Oihana LLORENTE ARRETXEA

Haur transexualitatea, Identitate sexuala eta kanpo genitalen itxura bat ez datozenean

Nola sentituko ginateke ispiluak ez balu gure burua irudikatuko? Guk sentitzen duguna jendeak ikusiko ez balu? Errealitate horretan harrapatuta bizi dira transexualak, euren identitate sexuala ez baitator bat kanpo genitalen itxurarekin. Hiru urteen bueltan agertzen da identitatea eta gehientsuenak orduan ohartzen dira transexualitateaz.

Ta ispiluak naizen hori irudikatuko ez balu?
Ta ispiluak naizen hori irudikatuko ez balu?

Munduratu aurretik sailkatu egiten gaituzte. Ekografietan hala-moduz ikusten dituzten genitalek jendartea banatzen duten bi kaxa horietako batera bideratzen dute haur oraindik jaio gabea. Zakila baduzu gizona zara; eta ez baduzu, emakumea. Genitalek markatzen dute gure generoa. Eta generoak, tamalez, gure bizitza. Maila handia batean oraindik ere.

Giza biologia, baina, ez da beti perfektua eta sexuazio mailaren prozesuan okerren bat gerta daiteke. Horixe da transexualitatea, genitalen eta identitate sexualaren sexuazioa bat ez etortzea.

Shaila Ignacio zazpi urteko eskoriatzarra da, baina, lau urte bete zituen arte Eneko zuen izena. Shailak pitilintxo bat du hanka tartean, baina bere ile luzetik hasi eta ointxoetaraino egundoko neskatoa da. Hala aldarrikatu du berak gainera, hiru urte zuenetik. Hiru urteen bueltan hasten baita identitate sexuala agertzen. Horrela azaldu digu, bederen, Ana Ramirez de Ocariz Sorolla sexologoak. Gasteizko Emaize sexologia zentroan aritzen da eta bertan hartu gaituzte Ramirez de Ocarizek, Shailaren amatxo den Montse Ignaciok, eta izebak, Luz Mari Ignaciok. Enekoren agurra eta Shailaren etorreraren berri eman digute hiruek.

Minez betetako agurra

«Dolua». Hitz horrekin deskribatu du amak bere semea alaba zela onartu arte igarotako prozesua. Finean, bere semetxo Enekori agur esan, eta Shailaren etorrera onartu behar izan du. «Jolas bat zen hasieran –hasi da kontatzen urteotan sentitutakoak mentalki antolatzeko ahalegina egiten duen bitartean–. Nik hala uste nuen, behintzat. Hilea luzea utzi eta neskak bezala jantzi nahi zuen, gonak, soinekoak... Etxera sartu eta berehala, izena aldatzen zuen. “Orain Estela naiz”, esaten zigun anaiari eta bioi, eta neska moduan tratatzeko eskatu. Hamabost egunero izen berri bat hautatzen zuen, eta hantxe ibiltzen zen soineko, takoidun zapata eta diademekin, gero eta ikusgarriagoak hauek, hobe».

Ume guztien antzera Olentzeroren eskutitza gogo biziz idazten zuen Enekok ere, eta, hiru urte zituenean, ikasgelako beste neskatxen pare, Hello Kittyren sorta osoa eskatu zuen. Eta ikazkinak bere desioak bete. Izan ere, Montse eta seme zaharrena gustura aritzen ziren txikiarekin jolasean.

Jokoak, baina, ez zuen etxe atariko muga gainditzen eta orduko Enekok ez zuen zergatia ulertzen. Urtebete eman zuten Shailaren identitatea etxeko lau hormen artean gordetzen. Errealitatea ezkutatuz, alaba trufa eta iseketatik salbu mantenduz, sufrimendua ekidin nahi zion amak. Orain badaki identitatea ezkutuan gordetzeak luzera sufrimendu gehiago dakarrela. Halakoetan, baina, ez da erraza bide egokia topatzea. «Guraso guztiek hoberena nahi dute umearentzat, askotan, baina, hoberena zer den asmatzea ez da samurra», dio.

«Denborarekin umea zoriontsua ez zela ohartu nintzen. Ez zegoen gustura, ez eskolan, ez parkean, ez inon. Etxean ere, guda bat bizitzen hasi ginen. Janzteko ordua zen gogorrena. Inoiz ez zuen prestatutako arropa jantzi nahi eta kasketak latzak ziren. Infernu bat zen hura, bai niretzat, bai eta bere anaiarentzat ere», deskribatu du. Semeari kontra egiteko gainera, azalpen bakarra aurkitzen zuen Montsek: «Pitilina duzu eta beraz, mutila zara». «Nire buruan ez zen beste ezer kabitzen orduan, ez nekien nondik heldu», aitortu digu.

«Zuk ez badakizu zer egin, nik bai»

Deskribatu ezinezko hamaika buruhaustearen ostean, pediatrarengana jo zuen Montsek. Harentzat, baina, arrotza zen ere identitate sexualaren gaia. Umea sufritzen ikusteaz gogaitua, erabaki ausartu hartu zuen pediatraren kontsultan bertan: «Zuk ez badakizu, nik bai. Gaurtik aurrera neska izango da eta hala tratatuko dugu».

Arratsalde horretan bertan, alaba eskutik hartu eta arropa erostera joan ziren Arrasatera. Shailaren egunik zoriontsuenetakoa izan zen hura.

Ramirez de Ocariz sexologoa da eta Shailak eta bere familiak ibilitako bide malkartsuan bidaide izan da okasio batean baino gehiagotan. Argi du ez duela egia osorik edo erremedio magikorik, baina, Ramirez de Ocarizen sekretua gurasoen alboan egotean datza. Pauso bakoitzean laguntzea, hain zuzen ere.

Helduak diren transexual gehientsuenak haurtzaroan ere hala zirela dio sexologo gasteiztarrak. Izan ere, egon aurretik dagoen arren, identitate sexuala hiru urteren bueltan hasten da ikusgarri egiten. Neskak eta mutilak bereizten dituzten elementu biologiko zein kulturalak daudela ohartzen dira umeak adin tarte horretan, eta beraz, euren generoaren arabera lerrokatzen hasten dira orduan. Identitatea eta genitalak bat datozenean, arrunta da prozesua. Hala ez denean, baina, ez da horren samurra.

Benetako identitate sexuala agertzeko orduan etxeko giroa hil ala bizikoa da Ramirez de Ocarizen ustez: «Umeak ez dira inozoak, hori kontatzea ahalbidetzen dion ingurunea badu lehenago kontatuko du, eta bestela, ezkutatu egingo du. Lehen zailagoa zen halakoak etxean kontatzea eta transexual gehienak nerabezaroan edo geroago hasten ziren euren identitatea agertzen», ohartarazi du.

Hainbat azterketaren arabera, nerabezaroa garai benetan latza da pertsona transexualentzat, gorputza gehien garatzen den unea izateaz gainera, taldearen indarra pisutsua baita. Horrek guztiak kezkagarri egiten du kolektibo honek adin tarte horretan duen suizidio tasa. Ramirez de Ocarizek, alabaina, itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari eta egungo familiartekoekin Shaila eta bere antzeko ume transexualek kalitate askoz handiagoko bizitzak edukiko dituztela ziur da. «Umetan zer sentitzen duzun esatea eta prozesu osoan zehar babestua sentitzea izugarria da. Sekulako aldea dago», gehitu du.

Zaila da gauetik goizera generoa aldatzea. Hala gogoratzen du Montsek, eta gurasoek duten lehen beharra profesional baten diagnostikoa eskuartean edukitzea dela dio. «Ziurtasuna da nahi duzuna. Ezer egin aurretik umeak dioena hala dela frogatu nahi duzu», ekarri du gogora.

Asko dira egia biribil horren bila Ramirez de Ocarizengana jo dutenak, berak, baina, argi esaten die ez duela haurrak neskak edo mutilak diren dioen makila magikorik. Sekretua umeei entzutea dela uste du sexologoak; izan ere, umeek beraiek dira zer diren adierazten dutenak. «Hiru, lau edo bost urteko umeak inozenteak dira erabat! Ez dute aukeratzeko gaitasunik, ez dute hautatzen neska edo mutila izan nahi duten. Hortxe dute, hala sentitzen dute eta noski, horrela adierazten dute. Ez dago besterik», dio Montsek ziur.

Denborarekin ikusi ahal izan du haurra dela bere burua gehien ezagutzen duena eta hartutako erabakiak egokiak izan direla. Izan ere, Eneko joandakoan etorri zen bakea etxera.

Ramirez de Ocarizentzat ulergarria da zalantza eta kezkak edukitzea eta haiek argitzeko profesionalengana jotzea. Makila magikorik ez duen arren, handia da sexologo honek gurasoei eskaintzen dien laguntza. Bikote eta familia asko hautsi dezakeen errealitatea da transexualitatea, eta hura onartzen, eta, poliki-poliki bidea egiten laguntzen die Emaizek. «Erritmoak oso bestelakoak dira pertsona batetik bestera. Normalean amek azkarrago asimilatzen dute, eta umearen ondoan lerrokatzen; aitek erreparo gehiago izaten dituzte. Seme-alaba gehiago edukitzeak ere egoera korapilatu dezake, batik bat horietakoren bat nerabea denean...», dio sexologoak. Urratsak, beraz, elkarrekin eta konbentzimenduz ematen laguntzen die.

Presarik gabeko prozesua

Prozesua ume eta familia bakoitzaren araberakoa den arren, Emaize zentroan proposatu izan dituzten urratsak honakoak izan dira: «Hasieran, etxea askatasun gunea izatea proposatzen dugu, bertan bakarrik bada ere haurra nahi duen moduan agertzeko. Ondoren, gurasoak pausoa emateko gai direnean, egun bereziak egitea gomendatzen dugu, umeak errekonozimendu publiko eta soziala eskura dezan. Gurasoak erlaxatuagoak egoteko euren herritik alde egin eta inork ezagutzen ez dituen hiri batera doaz egun pasa. Eta azkenik, erabateko aldaketa egitea egokitzen da. Familia bere osotasunean, eskola, kalea...».

Alabaren transexualitatea kalera ateratzeak eragin zion beldurra ez du ahazten Montsek. «Ez da batere samurra. Oso prestatua egon behar duzu. Nik urtebete behar izan nuen neure burua prestatu eta pausoa emateko. Seme zaharrenak ere gaizki pasa zuen, ez beregatik, bera aspaldi ohartu zen bere arreba nolakoa zen. Lagunei, kaleari, eskolari zioen beldur».

Pediatraren kontsultatik atera, arropa erosi eta izena aukeratzeko atakan jarri zuen alaba. Ordura arte, hamabost eguneko iraupena zuten izenek, baina oraingoa erabaki garrantzitsua zen, bizitza berri baten hasiera idatziko zuen erabakia. Gelako lagun baten omenez Shaila izena hautatu, goiz hartan nahi moduan jantzi eta eskolara joan ziren ama alabak.

Eskolaren jarrera «hobezina» izan da Montseren begietara. Txiki-txikitatik harreman estua izan dute irakasleek eta Montsek; izan ere, umeak bi urte zituenetik ohartuak ziren bere identitatearen gorabeherekin. «Elkarrekin egin dugu bide guztia, eta eskolako irakasle guztiek, den-denek, dibertsitate sexualaren gaineko prestakuntza jaso dute, borondatez jaso gainera», dio amak hunkituta.

Shailaren gelako neska-mutilek ere ederki onartu zuten gelakide berria, sorpresa arrastorik gabe, gainera. Haiek bazekiten-eta Eneko neskatxa zela. «Arazoa hezten goazenean dator, burua karratuagoa egiten zaigu. Umeak ez daude kontaminatuak, oso ondo ulertzen dute. Gu baina aurreratuagoak gaude», dio Montsek.

Familian ere izeba eta amon-aitonen babesa izan zuen hasieratik. Kalean, aldiz, denetarik ezagutu du. «Herrian badira Montse ero moduan tratatu dutenak, –azaldu du haserre ondoan duen Luz Mari ahizpak–. Semea beharrean alaba eduki nahi zuela zioten eta horregatik janzten zuela soinekoekin. Sorpresa asko hartu ditugu, eta pentsa, helduenek hobeto hartu dute! Bizilagunek ere sekulako esfortzua egin dute haurrarekin naturaltasunez aritzeko».

Hiru urte dira urratsa eman zutenetik eta bide malkartsua izan den arren, pozik dago bere alaba zoriontsu ikusten duelako. Etorkizunari ez dio beldur, ez baitu zauria egin aurretik sendatu nahi. Konfiantza eta maitasunaren oinarrien gainean hezi nahi du alaba, nerabezaroan arazoei aurre egingo dion neska indartsu eta ausarta izan dadin. Geroa ikaraz bistaratu ez arren, Montsek badu ikusmiran erronka berririk.

Shailak bere gorputza den moduan maitatzea nahiko luke Montsek. Bere ezaugarriekin bizitzen ikastea nahiko luke eta bagina batek emakumetzen ez duela ulertzea. Montse amorratu egiten da gainera, bere alaba gorputz arrotz batekin jaio dela entzuten duen bakoitzean. «Ez da arrotza, bere gorputza da. Bere bertute eta akatsekin, baina berea. Berezitasun batekin jaio da, gizon deiturikoen genitalekin, ados! baina hori da bere gorputza. Ez da gorputz oker batean jaio». Eta Shailak ere, berea sentitzea nahiko luke amak: «Pertsona bat da, denak bezala. Eta emakume edo gizon izatearen dibertsitatean, aukera guztiek lekua dutela sinestea nahiko nuke, baita bereak ere», dio ziur. Hala hezitzen jarraituko du, hanka tartean zer dagoen axola ez duen jendarte batekin amesten jarraituko duen bitartean.

Gorputza den modukoa onartzea

Gaur gaurkoz baina, Shailak ez du bere gorputza dagoen moduan mantendu nahi eta gaztea den arren argi du bere genitalak moldatu nahi dituela. Denborak esango du. Ebakuntzak egin ahal izateko, gaur egun bederen, 18 urte eduki ala epaile baten baimena behar da.

Kirurgia, gainera, ez da askotan aukera egokiena. Bereziki, bagina ipini nahi duten horientzat. «Emakume itxura gorputza duten askok euren genitalen itxura aldatzen duten bitartean, gizonen itxurako gorputzak moldatzea ez da erraza... Emaitzak ez dira onak eta batzuetan sekulako lardaskeriak egiten dituzte... Gaur egun hobe da klitori handiagoa izatea eta erotikoki moldatzen ikastea, halako ebakuntzetan sartzea baino», dio sexologoak.

Ebakuntzara iritsi aurretik, badira beste aukera batzuk. Horietako bat blokeadore hormonalak dira. Nerabezaroan giza gorputzean gertatzen diren aldaketa hormonalak gelditu egiten dituzte blokeadoreek. Itxuraz gizon diruditenean, zakila ez handitzea, ahotsa ez larriagotzea eta gorputz eta aurpegiko ilea edota zintzur korapiloa ez ateratzea ahalbidetzen dute. Emakume gorputzean sastatzen direnean, titiak handitzea eta hilekoa bera ekiditen dute.

Giza gorputzak nerabezaroan izaten dituen aldaketak galgatu egiten dituzte, baina blokeadoreak utziz gero, gorputzak bere martxa hartzen du berriro, prozesua atzera egingarri bihurtuz.

Kirurgiaz gainera, transexualek eskura duten beste bitarteko bat feminizazio edo maskulinizazio hormonala izaten da.

Ume transexualen errealitatea nahiko berria da eta hortaz, Euskal Herrian oraindik ez dira blokeadore hormonalak agindu ere egin. Osakidetzak Gurutzetako erietxean du Genero Unitatea eta erakundeekin batera ume transexualen aferari aurre hartzeko gida klinikoa egitekotan da. Ramirez de Ocariz Shaila moduko ume transexualak zorte izango dutelakoan dago, baina erakundeei ganoraz aritzeko eskaria egin nahi izan die.

Izan ere, osasun arloan, oraindik ere, egokitzen zaizun profesionalaren araberakoa da jasotzen duzun tratua. Badira umeak Emaizera bertara bideratu dituzten pediatrak, eta, badira, Shailarena bezala, zer egin ez dakiten pediatrak. «Errealitate honekin aurkitzen garenean pediatrarengana jotzen dugu lehenengo; bera da eskura dugun lehen profesionala. Shaila psikologo batengana bideratu zuen eta sekulako zortea eduki genuen harekin. Zortzi hilabetez egon ginen eta umeak tratamendu beharrik ez zuela, eta psikologoaren beharra zuena gizartea zela esanez eman zigun alta», ekarri du gogora Montsek. Bidean baina, denetarik ezagutu du: heldua izan arte mutil bezala hezteko gomendatzen dutenak, traumatizatuko zuen beldurra kutsatu diotenak... Era honetako egoerak aurki ez daitezen hil ala bizikoa deritzo Ramirez de Ocarizek osasun arloa gidatuko duen praktika onen kodigo bat osatzea.

Burokrazia guda zelai

Burokrazia ere bada guda zelaia pertsona transexualentzat. Dokumentazioan izena aldatzeko izapidea egiten dute lehenengo, sexua aldatzeko baldintzak oso zorrotzak dira-eta. Orain gutxi arte, aldaketa genitala egin behar zen dokumentazioko sexua aldatzeko. Legeak, zorionez, aldatu egin dira eta egun zehaztu egiten ez den bi urteko tratamendua nahikoa da papereko sexua aldatzeko. Hori bai, hamasei urtetik gorakoak izan behar dute. Sexu aldaketarako eskaera burokratikoak eta tramite legalak malgutzea, beraz, bada ere familia hauen beste aldarrikapen bat.

Eskolekin lan egitea ere egokitu zaio Ramirez de Ocarizi. Dibertsitate sexualaren aurrean tolerantzia, errespetua eta ulermena lantzen aritu da, ume transexualak dauden geletan, bai eta euren anai-arreben gelatan ere, eskola berekoak direnean bereziki. Hezkuntza munduan nahiko aurreratuta dagoela uste du, baina, gaineratu duenez, diskriminazioak ekiditeko programak ez lirateke sobran egongo.

Baloi eta kamioiekin gizonduz

Komunikabide eta jendartean ere transexualitatea gero eta ikusgarriago eta, maila batean, onartuago dagoela uste duen arren, identitatea eta rolak maiz nahasten direlakoan dago. «Mutil bat panpinekin jolasteagatik ez da transexuala izango –dio asaldatuta–, jolasen dibertsitateak hor egon behar du, dena denei eskaini behar zaie».

Erabat ados dago Montse: «Zer axola dio Shailak orain futbolera jolastu nahiko balu? Ba ezer ez. Baloiak eta kamioak ematen gizonduko ditugula uste dugu hasieran», dio bere hasierako zalantzak argitara ekarriz.

Gehiegikeria izan daiteke ume transexualen ezaugarritze bat. Ikusten denak botere handiagoa du eta beraz, sentitzen duten hori puztu egiten dute parekoek bai ala bai ikusteko. Kanpokoek errekonozitzeko egiten dute hori. Halakoxea omen zen Shaila. «Beti diademekin eta, gero eta nabarmenagoak hobe –ekarri du gogora izebak–. Izenak ere beti ziren telebistan ikusten zituen izen ponpoxoak: Estela, Jessica... Baina fase bat da, orain ez du apenas diademarik eta halakorik erabiltzen. Baina bere obsesioa zen orduan. Gogoan dut elur panpina margotu behar eta hura ere ile luzearekin margotu zuenean», ekarri dute gogora barre artean.

Sexologoaren arabera askotan gertatzen da hala, eta ondoren, aldarrikatzen duten generoa onartzean, aldatu egiten dira.

Shailak oraindik ez dio amari ilea mozten uzten, gogoan ditu oraindik larru-arras moztua eman zituen urteak eta orain ia ipurdiraino iristen zaio mototsa. Pozarren dago, baina, bere ile luze eta ederrarekin.

Amatxo baten bizipenak ipuin bihurtuta

Nahiane zazpi urte dituen gasteiztarra da eta Shaila moduan, hanka tartean pitilintxoa zuela jaio zen. Txikitatik ohartu zen ordea, neskatoa zela eta hala adierazi zien gurasoei. Hasieran, Shailak bezala, etxeko goxoan jarduten zuen neskato moduan. Kalera ere hala atera nahi zuen ondoren, baita eskolako lagunengana joan ere.

Poliki-poliki bidea egiten joan da Nahiane, beti bere amaren, Nerea Garciaren, eskutik hartuta. Eskolara joan eta neska zela azaltzeko ipuintxo bat ere idatzi zuen amatxok. Eta hura eskuartean, egin zuten Nahiane gelakide berriaren aurkezpena. Jakin badakite gainera, lerrotxo hauek ume transexual gehiagoren ikasgelatan erabili dituztela.

“Ni Nahiane naiz” da Garciak idatzitako ipuintxoa eta Angel Remirez de Ganuza ilustratzaileak musu-truk ipini dizkio orriak koloreztatzen dituzten irudiak. Emaize zentroaren aburuz, ume eta eskolen esku egon beharko lukeen bitarteko pedagogikoa da ipuintxoa, sexu dibertsitatea ondo baino hobeto lantzen duelako. Horretarako, baina, erakunde publikoen laguntza ezinbestekoa da eta babes hori lortu nahi du orain, Emaizek.

Chrysallis, haur eta familien bilgune

Adin txikiko transexualen gurasoek 2013ko uztailean sortu zuten Chrysallis. Haur transexualek eta euren familiek dituzten oztopoak gainditzen lagundu nahi duen Espainiar Estatuko elkartea da. Ibilbide motza baina oparoa egin du elkarteak eta orain, arabar, bizkaitar eta gipuzkoar familiek estatutuak sinatu dituzte, eta hiru probintzietarako elkartea osatzear dira.

Zortzi bat familia elkartzen dira hilabeteko azken igandean, tartean Shailarena. Bilbon eta Gasteizen egiten dute hitzordua eta orain arte Gay, Lesbiana eta Transexualen Aldarte arreta zentroak bideratuta elkartu dira. Umeak elkar ezagutu eta gurasoek buruhausteak partekatzen dituzte. «Oso lagungarria da. Umeek euren moduko umeak ezagutzen dituzte eta guretzat ere positiboa da», dio Montsek. Orain pauso bat aurrera egin eta Chrysallis sortuko dute gure artean ere.