M.D.

Esako lanetan enpresen eta politikarien arteko lotura ikertzea nahi du Amaiurrek

Amaiur talde parlamentarioak Esako urtegia handitzeko lanak gelditzea eta lanok egiteko esleipena lortu zuten enpresen eta politikarien arteko harremana ikertzea eskatu du Kongresu espainolean. Besteak beste, lanon hasierako aurrekontua %332 handitu dela ohartarazi du.

Esako urtegian berriro arrakalak agertu direla jakin eta gero, Amaiur talde parlamentarioak urtegia handitzeko lanak gelditzeko eskaerarekin batera obren adjudikazioa jaso zuen enpresaren eta arduradun politiko eta administratiboen arteko harremana ikertzeko eskatu du Kongresu espainolean.

Esa handitzeko lanen aurrekontua %332 handitu dela ohartarazi du talde abertzaleak. Hortaz, ohar baten bidez adierazi duenez, «zilegi eta nahitaezkoa» da galdetzea ea aldaketa horiek «burugabekeria tekniko edo administratibo ugarien ondorio besterik ez diren», ala «datuak manipulatu eta ezkutatu egin dituzten hasierako kostua biderkatzeko» lanen esleipena lortu duten enpresen mesedetan.

ACS, Ferrovial eta FCC enpresek sortu zuten elkarteak lortu zuen Esa handitzeko lanen adjudikazioa. Administraziotik bertatik norbait enpresa horien mesedetan aritu ote den ikertu nahi du talde abertzaleak.

Ildo horretan, Esa handitzeko lanen lehen harria garaiko Ingurumen ministro Jaume Matasek jarri zuela gogorarazi du Amaiurrek. Ordutik, hamabi deliturengatik prozesatu dute Matas eta sei urteko espetxe zigorra betetzen ari da. Matasi leporatutako delituen artean daude prebarikazioa, eroskeria, funts publikoen bidegabeko erabilera, bidegabeko jabetza, agiriak faltsutzea, influentzia trafikoa eta kapitalak zuritzea.

Cuadra: «Gezurretan ari dira»

Horrekin batera, Sabino Cuadra diputatuak Ebroko Ur Konfederazioa «gezurretan ari dela» nabarmendu zuen, «gero eta argiago baitago informazio faltsua zabaltzen ari dela».

Horiek horrela, Konfederazioak urtegia handitzeko lanen segurtasunaren aferan ez hanka ez bururik ez duela izan gaineratu zuen Cuadrak.

jaume matas

Esako urtegia handitzeko lanen lehen harria gaur egun espetxean dagoen Jaume Matas garaiko ministroak jarri zuela nabarmendu du Amaiurrek.