Aimar Etxeberria Korta
EUSKARAREN GAITASUN AGIRIA

Euskararen ezagutza eta gaitasun maila, bere tokian jarri beharreko bi elementu

Eztabaida piztu da EGAren inguruan PSEren eskutik, azterketa gainditzen dutenen portzentajea txikia dela-eta. Euskalgintzako eragileek, berriz, azterketari duen garrantzia eman nahi diote, ez gehiago eta ez gutxiago. Euskaraz jakitea eta EGA azterketa gainditzea bi kontu ezberdin direla nabarmendu nahi dute.

Hitzak berak dioen bezala, euskararen ezaguera eta erabilera neurtu eta segurtatuko duen agiria da Euskararen Gaitasun Agiria, EGA bezala ezagutzen dena. 1982an plazaratu zen lehendabizikoz titulua, Lakuako Gobernuaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eskutik, euskararen gaitasuna neurtzeko sistema baten beharra zegoela-eta. Hala ere, Euskaltzaindia izan zen euskararen gaitasuna neurtzeko azterketak eta agiriak bideratzen lehena.

Azken 30 urte pasatxo hauetan EGA izan da euskararen gaitasuna modu ofizialean neurtzeko tresna ia bakarra; horrek, «desitxuratu eta gaindimentsionatu» egin du agiriaren ustezko balioa, AEKren ustetan. Bada, azterketaren inguruko eztabaida piztu da PSEren eskutik, agiria lortzeko saiakera egiten dutenen artean lautik bat delako titulua eskuratzen duena.

Patxi Lopez lehendakari zenean Hezkuntza sailburu zen Isabel Celaa izan da sua piztu duena. Pasa den uztailaren 21ean egin zituen adierazpenetan, aditu talde independente batek EGA titulua eskuratzeko egiten den azterketaren edukiak eta ikuspegia berrikusteko eskaria egin zuen, «azterketa gainditzen dutenen portzentajea txikia delako». Ildo horretan, zerbaitek «huts» egiten duela gaineratu zuen, eta administrazio publikoak «zirkinik egin» gabe ezin duela geratu aldarrikatu zuen.

«Egoera honek frustrazioa sortzen du EGA titulua eskuratzeko ahalegina egiten duten milaka pertsonen artean. Enplegu bat aurkitzeko egiten dute EGA ateratzeko ahalegina, eta denbora eta diru asko eskaintzen diote erronkari», azpimarratu zuen Celaak. Zentzu horretan, azterketa gainditzen ez dutenen zergatian sakondu beharra dagoela ere adierazi zuen, azterketa egiten dutenen, hauen prestakuntzaren edota azterketaren beraren egokitasunaren errua ote den jakiteko.

Datuak eta alderaketak

Pertsona batek euskaraz, ahoz zein idatziz, gaitasun maila konkretu bat duela erakusten duen ziurtagiria da EGA. Titulua eskuratzeko hiru proba edo azterketa gainditu behar dira: atariko proba, azterketa idatzia eta ahozko azterketa. Lakuako Gobernuak banatzen du titulua Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroakoak Foru Erkidegoan eta Euskararen Erakunde Publikoak Ipar Euskal Herrian.

Atariko proba 85 itemez osatutako azterketa bat da, eta, printzipioz, 60 erantzun zuzen behar dira berau gainditzeko. Hala ere, atariko proba aurkezten direnen %50ak gainditu behar duela-eta, 60 erantzun positiboko langa hori jaitsi egin ohi dute. Proba idatzia, berriz, bi ataletan banatuta dago: ulermena eta idazmena. Bi atalen artean 50 puntu osatzen dira eta gainditzeko 27 dira lortu beharrekoak. Azken probak ahozkotasuna neurtzen du eta bi atal ditu honek ere: entzutezko ulermena eta mintzamena. 50 puntu daude jokoan azken proba honetan ere, baina 25 dira gainditzeko lortu beharrekoak kasu honetan.

Lakuako Gobernuaren Hezkuntza, Hizkuntza eta Kultura Sailak emandako datuen arabera, 2009-2014 urte artean EGA azterketara aurkeztutakoen %23,42k eskuratu zuten agiria. Batez beste, 13.676 pertsona aurkeztu dira azterketara aipatu urteen artean, eta iragan 2014a izan zen emaitza hoberenak eman zituena: 11.298 pertsona aurkeztu ziren eta horietatik 2.993k eskuratu zuten titulua, hau da, aurkeztutakoen %26,49k eskuratu zuten EGA. Antzekoak dira Nafarroako Gobernuak emandako datuak ere. 2013 eta 2014ko emaitzei dagokienez, %22,35ek eskuratu zuen EGA titulua Foru Erkidegoan. Autonomia Erkidegoarekin alderatuta pertsona gutxiago aurkezten da azterketara –1.429 pertsona batez beste aipatu urteetan–, eta azterketa gainditzen dutenen kopurua ere zertxobait txikiagoa da. Ipar Euskal Herriko datuak eskuratzen ahalegindu bagara ere, ezin izan dugu Euskararen Erakunde Publikoarekin harremanetan jarri.

Bada, komenigarria da EGA Europa mailan erabiltzen diren erreferentzia markoen baitan kokatzea. Honen arabera, C1 maila izango luke, ingeleseko Advanced edo frantsesezko DALF bezala. Alde horretatik, eta Lakuako Gobernuak emandako datuen arabera, Hizkuntza Eskola Ofizialean 2013-2014 ikasturtean egin ziren azterketekin alderatuz, EGA Europako Erreferentzia Markoaren baitako beste hizkuntzen gainditze maila berean dagoela ondoriozta daiteke. Aipatu ikasturtean %24,29 izan ziren ingelesezko C1 mailako azterketa gainditu zutenak, %25,37 izan ziren frantsesezkoa gainditu zutenak, %24,14 alemanezkoa gainditu zutenak eta %25,89 euskarazko azterketa gainditu zutenak, hau da, EGAren baliokidea den titulua eskuratu zutenak.

Honek adierazten du Europako Erreferentzia Markoaren batez bestekoan kokatzen dela euskarazko C1 maila, baina, galdera da: normala da euskararen lurraldean euskarazko azterketa gainditzen dutenen maila ingelesezkoa, frantsesezkoa edo alemanezkoa gainditzen dutenen maila berean egotea? Baina kontuz, horrek ez du esan nahi azterketaren maila jaitsi behar denik jende gehiagok gainditu dezan.

Hiztunak behar dira

Euskararen inguruan lanean dabiltzan eragileak bat datoz EGAren inguruan duten iritzian. EGAri duen garrantzia ematean zentratzen dira, ez gehiago eta ez gutxiago: Europako Erreferentzia Markoaren arabera euskarazko C1 maila aitortzen duen titulua da. Hala, errenkan iritsi ziren Celaaren proposamenari emaniko erantzunak. Lakuako Gobernuaren Hizkuntza Politikarako sailburuorde den Patxi Baztarrika izan zen lehenengoetariko bat. “Deia” egunkariari eskainitako elkarrizketan, EGA azterketaren emaitzak eta euskararen ezagutza maila bi kontu ezberdin direla adierazi zuen: «EGAk oso altua den maila linguistiko bat ziurtatzen du, hainbat funtzio akademikotarako beharrezkoa dena, unibertsitatean euskarazko ikasgaiak ematea, adibidez. Agerikoa da gizartearen gehiengoak ezin duela maila horretako ezagutza bat izateko asmoa izan».

Hein horretan, gizarte guztiak hizkuntza maila bera ezin duela izan adierazi zuen eta, «benetako helburua» euskara erabiltzea dela gaineratuz, guztiek EGAren beharrik ez dutela azpimarratu zuen. «Ondorioz, EGA azterketaren gainditze mailetan aurrera ez egiteak ez du esan nahi euskararen ezagutzan eta erabileran aurrera egiten ez denik», adierazi zuen. Hala ere, azterketa gainditzen dutenen kopurua hobetu beharreko kontu bat dela aitortu zuen, baina «dramatismorik gabe eta objektibotasuna galdu gabe».

Antzerako hitzak erabili zituen Euskaltzaindiko lehendakari den Andres Urrutiak ere. Azterketaren egokitasuna defendatu zuen Gasteizko Udalarekin euskararen erabilera sustatzeko erdietsi zuten akordioaren berri emateko egindako prentsa agerraldian, bestelakoan bere izatearen zergatia galduko lukeelakoan, hau da, trebetasun linguistiko batzuk aitortzea: «EGA azterketa gidabaimena ateratzeko egiten den azterketa bezala planteatzen bada, bere izatearen zergatia galduko luke». Haren esanetan, EGAren garrantzia hizkuntza trebetasun batzuk aitortzean datza eta, gainera, uste du barneratutako kontu bat dela hori, «azterketa prestatzearekin nahikoa ez delako».

AEKren esanetan, berriz, Lakuako Gobernuaren Hezkuntza Sailak aurkeztutako datuak esanguratsuak dira eztabaida kokatzen laguntzeko. Hala, gogoratzen du Europan erabiltzen den Hizkuntzen Erreferentzia Markoaren arabera, inguruko hizkuntzetan dagoen maila bereko azterketen gainditze tasak dituela EGAk. «Hortaz, non dago gakoa? Gure ustez, EGA edo C1 maila bere neurrira ekarri behar da», adierazi dute AEK-koek. Herritar bakoitzak hizkuntza erabiltzeko dituen behar eta gaitasunak, testuinguru eta zereginen arabera, ezberdinak direla aitortzen dute: «Adibidez, elektrikari ona izan eta euskaraz ederki aritzeko ez da zertan izan, derrigor, EGAren jabe ».

Hein horretan, euskarak, aurrera egin dezan, hiztunak behar dituela aldarrikatu du AEK-k. Gaineratu duenez, euskara maila onargarri batean jakin eta erabiltzen duten herritarrak dira hezkuntza sistemak eta euskaltegiek sortu behar dutena: «Esan bezala, gakoa ez da agiri baten edo beste baten jabe izatea, pertsonari bere egunerokoan euskaraz bizitzea ahalbidetuko dioten hizkuntza gaitasunen jabe izatea baino. Herritar bakoitzak, beraz, bere mailan euskahaldundu behar du».