Idoia ERASO
Urruñako gaztetxea

Okupazioak poliziaren bisitarik gabe iragan du lehen eguna

Urruñako plaza giro ederrean da atzo goizetik: arropa 0 euroan eta liburuak 2an, mutxikoak edota Orreagari buruzko dokumentala. Gaztetxea balitz izango lukeen egitaraua erakusten duen ekimenak indar polizialen bisitarik gabe iragan zuen lehen eguna.

Urruñako Gazte Asanbladak herriko plaza hiru egunez okupatzeko egitaraua antolatu du gaztetxe bat aldarrikatzeko. Sei urtez eskatzen ari diren elkartzeko gune autogestionatuaren galdeari ezezko erantzunak etengabe entzuteaz unatuta ekintza ikusgarri bat egitea deliberatu dute. UGAko kideek belaunaldi ezberdinak elkartzeko eta urruñarrei beren nahiak erakusteko ere antolatu dute plazaren okupazioa.

Ekintza abiatzearen bezperan Odile de Coral herriko auzapezak mehatxu gutuna igorri zien UGAko kideei. Bertan argiki azaltzen zuen ekintza Herriko Etxearen baimenik gabe antolatua zela, eta bertan behera utzi ezean, «legea betearaziko zuela», hau da, polizia igorriko zuela edo isuna ezarriko zuela.

Mehatxuak mehatxu, gazteek beren ekintzarekin jarraitzea deliberatu zutela azaldu zuen Joana Halsouet UGAko kideak: «Burura eramatea erabaki dugu». Atzokoa ekintzaren lehen eguna izan zen, eta poliziaren bisitarik ez zuten izan. «Egunean zehar plazan jendea bada eta ez dute arriskurik hartu nahi, baina gauean ez dakigu zer pasatuko den», erran zuen Halsouetek.

Atzo okupazioa hasi eta gutxira, Herriko Etxeak prentsa ohar bat plazaratu zuen, sei urteko ibilbidearen berri emanez. Aldi berean, UMPko udalak gaineratzen zuenez, udal langileen zaintzarik gabeko egiturarik, hau da autokudeatua litzatekeen gaztetxea, «ez da aukera bat herriaren eremuan».

Okupazioaren egiaztapenarekin batera udalak ekintzak izan ditzakeen ondorioez gazteak informatu dituela azaldu zuen. «Legez kanpoko» okupazio horrek herritarrak kaltetu eta trabatu ditzakeela ere nabarmendu zuen Herriko Etxeak.

Oharra irakurri eta aztertu ondoren, gaurko eta biharko programa anitzarekin jarraitzeko asmoa agertu zuten gazteek. Gaur, esaterako, sendabelar tailerra, hezkidetza tailerra, haurrentzako jolasak eta Palestinaren aldeko elkarretaratzea egingo dituzte, eta gaua kontzertu akustiko batekin itxi.

Ekintzen hautaketan, zarata handirik ez ateratzen saiatzen ari direla azaldu zuen Halsouetek: «Erakutsi nahi dugu ez garela jendea aspertzera etorri, auzokoen itzulia egin dugu azaltzeko. Oharrak egiten ahal dituztela eta kontuan hartuko ditugula erran diegu».

Beste herrietatik

Egunean zehar mota guztietako ekimenak elkartzen dituen programa 23.00 aldera bukatzen da, eta ondoren plazan bertan ezarritako kanpin-dendetan egiten dute lo UGAko kideek, baina ez bakarrik. Izan ere, inguruko herrietako gazteak ere hurbiltzen ari dira plazan lo egitera beren sostengua emanez. Donibane Lohizune, Ziburu, Hendaia eta Azkaineko gazteak dira besteren artean beren laguntza eskaini dutenak.

Lapurditik harago ere laguntza jaso du gazteen egitasmoak. Hondarribiko Gazte Asanbladak babesa eman die, eta atzo goizean Ondarroatik etorritako Ainhoa Zarraga Otxoantezana bertan izan zen: «Urruñara etorri naiz uste dudalako hemen kristoren lana egiten dutela eta gainera iruditzen zaidalako hemen nahiko zaila izan behar dela. Adibidez euskararentzat hemen zailagoa da, ez delako ofiziala».

Ondarroarrak elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen: «Ipar eta Hego Euskal Herrian gazte lokalak pixkanaka ixten ari dira, gazteek Euskal Herriarekin duten konpromisoa deuseztatzen saiatzen dira, trabak jartzen dituzte».