Maitane ALDANONDO
Matura

«Zergatik ez bueltatu aitonak egiten zuenera, baina berrituta?»

Masajea, akupuntura eta antzerako teknika batzuk mindutako zakurren eta katuen eskura jartzen ditu Ingravity Dreams kooperatiba txikiak. Bi sustatzaileen ametsa izateaz gain, Barrundiako beste ekintzaileekin sarea egiteko tresna izatea ere nahi dute.

Ingravity Dreams animalien ongizatea helburu duen zentroa da. Iñaki Carreterok eta Vicente Martinezek mina duten zakurrei eta katuei laguntzeko helburuz abiarazi zuten eta haiei egokitutako hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte. Martxoan zabaldu zituen ateak kooperatiba txikiak Maturan (Araba). Negozioa bien ametsa izateaz gain, Barrundiako eta inguruko ekintzaileen artean sinergiak sortzeko bidea izatea ere nahi dute.

Carreterok beti bere kabuz lan egin du, baina hau da orain arteko proiektu handiena. Hogei urte pasatu ditu autonomo gisa ipuinak kontatzen, enpresa handi batean lan egiten zuen bikotekidearekin gauzak aldatzea erabaki zuen arte. Txakurtzen proiektua hasi zuten lehenik, oraingoaren oinarri izan dena. Zakur heziketa eta lehiaketak antolatzeaz gain, zakurrentzako produktuak online saltzen zituzten, bereziki frisbeeak.

Orain bost urte izan zuten errehabilitazioa zentroa martxan jartzeko ideia, jabetu baitziren mina duten animaliei eskuekin eta naturak emandako baliabideekin lagun diezaieketela. «Beti eman ditut masajeak. Egun batean ikusi nuen Madrilen animalientzako fisioterapia ikastaro bat zegoela. Hara joan, mundu hori ezagutu eta bat-batean konturatu nintzen etxean, baserrian, ere egiten zela hori. Zergatik ez bueltatu aitonak egiten zuenera, baina berrituta?», gogoratu du Carreterok. Errehabilitazio teknikak terapia sakrokraneala, akupuntura... ikasi dituzte, eta aurreztua zutenarekin zerotik hasi dira, nahiz eta gutxika Txakurtzen barneratzen joango diren.

Erabakia hartu zutenean HAZI fundaziora jo zuten. Landa itsasertz eta elikagaien sustapenerako erakundea «osaba» modukoa izan dela dio Carreterok. Aholkuak eta informazioa ere eman dizkiete, arduradunak atsegin duen ikuspegi batetik, «dauden bideak esan dizkigute, baina bakoitzak bere lana egin behar du. Gero, egindakoa aurrera eramaten laguntzen dizute». Eskainitako formakuntza ere interesgarria iruditu zaio, eta parte hartzen jarraitzeko asmoa du. Nagusiki, ekintzaile asko batu eta besteak zertan ari diren ikusteko aukera dutelako. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza bat ere lortu dute fundazioaren bidez. Horrez gain Laboral Kutxaren kreditu bat eta bestelako finantziazioa ere izan dute; nagusiki, ingurukoena. «Proiektuan sinetsi eta lagundu diguten senide eta lagunak. Gutxika itzuliko diegu. Garai batean egiten zen bezala egin dugu», azaldu du hunkituta.

Landa eremuko aukerak

Bilbo edo Gasteizera joateko aholkatu bazieten ere, «lurrera itzultzeko beharra» sentitu zuen ekintzaileak. «Euskal Herrian aukera asko ditugu landa eremuan. Pena ematen dit jendea hiriburuetan gelditzea». Maturan (Araba) topatu zuten gustuko lur zati bat, beraien animaliek ere atsegin zutena. «Bailaran mugimendu asko dago, negozio txikiak, ekologikoan... Ekonomia zirkularra landu eta elkarren artean laguntzeko aukera dugu. Giroa gustatu zitzaigun». Bertan, euren eskuekin eraiki dute lantoki eta etxebizitza duten baserria. Beheko aldean, ukuilua jarri beharrean, zentroa jarri dute; goian, aldiz, bulegoa eta bizitokia.

Txakurrekin eta katuekin lan egiten dute. Zaldiekin egitea proposatu diete, baina horretarako kanpora joan behar dute, zentroa ez baitago haientzat prestatua. Bi ildotan egiten dute lan. Batetik, kirol txakurrei bideratutako entrenamenduak egiten dituzte. Aurki, adibidez, asistentzia txakurrei laguntzeko proiektu bat hasiko dute, lasaitzeko planak eta lepoko tentsioa askatzen laguntzeko. Bestetik, mina edo gaitzen bat dutenei bideratutako zerbitzuak. Kasu honetan, zahartutako edo mindutako animaliei masajearen edo akupuntura bidez laguntzen diete. Albaitariek bideratutako bezeroak ere badituzte. Ebakuntza baten ondoren zehaztutako plana gauzatzen dute, betiere, eskuekin bakarrik bada. 20 €tik gorako prezioa duten zerbitzuen artean, hidroterapia ere eskaintzen dute. Horretarako, igerileku klimatizatu bat dute, 6 m x 4 m-ko azalera duena. Hori osatzeko, sei hilabeteotako irabaziak inbertitu eta zinta akuatiko bat erosiko dute.

Asmoz beterik datorkie 2018a. Urtarrilean webgunea abiaraziko dute eta enpresa ezagutarazten hasiko dira. Dena den, publizitaterik gabe, Gipuzkoatik, Bilbotik, Kataluniatik... datozkie bezeroak. Gainera, jendeak eskatzen duena ikusita, ikastaroei ekingo diete, bai orokorrak bai teknikoak; eta elikadura lantzea ere pentsatu dute, horretarako kooperatiban kide berri bat edo bi sartuta. Pozik daude orain arte lortutakoaz. «Apustua egin genuen eta ondo doala dirudi. Argi dugu, irabazi ez dugu irabaziko. Lasai bizi ez dakit; baina behintzat gustatzen zaiguna egiten bizi gara. Eta hori garrantzitsua da, bizi. Ideia bat badaukazu saiatu. Merezi du», ondorioztatu du Carreterok.