Asier AIESTARAN
Munduko sokatira txapelketa

Lehen domina iritsi da Basque Country izenpean

Gizonezkoen 580 kiloz azpiko mailan brontzezko domina eskuratu du euskal selekzioak.

Euskal Herriko sokatira selekzioak lortu du bere lehen domina egunotan Madisonen (Wisconsin, AEB) jokatzen ari den Munduko Txapelketan. Basque Country izenpean, euskaldunek gizonezkoen 580 kiloz azpiko mailan eskuratu ahal izan zuten brontzezko domina.

Hamabi selekziok hartu zuten parte lehiaketan, bi multzotan banatuta. Lehen multzoan Suitza, Suedia, Belgika, Basque Country, Alemania eta Herbehereak aritu ziren; bigarrenean Kanada, Hegoafrika, Ingalaterra, Irlanda, Taiwan eta Ameriketako Estatu Batuak. Multzo bakoitzeko bi onenek lortu zuten finalerdietarako sailkapena: Suitza eta Euskal Herria lehen multzotik eta Ingalaterra eta Irlanda bigarrenetik.

Euskaldunek Ingalaterra izan zuten aurkari finalerdietan, eta ingelesak bi aldeetan irabazi zituzten tiraldiak, finalerako txartela lortuz eta Basque Country brontzearen lehiara bidaliz. Hor, Irlanda izan zuen aurkari, Suitzaren aurka ezer gutxi egin ahal izan zuen taldea.

Azkenean, Euskal Herriak nahikoa erraz menderatu zuen Irlandako selekzioa, hirugarren postua eta brontzezko domina bereganatuz. Finalean, aldiz, garaipena suitzarrentzat izan zen, lehia ikusgarri batean Ingalaterrari irabazi ostean.

Sari banaketaren unea iritsitakoan, hainbeste denboran esperotakoa iritsi zen: podiumean euskal selekzioa eta ikurrina Suitza eta Ingalaterrako talde eta ikurren aldamenean -goian dagoen argazkian ikusi daitekeen modura, hain zuzen ere-.

Euskal selekzioak parte hartu zuen beste bi mailetan ez zen halako arrakastarik lortzeko paradarik izan. Lehenik eta behin gizonezkoen 700 kiloko proba jokatu zen, baina euskaldunek ez zuten final-laurdenetara sailkatzerik izan. Azkenean, urrezko domina Suitzarentzat izan zen, Suedia eta Herbehereak gaindituta.

Ondoren, emakumezkoen 540 kiloko mailan, euskal selekzioa kanporaketetatik kanpo gelditu zen, pisuz oso urri ibili baitzen taldea -491 kilo baino ez tiralari guztien artean-. Garaipena Suediak erdietsi zuen, Suitza eta Taiwan mendean hartuta.

HARRI-JASOTZEA. Joseba Ostolazak irabazi zuen larunbatean Elgoibarko San Bartolome jaietako harri-jasotze txapelketa. Bigarren postua Jokin Eizmendirentzat izan zen azkenean eta hirugarren postuan Iban Ugartemendia sailkatu zen.