaldun berrien presentzia handiaz eta errentan dauden «genero desoreka nabarmenez». Arlo demografikoan, biztanleriaren galera txikia aipatzen du, zahartze maila handiaren eta gazteen urritasunaren ondoan.

Lupa Añanan jarrita, erakusten du industrian eta lehen sektorean espezializatuta dagoen eskualdean errenta erabilgarriaren jaitsiera handiena izan dela azken urteotan, eta errentan desoreka handiak daudela. Ehun ekonomiko berritzailearen presentzia nabarmentzen da, baita biztanleko BPG handiena duen eskualdea dela. Halere, «metabolismo demografiko ahula» du, biztanleria galera garrantzitsua, gazteen presentzia txikia eta kuadrillatik alde egiteko joera, baita adinekoen artean ere.

Arabako Errioxaren argazkia lehen sektorearekin lotuta agertzen da. Barne mugikortasun handikoa baina konektibitate ahulekoa, Logroñoren eta Gasteizen eraginpean dago eta nabarmentzekoak dira «ehun ekonomikoaren dentsitate handia per capita», berrikuntzarako gastu apala eta establezimendu berrien hazkundea. Halere, errenta desoreka garrantzitsuak aipatzen ditu ikerketak, batez besteko formazio maila apalagoa eta etorkinen metaketa eremua izatea.

Gasteiz aztertuta, lurralde ardatz nagusia dela eta antzinatasun txikieneko etxebizitza parkea duela aipatzen du lanak, eta oinarrizko zerbitzuen eskuragarritasuna egokia dela. Araba osoko biztanleriaren hiru laurdenak bertan metatzen dira, baina azkenaldian establezimenduak gutxitu egin dira. Automozioak industria hauspotu du krisialdian.

Gorbeialdeari begira aipatzen da biztanleko BPG handia, eta BPG bolumenaren uzkurdura handiena 2008 eta 2012 artean. Errenta erabilgarri handiena duen kuadrillan euskaldun zaharren presentzia eta batez besteko formazio maila handienak erakusten ditu. Adineko biztanleria erakartzearekin batera, ugalkortasuna eragin dezaketen belaunaldien presentzia txikia.

Lehen sektorean espezializazio handia ikusten da Kanpezun ere, eta honek duen balio erantsi handia nabarmentzen da. Bestalde, berrikuntzaren arloan, ehuna ahula da eta gastua ere apala. Datuek erakusten duten beste errealitate bat da biztanlerian izan duen galera garrantzitsua eta zahartze handia eta kuadrillatik alde egiteko joera, baita adinekoen artean ere.

Lautadari dagokionez, konektibitate ona eta nekazaritzarako azalera handia aipatzen ditu lanak. Lehen sektorean espezializatutako enpresa ertain eta handien kopurua handitu egin da eta industria ehuna murriztu. Autonomoen presentzia handia nabarmentzen da, Trebiñun bezalaxe.

Azken hau da arazo gehien dituena konektibitate eta garraio publiko aldetik, baita oinarrizko zerbitzuen eskuragarritasunari begira ere. Ehun ekonomiko urri eta ahulekoa, biztanleria galera handia izan du azken urteotan.