Nerea GOTI

Intxaurrondon, Idiazabal gaztak eta pintxoek elkartasun zaporea dute

Donostiako Intxaurrondo auzoan Koxk jaia egingo dute hilaren 13an. Idiazabal gazta onenen artean Juan Mari Arzak sari nagusia aukeratuko dute, eta, Pintxoen Kilometroan, aldiz, Zaporeak saria emango dute. Gastronomia hitzorduaz gain, elkartasun ekimena ere bada Koxk jaia, Etiopian proiektu bat gauzatzen lagunduko dute-eta.

Koxk du izena hurrengo irailaren 13an Intxaurrondon ospatuko den gastronomia hitzorduak, eta zapore goxoak hitzematen ditu, elkartasunak duen goxotasuna barne, bertan jasoko den dirua Etiopian garatzen ari den egitasmo zehatz batera joango baita.

Intxaurrondoko Gastronomia Elkartea da antolatzailea, eta egitarauaren berri eman berri du. Izan ere, bi atal nagusi izango ditu ekimenak: Txaparrene parkean, Luis Irizar gunean, Idiazabal Gaztari dedikatutakoa -bertan Juan Mari Arzak sari nagusia eskuratzeko aukera izango dute gazta ekoizleek-, eta, Gilda gunean (Larrotxene kultur etxea), pintxoen erresuma txiki bat antolatu dute -Pintxoen Kilometroa osatuko dute tabernek, eta, hau ere, dudarik gabe, publikoaren gozamenerako izango da-.

Antolatzaileek diotenez, euskal gastronomiaren festa izan nahi duen Kosk ekimenak «duela hogei urte Intxaurrondoko Gastronomia Astearen baitan ospatzen zen Juan Mari Arzak sari nagusia» berreskuratu egin du. Iragarri dutenez, parte hartzaileen artean Idiazabal Gazta jatorri izenaren barruan dauden gazta egileak daude, eta, epaimahaiko kideen artean, euskal sukaldariak eta gastronomia kazetariak. Juan Mari Arzak bera, zehaztu dutenez, ez da urrun ibiliko. Gazta ekoizleentzat akuilu izan daitekeen zerbait ere izen ahaztu: jaia Ordiziako lehiaketatik hiru egunera egingo da, eta, beraz, «arantza kentzeko aukera» izan daiteke askorentzat. Bestalde, txikienek ere ikastaro berezi bat izango dute Kosk jaian, gazta ekoizpenaren sekretuak eta gazta beraren ezaugarriak ikas ditzaten.

«Egin Koxk!»

Pintxoaren Kilometroak, Gilda gunean, luze gozatzeko adina mokadotxo eta edari postu eskainiko ditu iragarritakoaren arabera. Ibilbidean zehar, hainbat taberna eta jatetxe postuak aurkituko dituzte bisitariek, eta pintxo onena aukeratzeko parada izango dute bertaratzen direnek. «Hasieran txartel bat emango zaio gerturatzen den bakoitzari, amaieran dastatutako pintxoen artean onena zein den bozka dezan», azaldu dute prozeduraz. Horrela, herritarrek aukeratuko dute Zaporeak sarea.

Oraindik jairako egun batzuk geratzen diren honetan, antzeko ekimenak antolatzen eskarmentu handia duen Intxaurrondo Gastronomia Elkarteak boluntario gehiagoren laguntza eskatu du. Helburu horrekin, «Etorri gurekin elkartasunari koxk egitera!» kanpaina abiatu du. Gutxienez 50 laguntzaile inguru behar izango dituztela kalkulatzen dute, baina gehiago badira ongietorriak izango dira antolakuntzan lasaiago ibiltzeko.

Duela 25 urte hasi zen elkartea Intxaurrondoko Gastronomia Astea eta Intxaurrondoko Garagardo Azoka antolatzen. Orain, berriz, elkartasunezko proiektuak ere antolatu asmo du irabazi asmorik gabeko elkarteak. Hori horrela, gaur egun elkartea osatzen dutenen eta aurretik bertako kide izandako beste batzuen artean antolatu dute Koxk jaia, tartean «Etiopian gurekin egon eta proiektuarekin bat egin dutenak».

Elkartasunaren zaporea dastatu eta Afrikako Adarreraino zabaldu nahi duen Koxk jaiak gastronomiarekin zerikusia duen proiektu bat bultzatu nahi du Etiopian. «Wukron gauzatu nahi dugun `Zaporeak' proiekturako dirua eta babesa lortzea da helburua», azaldu dio GARAri Oraitz Garcia taldeko partaideak. Elikadura krisi larrian pairatzen duen zonaldean 30 urte lanean eman dituen Angel Olaran apaiza dute lagun. «Egoera aldatze aldera, gure helburu nagusietako bat bertako Saint Marie eskolaren barruan ostalaritza eta gastronomia eskola bat sortzea da», zehaztu du. Han dituzten elikadura baliabideei eta produktuei «ahalik eta zuku gehien ateratzen erakustea» da xedea, besteak beste, herritarrak fruituak usteltzen ez uzteko dauden aukera ezberdinetan heziz. Proiektua Olaran berarekin batera aurkeztuko dute laster.