Mikel Zubimendi
KOMERIA DIPLOMATIKOAK

Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusia espektakulu entretenigarri bihurtuta

NBEren Batzar Nagusiak, ustez, munduko parlamentua izan nahi du. Baina, sarri, koherentzia duen organo global bat baino, espektakulu entretenigarri eta esaldi eta keinu polemikoen antzeztoki bihurtzen da, erakundearen sinesgarritasuna bera kolokan jartzeraino. Historiak utzitako adibide sortak argiro adierazten du hori.

Nazio Batuen Erakundearen urteroko Batzar Nagusia diplomaziaren espektakulu gorena izan ohi da, futbol amerikarrean Super Bowl finala edo zineman Oscar sariak diren bezala. Ongi etorri, horrenbestez, Nazio Batuen mundu surrealistara. Hemen, ebazpenak ondorioak lortzeko baino inpresionatzeko proposatzen dira eta diplomatikoek beren amorrualdi eta jukutriak aldez aurretik planifikatzen dituzte. Komediaren antzerkiaren egoitza dugu, beraz, 70 urte betetzera iritsi, aitontzen hasi eta sinesgarritasuna oso kolokan duen erakunde global hau.

Erraldoiak edo txiki-txikiak izan, teoriak, estatu guztiek dute ahotsa eta botoa NBEren Batzar Nagusian. Ustez demokratikoa den sistemak, baina, kaosa dakar altzoan. Urteak joan eta urteak etorri, irailero-irailero, munduko agintariek eragindako aztoramena gailentzen da New Yorken, denek nahi dute-eta atentzioa bereganatu. Hala, sarritan, Batzar Nagusia espektakulu entretenigarri bihurtzea baino ez dute lortzen. Txalo zaparradak, txapa ahaztezinak, egundaino gogoratzen diren esaldi eta keinu indartsuak, boikotak, fartsak... jendearen memorian iltzaturiko anekdota eta pasadizoak ugari dira. Eta, egiari zor, horietako askoren errepasoa egiterakoan NBEren izen onari mesede egiten ez diotela bistakoa da. Guztiz kontrakoa lortzen dute, NBE serioski hartzea galarazten baitute.

Bere sorreran, NBEren Batzar Nagusia gizateriaren parlamentu izateko asmoz jaio zen, herri guztiek duten eskubideari jarraiki hitz egiteko eta entzunda izateko plataforma global gisa. Lekutan geratu da, baina, hasierako asmoa. Eta berdina esan liteke osaketa justifikaezin eta anakronikoa duen NBEren Segurtasun Kontseiluaz ere. Bost potentzia, denak arma nuklearren jabe, denak munduko botere ekonomikoaren arpilatzaile, eta, betoa gora betoa behera, espektakulu kontaezinak ematen.

Jarraian, 70 urteotan NBEn izandako momentu gogoangarri batzuk bilduko ditugu. Asko une historiko oso zehatzetan nagusi ziren tentsioen erakusgarri, beste batzuk absurdoaren antzerkiaren adierazpen eta den-denak gure mundu petral honen demontreen erakusle.

Olibondo adarra ala pistola

Jaka beix, praka marroi eta hain bereizgarri zituen kufiyya zapi palestinar zuri-beltza buruan eta pistola-zorroa (hutsik omen zegoen) gerrian zeramatzala aurkeztu zen Yasser Arafat OLPko burua 1974ko azaroaren 13an NBEren Batzar Nagusian. Egundainoko oihartzuna duen 80 minutuko diskurtso gogoangarria egin zuen. «Esku batean olibondo adarra eta bestean askatasunaren aldeko borrokalarien pistola hartuta nator. Ez ezazue utzi eskuan dudan olibondo adarra lurrera erortzen utzi», bota zion ziplo nazioarteko komunitateari.

Mundu mailan inpaktu itzela izan eta Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek ezagutu duten porrot diplomatiko handienetakoa izan zen. Askorentzat NBEn inoiz egindako borroka armatuaren apologia handiena izan zen. Arafaten diskurtsoa hitzez hitz irakurriz gero, ez da gutxiagorako hori pentsatzea. Izan ere, iraultzaile eta terrorista baten arteko ezberdintasuna oso modu pedagogikoan azaldu zuen buruzagi palestinarrak, honelaxe: «Ezberdintasuna bakoitzak borrokatzen duen arrazoian datza. Inbasore eta kolonialisten atzaparretatik askatzeko kausa justu baten alde borrokatzen den inor ezin daiteke terroristatzat hartu. Beste herri batzuk okupatu, kolonizatu eta zanpatzeko gerra darabilten horiek dira terroristak. Herri palestinarra borroka armatuaren bidea hartzera behartuta dago behin bere eskubideak kontuan hartzen ez dituen nazioarteko komunitatean fede guztia galdu ostean, bere lurraren hazbete bakar bat ez duela bide politikoak erabiliz berreskuratuko argi ikusita...».

Deabrua, antraxa eta zapata

Denboran gertuagokoak dira (2006ko irailaren 20koak) Hugo Chavezek atriletik AEBetako presidente George W. Bushi esandakoak. Batzar Nagusiaren txalo zaparrada jaso eta AEBetako ordezkariak sutu zituen analogia bat eginez. «Hemen dago deabrua. Atzo hona etorri zen deabrua. Leku honetan sufre usaina dago oraindik», esaldi gogoangarria utzi zuen. AEBen asmo hegemonikoek gizateriaren biziraupena arriskuan jartzen dutela eta mehatxu inperialista horiei aurre egin behar zaiela sutsuki defendatu zuen. Haren lagun eta jarraitzaile Ekuadorko presidente Rafael Correa harago joan zen, Bushi deabru deitzea deabruari irain egitea zela esanez, deabrua maltzurra izan arren gutxienez azkarra delako.

Colin Powell lau izardun jeneral ospetsua zen, AEBetako armadan gorenera iritsitako afroamerikar prestigiotsua. Berea da, baina, NBEren historian egon den gezur lotsagabe eta hilgarriena, berari egokitu baitzitzaion 2003ko otsailaren 5ean Segurtasun Kontseiluan Iraken aurkako gerra justifikatzeko “frogak” aurkeztu beharra. Eta han azaldu zen Powell, antraxa omen zuen beirazko ontzitxo bat eskuetan, satelite bidezko argazkiak erakusten, grabazioak eta salatarien hitzak aireratuz, Irakek suntsipen masiboko armak zituela erakusten zuten “froga zalantzaezinak” munduari azalduz.

Egun, Irakek gerran murgilduta jarraitzen du eta mundu osoak daki han ez zegoela suntsipen masiboko arma nuklear, biologiko edo kimikorik. Dena izan zen aurrefabrikatutako gezurra, milioika pertsonaren heriotza eragin duena. Powellentzat, ordea, telebistan egin zioten elkarrizketa batean adierazi zuenez, bere ibilbidean «orban bat» baino ez zen izan.

1960ko NBEko Batzar Nagusian ateratako argazki ezagunean elkar besarkatzen ageri dira Nikita Khrustxev garaiko Sobietar Batasuneko lehen ministroa eta Fidel Castro Kubako presidentea. Bada, biek “txupinazo” gogoangarriak utzi zituzten bilera hartan. Fidelek munduko beste errekor bat hautsi zuen (eta makina bat baditu, bai, besteak beste, CIA bera hiltzen 638 aldiz saiatu izana), hain zuzen NBEren Batzar Nagusian inoiz egindako diskurtso luzeena eman zuen: 4 ordu eta 29 minutu. Kuriosoa –eta irrigarria– da, gainera, nola hasi zuen saio hura: «Luze hitz egiten dugun sona daukagu, bada, ez kezkatu, laburrak izango gara».

Egun, bisitariak jasotzen dituzten NBEko gidek diotenez, gehien egiten duten galdera da ea zehazki non jo zuen atrila Khrustxevek bere zapatarekin. Filipinetako ordezkariak Sobietar Batasunak Europa ekialdeko herrialdeak «irentsi» eta beren eskubideak ukatzen zituela esaten ari zenean, bere onetik aterata, «ergela!» oihukatuz, atrila bi ukabilez gogor jo eta eskuin hankako zapata atera zuen. Irudi indartsua izan zen, munduko potentzia bateko ordezkaria halako trantzean ikustea. Gerora, Khrustxev berak esandakoaren arabera, «oso dibertigarria izan zen une hura. NBE Batzar Nagusia nolabaiteko parlamentua da, eta, gutxiengoan dagoenak, modu batera edo bestera, entzuna izatea nahi du. Gu gutxiengoan ginen orduan, baina egoera hark ez zuen luzaro iraun».

Gutuna eta marra gorria

Muammar Gaddafi koronela, bere haima Donald Trump magnateak utzitako lursail batean kokatu eta gero, «iraultzaren lider, Afrikako Batasunaren presidente eta afrikar erregeen errege» gisa aurkeztu zuten 2009ko irailaren 22ko Batzar Nagusiko bileran. Janzkera libiar tradizionalarekin jantzita, paparrean Afrikako pin handi bat zeramala, latzak bota zituen. Bereziki gogorrak izan ziren Segurtasun Kontseiluaren kontra bota zituenak: «Feudalismo politikoaren adibide da, ez litzateke Segurtasun Kontseilu deitu beharko, ‘Terrorearen Kontseilu’ baizik». 15 minutu zituen hitz egiteko eta 90 minutuko diskurtsoa egin zuen. Diskurtsoaren une gorena, NBEri egiten zizkion kritika zorrotzen erakusgarri, Nazio Batuen Gutunaren ale bat hartu eta gezurtzat jotzen zituen kapituluak erauzi eta puskatu zituenekoa izan zen. Betiko irudia utzi zuen, bere heriotza basatia eta gero, oraindik ere oso indar handia duena.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa ez da bereziki nabarmentzen bere erretolika orekatuagatik. NBEren Batzar Nagusiaren aurrean azaldu zen 2012ko irailaren 27an bonba nuklear baten diagramarekin, eta atrilean bertan errotuladore gorria atera eta Iranek bonba nuklearra egiteko prozesuaren %90 prest zuela adierazi zuen, munduarentzat berehalako mehatxu apokaliptikoa zela aldarrikatuz. Ez dirudi munduko agintariek serio hartu zituztenik bere marrazki eta hitzak. Izan ere, hamazortzi urte lehenago, 1996an, adierazia baitzuen jada Iran «hilabete gutxi barru» arma nuklearra lortzear izango zela. Are gehiago, Wikileaksek gerora jakinarazi zuenez, Batzar Nagusian Netanhayu diskurtso hori ematen ari zen garaian, Mossad Israelgo inteligentzia zerbitzuko buru Meir Daganek gobernuari txosten bat igorri zion Iranek arma nuklearrak lortzea ez zela berehalako gertakizuna izango baieztatuz.

Diplomaziaren komedian nagusi diren gezurren lagin bat gehiago izan zen Netanhayuren jarrera. Datu faltsuak aireratzearen, kronograma imajinarioak asmatzearen, bere inteligentzia zerbitzuak gezurtatutako aldarrikapen publikoak egitearen ondorioz, baina, Netanhayu beraren sinesgarritasuna oso kolokan geratu zen nazioartean. Oro har, NBEren sinesgarritasuna bera bezalaxe.