Xole Aramendi
Udate

Barbara Stammelen giza orbanak

Barbara Stammelen lana bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzen dute Donostian dituen bi erakusketek. Koldo Mitxelena kulturgunean dago lehenengoa. «Giza orbanak» bilduma ikus daiteke bertan. Ekain arte galerian bigarrena. «Papermoon Papers» eta «Still Slips» serieak osatzen dituzten lanak aurkituko ditu bisitariak. Orain arteko ibilbideari jarraiki, bere buruaren eta naturaren aurrean jartzen du ikuslea. Artista alemaniarrak bere azken uzta erakutsi du Donostian. Labetik atera berri-berria.

Aurpegiak. Bata bestearen ondoan, horman zintzilik. Aurrez aurre jarri eta gure begiak haien begietara doaz zuzen-zuzenean. Iltzatuta geratzen zaigu begirada. Beherantz doa orain. Ahoak harrapatu gaitu. Okertutako ahoa, itxita batzuetan, erdi irekia besteetan. Egonezina eta tentsioa erakusten duten ezpain estutuak... Barbara Stammel margolariaren giza orbanak («Human Stains») dira.

«Jarri beste gizaki baten aurrean eta begiratu begietara. Luzaz. Arnasa har dezakezu baina ezin duzu ezer esan. Ezin duzu barrerik egin. Ezin duzu bestea ukitu. Eutsi ihes egiteko bulkadari», idatzi du Uxue Alberdik erakusketarekin batera Koldo Mitxelena Kulturuneak argitara eman duen katalogoan. Marina Abramovicen «The artist is present» performancea datorkio gogora Alberdiri Stammelen giza orbanak ikusita.

Aurrez aurreko erretratuak dira. Margoen bidez paperean edo mihisean harrapatzen duen pertsonaren begirada bilatzen du. «Hasteko, niri begiratzen dit eta ondoren, ikusleari. Aurrez aurreko erretratua norberaren erreferentzia da beti, bai egilearentzat, bai ikusten duenarentzat. Aurrean duzun pertsonaiaren identifikazioa lortzen duzu. Aldiz, profileko erretratuak besteekin, munduarekin, jartzen zaitu harremanetan», argitu du.

Stammelek aurrez aurre dugun pertsonarekin bakarrik ez, naturarekin ere jartzen du harremanetan ikuslea. «Nire serie askotan aurrean duzuna natura da. Uraren gaia lantzen dudanean, adibidez», gaineratu du.

«Giza orbanak» joan den azarotik hona egindako artelanak dira. Lehenengoa etxean, Getariako estudioan, margotu zuen eta atzetik etorri ziren beste sei. Horien erdiak Lanzarote irlan egin zituen. «Zorte handia izan nuen. Han artistei eskaintzen dieten egonaldia baliatu nuen seriea lantzeko», kontatu du.

Tamaina handikoak dira. Stammelek lagun bati egindako erretratua dute abiapuntua. Margotzen duen lehenengo pertsona ezaguna izan ohi du baina ondorengoak ez, zein diren arrastorik ez du. «Lehenengo margoan nire lagunaren aurpegia nabari daiteke baina hurrengoetan ez», adierazi du.

«Still Slips» bildumako bi lan ere ikus daitezke Koldo Mitxelenan. Haurrak dira protagonista, agian oihalen tamaina txikiak baldintzatuta. Eta alemaniarraren ibilbidearen lekuko, erakusketa osatuz, aurreko margo batzuk, «Coloured People» bildumakoak. Eraikinaren sarreran «Gente mirando al mar» serieko lan batek egiten dio ongietorria bisitariari.

«Still Lips» eta «Papermoon Papers» bildumako margoak ikus daitezke Ekain arte galerian. Azken honek Ryan eta Tatum O'Neal-en «Paper Moon» filma du abiapuntu.

«Txakurra eta ilargia» izeneko erakusketa -estudioan lagun izaten duen «Tintxa» txakurra eta leihoaz beste aldean ikusten zuen ilargia gogoan- ispilu gainean landutako obra grafikoarekin osatzen da. Ispilu efimeroak dira, ikuslea bere burua ikusi, ez ikusi, dabil ispiluaren aurrean.

Errealitatetik abiatu eta fikziozko istorioa idazten du Stammelek. Margoek estudioa utzi eta publikoarekin harremanetan jarri direnean artistak berak beste perspektiba bat hartu du, denborak ematen duen distantzia lagun. Bere lanetan ageri diren pertsonak nortzuk diren galdetzen hasi zaio bere buruari. «Zein da jende hau? Sormena beti da misteriotsua. Nire lagunen eta ingurukoen argazkiak margotzen hasteko aitzakia bezala erabiltzen ditut. Ondoren zain jartzen naiz, paper edo oihal gainean zein agertuko...».

Bata bestearen atzetik `agertzen' zaizkio aurpegiak. Beti baitira aurpegiak. Eta sormen prozesuak ez du etenik. Bat. Bestea. Hurrengoa. «Hari bati tiraka hasiko banintz bezala, giza katea osatuz...», dio.

Egunak eta asteak ematen ditu margo bakoitza egiten. Egunero zerbait. «Bat-batean presentzia batekin egiten dut topo, zer den ez dakidana. Pinturaren materialtasunak berak ere bere balioa du -testura, trataera...-, are gehiago, hainbeste denboran lantzen duzunean. Margo batzuekin presentzia handia nabaritzen dut, pertsona erreala izango balitz bezala», esan du. Itsasoari begira dauden aurpegiak margotu zituen lehenik, «Dark swimmers» -igerilari ilunak- etorri ziren ondoren eta haiek naufragoei -«Shipwrecked»- egin zieten leku. Itsaso betea tartean eta gizakiak, hara-hona, lehorrera iritsi nahian.

Memoriaren eta denboraren gaiak jorratuz harilkatu ditu azken sormen lanak. «Gure bizitzan zehar pertsonak une batean agertu egiten zaizkigu eta ondoren desagertu... Bizitza iragankorra da eta joan-etorrian gabiltza gu», argitu du.

Stammelen sormen prozesua inkontzientziak gidatzen du. «Ekoizten hasi aurreko intelektualitateak ez narama inora, mugatu egiten nau. Neure burua aske utzi nahi dut».

Garbi du: «Sormen bidean eramaten uzten bazara, zurea ez, komuna den geruza batekin konektatzen zara. Horregatik, zuk aurkezten duzun horrekiko interesa dute besteek».

Pintura asko erabiltzen du. Gero eta gehiago. Margoaz «zikindutako» lanak dira. «Lehenengo buruaren eta aurpegiaren forma hartuko duen azalera zehaztu eta dena margoz betetzen dut, gogoa dudan dena erabiliz. Begietatik eta sudurretik hasten naiz aurpegia sortzeko. Gertatu izan zait aurpegian keinuren bat antzematea eta horrek bidea irekitzen dit», azaldu du.

Lur eta okre koloredunak dira giza orbanak. «Hautsezko pigmentuak dira, eta linazi-olioz nahasten ditut. Batzuetan argizaria ere gehitzen diot. Pote asko ditut eta askotan sukalde itxura hartzen du estudioak», kontatu du irribarrez.

Lanzarotetik artelanen garraioa errazteko papera erabili du Stammelek. Baina etxera iritsitakoan oihalera egin zuen salto. Unean unean erabakitzen du zein material erabili. «Paperean sormen prozesua bizkorragoa da, pinturak azkarrago egiten du irrist paperean. Aldiz, mihisean pare bat egun behar ditut lehortu eta geruza egin dadin. Hori hasieran gertatzen da. Ondoren, pertsonaia bakoitza nola garatzen den kontua, erritmoa horren araberakoa da», esan du.

Pintura bezala, euskarria ere berak egiten du eskuz. Erabateko artisau lana da berea. Bi paper erabiltzen ditu, bata besteari itsatsiak. Oihal zati zaharrak erabiliz josten ditu eta agerian geratzen dira ikuslearen begietara, artelanaren zati bihurtuz.

Paperezko lanak polea batzuekin eskegita jarri ditu Koldo Mitxelenan eta Ekain galerian. Bitxia egiten da. «Gustukoak ditut mekanismoak eta artelanen aurkezteko modua zaindu egiten dut», adierazi du.

«Giza orbanak» erakusketak oinarri dituen denbora eta memoria ditu hizpide zergatia azaltzerakoan. «Serie honetan iraganeko zerbait sumatzen dut. Margotutako pertsonaia poleatik zintzilik dagoenean oreka lortu ezean alde batera edo bestera eroriko da. Nolabait hari batetik zintzilik gaude gu ere eta aukera ugari dituzu zure bizitza sortzeko. Eta era berean, erloju zaharraren mekanismoa ere gogoratzen dit, denbora nola doan... Motor txikiren batekin jarri nahi nituen, klak-klak... margoa pixka bat mugituko zuena. Oraingo honetan ez dut egin baina hurrengorako asmoa dut. Makinaren zaratak ere ikuslea memorian atzera egitera gonbidatuko du».

Hilabete inguru eman dezake lan bakoitza sortzen. Neurri handikoak direnean banaka egiten ditu -«bakarrean kontzentratu behar dut», dio- baina formatu txikiko margoekin tartekatu ditzake.

Barbara txikiak amarengandik jaso zuen sormen grina. Hark eskulanak egiten zizkien etxean. Amarekin batera, Joseph bizilagunak mundu berri bat deskubritu zion. Errementaria zen hura eta eskolatik atera bezain pronto haren etxera joaten zen. «Asko gustatzen zitzaidan. Ile urdindua zuen, kizkurra eta sekulako gizon puska zen. Gizon bavariarrek bezala, belaunerainoko larruzko galtzak zeramatzan. Vulcanoren sutegian bezala sentitzen nintzen!», gogoratu du.

Ezagun du Josephek betirako arrastoa utzi ziola. «Beti zen interesgarria berekin egotea, gauzak nola egiten zituen azaltzen zidan. Pentsa, nik bere lanari jarraipena ematea nahi izango zukeen baina nik 8 urte besterik ez nituen. Gaur egun pena ematen dit, egia esan», adierazi du.

Artistak berekin izaten ditu krisiak. Baina inguruan hitz hori besterik entzuten ez duen garaiotan, loraldia bizitzen ari da Barbara Stammel. «Krisi ekonomikoa gora eta behera gabiltza, eta eragiten digu, noski, baina guretzat ez da ezer berria. Jaume Plensari irakurri diot artistak krisi garaian are handiago pentsatu behar duela. Orduantxe dela utopiari heltzeko garaia. Sormenak ateratzen zaitu krisitik», esan du.

Egindako lanak jasotako erantzun beroak lagundu du horretan. Bisitariak erakusketa batetik bestera doaz, artistaren lana bere osotasunean ezagutu nahian. «Erronka zen bi erakusketa aldi berean egitea eta ondo atera da. Bisitari askok gustura hartu dute nire lana eta pozik nago. Lan asko egin behar izan dut baina emaitza onartzen dutela sentitzen dut. Jokoan sartzen dira eta hau berria da niretzat; oso atsegina da», argitu du.

Erantzuna are nabarmenagoa da kontuan izanda «ez direla sofaren gainean erraz jartzen diren margoak», berak aitortu bezala. Hogei urtetik gora daramatza margolaritzan. Eta bere bideari jarraitu dio, kosta ahala kosta.

Alemaniako Söcking herri txikian jaioa da Barbara Stammel, Munichetik hego-mendebaldera. Hango Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean ikasi zuen. Txikitatik hara-hona ibili da familiarekin aitaren lanbidea zela-eta. Ondoren, Europako hainbat hiritan bizi izan da eta azken bi hamarkadak euskal kostaldean eman ditu, Getarian. Bere jaioterrian baino urte gehiago daramatza Euskal Herrian. «Hauxe da toki berean egin dudan egonaldi luzeena», aitortu du.

Koldo Mitxelena Kulturuneko erakusketa irailaren 6a bitartean ikusi ahal izango da eta Ekain galeriakoa irailaren 13a bitartean.