Iraia OIARZABAL MUJIKA

Zer jana izan dezaten

Musu truk egindako lan eskergaren bitartez, familia askoren sabeletan sortutako zuloa estaltzen laguntzen dute elikagai bankuek. Asteburu honetan urte osorako elikagaiak bermatuko dizkien bilketa handian buru-belarri sartuta dabiltza, nahiz eta argi daukaten eurena laguntza bat besterik ez dela, ez arazoaren erroko konponbidea.

Supermerkatuetako kutxetan zain izango dira gaur Euskal Herri osoko elikagai bankuetako ehunka boluntario, asteko edo hilabeteko erosketak egitera joan direnen orgatxotik laguntza xume bat jaso asmoz. Ez dute kopuru handirik eskatzen, saltokitik ateratzera doan bakoitzak egindako ekarpen txikiarekin milaka lagunen hozkailuak gutxieneko elikagaiak izatea bermatuko dela baitakite. Aurreko urtean egindako bilketan mila tonatik gora jaso zituzten, eta kopuru handia bada ere, jendearen beharrak izakinak agortzen hastera eraman ditu banku hauek.

Dilistak, garbantzuak, babarrunak, makarroiak, arroza, esnea, olioa, gailetak, kakaoa, kontserba poteak... gutako askoren etxean ohikoak diren jakiak beste askoren etxeetatik desagertu egin dira azkenaldi honetan. Krisiak eta honen eraginez muga guztiak gainditu dituen langabezia tasak zulo itzela sortu dute jende askoren poltsikoetan eta, ondoriorik larrienean, baita euren sabeletan ere. Horrekin batera, gainbehera ekonomikoaren aitzakiapean ezarritako murrizketek administraziotik oinarrizko laguntza bat lortzea gero eta zailago bihurtzen du askorentzat.

Egoera horren gordintasunaren jakitun, azken urteotan asko dira elikagai bankuen inguruan lanean ari diren pertsonak. Batez beste, 450 pertsona inguru astero joaten dira biltegietara, bakoitzak ahal duen neurrian familia ezberdinetara bideratuko diren elikagaiak sailkatu, bildu eta fardeletan prestatzera. Azken asteotan eta baita hurrengo egunetan ere bilketa erraldoi batean ari dira lanean. Kanpaina horretarako boluntario kopurua handitu egin dute eta 8.000 bat lagun ariko dira lanean.

Oinarrizko fardela

Ez da halako bilketa handia egiten duten lehendabiziko aldia. Aurreko urtean ariketa bera egin zuten supermerkatu eta saltokietan zehar, ostiral eta larunbatez orduan ere. Aurtengoan, atzo hasi ziren eta gaur jarraituko dute, saltokiek ateak itxi arte. Euskal Herrian eta Estatu espainiarreko gainerako erkidegoetan egingo da bilketa. Ostirala eta larunbata aukeratu dituzte familia askotan ohikoa izaten delako erosketak egun horietan egitea, horrek janari gehiago biltzeko aukera zabaltzen duelarik.

Eskatzen dituzten produktuak ez dira bereziki garestiak; oinarri-oinarrizkoak dira gutxieneko elikadura bermatzeko, gutiziak albo batera utzita. Esne tetrabrik batzuk, lekaleak, arroza, pasta, olioa eta gosaritarako gailetak eta kakaoa erosketa egitera doan edozeinek bere orgatxoan sartzen dituen gutxienekoak dira. Eta hain zuzen ere, produktu horiek dira elikagai bankuek familia bakoitzarentzako banatzen duten oinarrizko fardelak barnebiltzen duena. Aurtengoan, ordea, bada berrikuntza bat bankuen eskarietan. Garrantzi berezia eman diete haragi eta arrain kontserbei; eta arrazoia logikoa bezain samingarria da, gero eta gehiago baitira janaria prestatzeko baliabiderik ere ez dutenak.

Pobrezia energetikoa deritzonaz ari gara, hau da, elektrizitatearen faktura ordaintzerik ez izateaz. Horren ondorioz asko dira negua hotzez edo manta ugarirekin estalita pasatzen dutenak, baita janari beroa dastatzeko gutxieneko energia kontsumoa egiten dutenak. Horregatik, mikrouhin labean minutu gutxi batzuetan berotu daitekeen janaria eskuratzea abantaila handia da askorentzat.

Eskuratzen zailagoak izaten dira haurrentzako produktuak; ahiak, fruta potetxoak, esne hautsak eta fardelak kasu. Garestiagoak izaten direnez, bankuek ez dituzte eskarien barruan sartzen, baina badakite pertsona askok ederki eskertzen dituztela biltegira iristen direnean. Halakoetan, zailagoa izaten da banaketa egitea, produktu horiek kantitate txikiagoan iristen baitira eta eskaria handia izaten baita.

Baldintza horiek guztiak kontuan edukita eta aurtengo bilketak ematen duenaren arabera, hurrengo asteetan sailkatze lan handia izango dute elikagai bankuetan. Aurreko urteko esperientziak oroitzapen ona utzi du kanpainaren arduradunen artean eta aurtengorako aurreikuspenak handitu egin dituzte. Bilketaren estimazioak gora egin duen bezala, eskari kopuruak ere, tamalez, hala egin baitu. Gaur egun, Hego Euskal Herriko elikagai bankuek 100.000 pertsona baino gehiago laguntzen dituzte.

Luis Crovetto Bizkaiko elikagai bankuko komunikazio arduradunaren arabera, elikagaiak eskatzen dituzten pertsonen kopuruaren igoera nabarmena izan da. Mende honen hasieran proiektua martxan hasi zenetik, laguntza eskatzen dutenen kopurua bikoiztu egin dela aipatzen du eta azken urte hauetan %33 inguruko igoera eman dela azpimarratzen du.

Duela urte batzuk, elikagai bankuetan laguntza eskatzen zutenak gizarteko sektore ahulenetako kideak zirela pentsa zitekeen. Gaur egun ez da hain arraroa janaria eskatzeko beharrean ikusten den jendearen berri entzutea, edonork ezagutu dezake trantze horretan dagoen norbait. Egoera kezkagarria da eta horren jakitun da gizartearen gehiengo zabal bat, baina, aldi berean, ez du berebiziko asaldurarik eragiten.

Langabezia egoera uste baina gehiago luzatu eta diru laguntzak lortzeko aukerarik izan ez duten askok murriztu behar izaten dituzte euren gastuak. Kasurik okerrenean, oinarrizko beharrak murriztera iristen dira eta familiak edo gertukoek lagundu ezin dietenean elikagai bankua da euren esperantza nagusia. Argazki iluna da oraintxe deskribatutakoa, baina gordina bezain erreala da erradiografia horretan marraztutako egoera.

Lotsa

Lehen salbuespenezko ekintza bat zena, hots, elikagaiak eskatzea, askorentzat eduki nahi ez luketen ohitura bihurtzera ere iritsi da. Jan ahal izateko aukera bakarra. Baina oinarrizko baliabideen eske joan behar izateak maiz eragiten dituen erreparoak ez dira erabat desagertu.

Bada bere buruaz lotsatzen denik ere, ingurukoek esan dezaketenagatik, beharrak eragindako larritasun egoerengatik eta pertsonen inguruan oraindik ere sortzen diren estigmak medio. «Zer pentsatuko dute nitaz?», horixe da askok bere buruari egiten dioten galdera. Ez dira jabetzen, askotan behintzat, bizi duten egoera ez dela gauzak gaizki egin izanaren ondorio, egoera ekonomikoak, ia kroniko bihurtutako langabeziak eta desberdintasunean oinarritutako gizarte eredu batek elikatutako zurrunbiloan bizitzearen emaitza baizik.

Dena delakoa dela arrazoia, lotsa sentimendu hori modu ezberdinetan azaleratzen da elikagai bankuetako egunerokotasunean. Jose Antonio Aguirrebeña Gipuzkoako elikagai bankuak Bergaran duen biltegiko jardunaz arduratzen da eta oso ongi ezagutzen du egoera. Bilketa erraldoiaren bezperatan eta boluntarioak elikagaiak sailkatzen diharduten bitartean bankuaren nondik norakoak azaldu dizkigu. Esaterako, gizarte zerbitzuetara jo beharrean batzuetan zuzenean elikagai bankura joaten den jendea dagoela aipatzen du. Zenbaitetan, zerbitzu publikoetan laguntza eskatzeak eragiten dien lotsak bultzatuta jarduten dute horrela. Larritasun egoera bat bizi dutela onartzeko erreparoagatik edo unean uneko arazo bat besterik ez den konbentzimenduagatik.

Elikagai bankuen funtzionamendua, ordea, bestelakoa da, eta ez dute eskatzaileekin zuzeneko harremanik mantentzen. Hau da, ezin diote janari eske doan edonori elikagairik eman. Bankuek entitate ezberdinekin egiten dute lan, Caritas eta bestelako elkarteekin. Era berean, udaletako gizarte zerbitzuekin lankidetzan ere aritzen dira. Eurak dira bankura joaten direnak beharrezko elikagai fardelen bila eta euren gain hartzen dute banaketa lana. Izan ere, elikagai bankuetatik iristen zaien janaria banatzeko garaian hainbat irizpide jarraitzen dituzte elkarte eta gizarte zerbitzuek, Aguirrebeñak dioenez, nolabait elikagaiak beharrean dauden pertsonengana iristen direla bermatzeko.

Horiek horrela, elikagaiak eskuratzea eta sailkatzea da bankuen eginkizun nagusia. Astelehenetik ostiralerako goizetan mugimendu handia izaten da biltegietan. Supermerkatuetara soberan eta galtzear dauden produktuak jasotzera doazen furgonetak, biltegian elikagaiak ikuskatu eta sailkatzen dituzten boluntarioak, fardelen bila doazen elkarteen autoak kargatzen dituztenak...

Bergarako biltegian erretiratuak dira boluntario gehienak eta aldarte onean aritzen dira lanean. «Bakoitzak ahal duena ematen du, denboraren eta hemendik kanpo dauzkan eginkizunen arabera», aipatzen du Aguiñeberrak. Atzetik, sartu berri den gizonak hala dio janariz beteriko kutxak ikustean: «Gaur ere ahalegintxo egingo dugu».

Biltegiko apal gehienak hutsik daude jadanik, urte osoan zehar egindako banaketen ondorioz, baina gutxi batzuetan oraindik ere badira kutxak. Gehienbat olioa, esnea, lekaleak, arroza eta pasta gordetzen dituzten apalak daude beteta, aurreko urteko bilketa erraldoian jasotakoak irauten baitu oraindik. Hori da galkorrak ez diren elikagaien abantaila.

Galkorren kasuan kontu handiagoa eduki beharra dago, banaketa presazkoa izaten baita. Barazkiak eta frutak ezinbestekoak dira elikadura osasuntsu batean eta ezinbestekoa da hauek baldintza egokietan banatzea. Hori dela eta, supermerkatuetatik eta kooperatiba handietatik produktu freskoak iristen zaizkienean, egoera onean daudela ziurtatu eta elkarteetan banatzeko prestatzen dituzte. Enpresa eta kooperatiba handiez gain, bankuetan jasotzen diren elikagaien zati bat Europar Batasuneko funts batetik iristen da.

Ohiko bideez gain, biltegiko lau hormen barruan elkartasun keinu ederrak ikusteko aukera ere izaten dute boluntarioek. Aguirrebeñak orain gutxi jazotako pasarte bat kontatzen du; Deba bailarako baserritar bat bankura gerturatu zen baratzean soberan zituen barazkiak eskaintzera. Noizbehinka gerturatzen ei dira norbanakoak bankura etxean dutena bota edo galtzen utzi beharrean probetxua aterako dion norbait egongo dela jabetuta.

 

Aldatzeko asko

Paco Burgos Nafarroako elikagai bankuko ordezkaria ere baikor agertzen da bilketa erraldoiari begira. «Oinarrizko baliabideak falta dituzten 36.000 pertsonengana iristea espero dugu», baieztatzen du. Orain arteko datuek jarrera positibo hori mantentzeko arrazoiak ematen dizkiote. Izan ere, 2013an 350 tona barazki eta fruta banatu zituzten eta aurten, urte amaitzeko hilabete eskas falta denean, 800 eta 1.000 tona inguru daramatzate banatuta jada, bikoitza baino gehiago.

Datu gazi-gozoa, nondik begiratzen den. Alde batetik, elikagai gehiago biltzeko gaitasuna eta konpromisoa egon badagoela erakusten du, baina alde ilunagoa ere ekartzen du argitara, beharrean dauden pertsonak ere gehiago baitira. Hala adierazten du berriki kaleratutako 2013ko Integrazio eta Gizarte Beharren inguruko inkestak. Horren arabera, Nafarroan 95.000 dira pobrezia arriskuan dauden pertsonak. Aitzitik, arriskuaren muga gainditu eta pobrezia egoeran bizi direnak 20.000 dira.

FOESSA Fundazioak aurkeztutako azken txostenak norabide berean doazen datuak azaleratzen ditu. Horren arabera, EAEn milioi bat pertsona inguru (%45,3) baztertuak izateko arriskuan bizi dira. Ikerketa horren beste ondorio nagusietako bat da pobrezia egoeran dauden biztanleen eta aberatsenen arteko desberdintasuna areagotu egin dela.

Elikagai bankuetan argi daukate amildegitik gertuegi daudenentzako «laguntza bat besterik ez» direla. Laguntza oso baliagarria eta askori hilabetea gutxieneko jakiekin igarotzeko aukera ematen diona, baina hori baino ez. Baieztapen gogorra dirudien arren, Aguirrebeñak berak aitortzen duen moduan, elikagai bankuen jardunak ez du erroko arazoa konponduko. Ez ditu batzuk pobre eta besteak aberats egiten dituzten desberdintasunak eta harresiak ezabatuko. Gehienez ere, desberdintasun horien ondorio krudelenak baretuko ditu, askoren zorionerako.