Amagoia Mujika Telleria
ANDRE KALEA

Hernanin emakume errealek badute kale bat, beti haiena izan dena

Artxibo ofizialetan lerro gutxi batzuek eta herritarren memorian kontu gehixeagok kontatzen dute Hernaniko Andre kalean etxetik aulkia jaitsita emakumeak elkarri kontuak esaten aritzen zirela lanean, haurrak zaintzen, karta jokoan... Horregatik esan izan zaio kale horri Andre kalea. Otsailaz geroztik, gainera, izen ofiziala da.

Pasa den otsailaz geroztik, Hernaniko Kaxkoan dagoen kale bizienetakoak “Andre kalea” izena du ofizialki. Alegia, kaleko plakan halaxe ageri da, baita bestelako paper eta izapide ofizialetan ere. Pasa den otsailaz geroztik, Andre kalea Andre kalea da goitik behera eta ezker-eskuin. Izan ere, aurretik plakan eta paperetan Kardaberaz kalea izan arren –eta, lehenago, Urumea kalea–, hernaniar askoren ahotan beti izan da Andre kalea. Beraz, izana zuenak izena berreskuratu du orain.

Izena berreskuratzeko eskaria ez da atzo goizekoa eta bultzatzaileek ate asko jo behar izan dituzte urte askoan. Horiekin eseri da mahaian GAUR8, artxiboetan jaso gabe geratu den eta belaunaldiz belaunaldi biziraun duen historia ezagutu nahian. Nekane Idarreta Mendiola, Ixiar Pagoaga Soraluze, Irantzu Jauregi Artola eta Maialen Apezetxea Lujanbio Kalandria taldeko kideak dira. Batzuk Kaxko elkartetik eta besteak Berdintasun Kontseilutik iritsi dira Kalandriara. Eta guztiak batzen dituena Andre kalearen izena berreskuratzeko ahalegina izan da.

Nekane Idarreta Mendiola Andre kalean jaioa da eta bertan bizi da. Betidanik izan du kalearen historiaren eta istorioen inguruko jakin-mina. «Hemengo jende edadetuak beti esan izan dio Andre kalea. Gure etxean aitak beti horrela izendatzen zuen, nahiz eta izen ofiziala Urumea lehenbizi eta Kardaberaz izan gero. Eta jakin-mina piztu zidan, ohitura hori nondik ote zetorren jakin nahia».

Eta jakin nahi horri lotuta hasi zen Kaxko elkartearen jirako hernaniar talde bat udal artxiboan pista bila. Nahi baino gutxiago topatu dute artxiboetan. Jakin dute, hala ere, 1896. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak udalei gomendioa egin ziela ordura arte erdara hutsean idatzita zeuden kale izenen errotuluak euskaraz ere jartzeko. Hartara, Hernaniko Udalak kale horri bi izen jarri zizkion: “Andre kalia” euskaraz eta “Calle Urumea” gazteleraz. Horrek frogatzen du 1896. urtetik Andre kalia izen ofiziala izan zela, baina artxiboan ezin topatu noiz arte izan zen eta zergatik galdu zen. Badirudi 1902. urtean Urumea izena jartzea adostu zela eta, azkenik, 1927. urtean Padre Cardaveraz izena. 1988. urtean izena euskaratu eta Kardaberaz kalea jarri zitzaion. Baina inon ez da zehazten Andre kalia izena kendu ote zen.

Andreen kalea

Artxiboak eta paper ofizialak aparte, garbi dagoena da Andre kalea esaten zitzaiola. Baina, zergatik? 2008. urtean udal artxiboko teknikariak gaiaren inguruan idatzitakoaren arabera, «udal artxiboan dagoen dokumentazioa ikertuta, ondoriozta dezakegu Andre kalea herritarren artean zabaldutako izena zela kalearen berezitasun soziokulturalak direla-eta. Badirudi, ahozko transmisioak hala jaso duelako, herriko emakumeek kale horretan egiten zutela beren bizitza soziala».

Kalearen berezitasun horien inguruko informazioa ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi iritsi da egunotaraino eta apenas dagoen paper ofizialetan jasoa. Ondorioz, eta ahozko kontaketak berezkoa duen bizitasuna medio, teoria desberdinak osatu dira.

Teoria baten arabera, Kale Nagusian zeuden denda dotoreak, eta, apain jantzitako jendea, dirua zuena, bertan ibiltzen zen. Andre kalean, aldiz, emakumeek lana egiten zuten. Hernaniko egituran nagusi dira bi atariko etxeak eta, teoria horren arabera, herrian gune publikoa eta pribatua zeuden berezita. «Kontatzen da garai batean emakumeek ohitura handia zutela aulkiak etxetik jaitsi eta kalean eserita lanak eginez hizketan aritzeko. Emakumeak Andre kalean kartetan aritzen zirela ere kontatzen da. Horregatik, Kaxkoko jaiaren egunean –uztailaren 16an– ohitura hori berreskuratu da eta karta jokoa izaten da kalean», kontatu du Idarretak.

Beste teoria batek dioenez, Andre kalean arropa garbitzaile asko bizi ziren. Aberats jende asko etortzen omen zen arropa garbitzaileei beren jantziak uztera, Leokako garbitegian harrikoa egin zezaten. «Donostiako aberatsek Hernanin bigarren etxeak zituzten, asteburuak pasatzeko eta atsedena hartzeko. Eta haiek ere jantziak ekartzen zizkieten Andre kaleko emakumeei garbi zitzaten. Badirudi horrela izaten zela», gaineratu du Ixiar Pagoaga Soraluzek.

Azken teoria baten arabera, baliteke generoaren araberako kaleen banaketa bat egotea; hau da, Kale Nagusia, gizonezkoena, Andre kalea, emakumezkoena eta, Atzietas, animaliena.

Emakume errealen izenak

Arrazoia bat edo bestea izan, argi dagoena da Andre kaleari hala esan izan zaiola kale horretan emakumeen presentzia nabaria zelako, eta hala ekarri du egunotaraino herriaren memoriak. «Euskarri historikoa daukagu sikiera hilabete batzuetan kale batek emakume errealen izena izan zuela frogatzeko, eta horri heldu egin behar geniola erabaki genuen. Gainera, erdiguneko kale bat da eta hori ere garrantzitsua da, emakumearen rola beti izan delako bazterrekoa. Buru-belarri defendatu izan dugu kalearen izena berreskuratu beharra zegoela», nabarmendu du Pagoagak.

Hasiera batean Kaxko elkartetik jo zuten Hernaniko Udaleko atea, 2007-2011ko legegintzaldian, Andre kalea izena berreskuratzeko eskatuz. «Kardaberazen urteurren bat zetorrela-eta, gaia geldirik uztea erabaki zuen Udalak. Gerora, Berdintasun Kontseilura helarazi genuen», gogoratu du Idarretak.

Garai hartan Berdintasun Kontseiluan zegoen Irantzu Jauregik nabarmendu duenez, segituan ikusi zuten bide hori ibiltzeko beharra. «Herriko kaleak hartu eta emakume izen errealik ez dagoela konturatu ginen. Daudenak, elizari lotutakoak dira, eta, beraz, ez dira emakume errealak. Kaleen izenek garrantzia daukate, balio sinbolikoa daukate, jendarte batek garrantzia zeri ematen dion adierazten dutelako, zer ematen duen ontzat edo eredutzat. Hernanin zorte handia daukagu erdiguneko kale garrantzitsu bat dugulako herritarren artean Andre kalea deitua izan dena. Hori, gutxienez, badaukagu eta hortik abiatu ginen».

Hernanin 80 kale eta plaza izen daude, eta, horietatik, orain artean, seik soilik zeukaten izen femeninoa, guztiak elizarekin lotuak: Agustindarren plaza, Arantzazu plaza, Ave Maria parkea, Madalena kalea, Santa Barbara bailara eta Zikuñagako ama bailara. Eta, azkena, Andre kalea.

Berdintasun Kontseilutik eta Kalandriatik lan handia egin dute kalearen izena berreskuratzeko borrokan. «Aurreikusten genuen gai korapilatsua izan zitekeela, eztabaida piztuko zuena. Kale izendegien inguruko jardunaldiak egin genituen eta alderdi politiko guztiekin bildu ginen, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Atzetik lan handia egin dugu oso garrantzitsua iruditzen baitzitzaigun adostasuna lortzea», segitu du Maialen Apezetxeak. Azkenean, 2014ko uztailean aho batez erabaki zuen udalbatzak Andre kalea izena berreskuratzea.

Aurtengo otsailean inauguratu zuten Andre kalea, plaka berri eta guzti. «Herrian harrera bikaina izan da, espero genuena baino hobea», esan du Apezetxeak.

Kalea bere egiten zutenak

Andre kalearen historiak eta bertako istorioek berezitasun asko dituzte. Batetik, kontatzen denez, emakumeek kalean lan egiten zuten, kartetan jolastu, hizketan egin, haurrak zaindu, batzuek erre ere egiten omen zuten. «Kontatzen dutenez, erabat kalean bizi ziren. Josten, arropak garbitzen, haurrak zaintzen... bizimodu baten erakusle da. Horrez gain, emakumeek aisialdiaz gozatzen zuten, kartetan eginez-eta. Eta ikuspuntu horretatik ere oso interesgarria da», esan du Idarretak.

Emakumeak beti existitu dira, ez ordea historia liburuetan. Eta artxiboetan arakatzen hasi direnean, zulo handiarekin topo egin dute Kalandriakoek. «Absentzia esajeratua da. Agertzen diren emakume apurrak gizonezkoen zerbitzura zeudenak dira. Edo bestela zergak ordaindu behar zituzten emakumeen izenak agertzen dira, askotan abizenik gabe. Gero, errepresioarekin, izen-abizenez agertzen hasi ziren. Zigortzeko bai, horretarako izen-abizenak zituzten emakumeek», kontatu du Pagoagak. Artxiboetan topatutako apurrarekin eta ahozko testigantzetan jasotakoarekin egin du aurrera proiektuak eta, bai, dagoeneko Andre kalea izen ofiziala da. Baina ez da horretan geratu.

Tabakaleraren proiektua

Kalandria taldeak Andre kalearen izena berreskuratzeko proiektua abiatutako garai paretsuan jarri zuen martxan Tabakalerak Komanditario Berriak ekimena. Jendartetatik sortutako artea bultzatzeko plataforma bat da eta, bere bitartez, edozein giza talderi bere desioei erantzungo dien artelan bat gauzatzeko modua eskaintzen dio. Eta, halaxe, parean suertatu ziren Kalandria eta Tabakalera, eta beren bideak korapilatu egin ziren.

Komanditario Berriak ekimenerako Kalandriaren proiektua hautatu zuten. Ondoren, Haizea Barcenilla arte irakasle eta komisarioak bitartekari lanak egin zituen Hernaniko taldearekin, proiektua bera eta harekin lortu nahi zutena definitzeko. Eta Barcenillak Señora Polaroiska taldeko kideei pasatu zien proiektu hori artelan bihurtzeko enkargua. Azken urte eta erdian Kalandria eta Señora Polaroiska elkarlanean aritu dira eta emaitza denbora gutxian izango da ikusgai. Alde batetik, ikus-entzunezko bat prestatuko dute, «emakume hernaniarren kemena, indarra, balentria, dibertsioa eta gozamena» aldarrikatuko dituena. Gauzak ondo bidean, abenduan izango da lehen emanaldia Tabakaleran. Eta, bestetik, kalean bertan arrasto iraunkor bat utzi nahi du proiektuak, segur aski iturri forman etorriko dena. 2015 amaieran edo 2016 hasieran ikusiko da.

ANDRE KALEA, BIDE LUZEAGO BATEN HASIERA

«Zer pasatzen da herrietan emakumea espazio publikotik eta historia ofizialetik ezabatzen denean?». Gogoeta hori abiatu nahi izan dute Kalandria taldetik, ez bakarrik Hernanirako, baita beste herrietarako ere. Galdera horri tiraka osatu dute Señora Polaroiska taldeko artistekin elkarlanean ikus-entzunezko bat, laster argia ikusiko duena. Lan hori egiteko urria amaieran deialdia egin zieten hernaniarrei: 200 emakume behar zituzten ordu batzuetan kalea bere egin zezaten. Erantzuna bikaina izan zen eta oso giro berezia sortu zen. Kalandriatik garbi dute ibili beharreko bidea: «Andre kalea izan da abiapuntua, baina lan handia dago egiteko».

Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe. Señora Polaroiska taldeko sortzaileak

«Iruditu zaigu herrian sortu den giroak proiektua bera gainditu duela. Emakumeek sekulako ilusioz eta hunkituta parte hartu dute»

Alaitz Arenzanak eta Maria Ibarretxek urte eta erdi inguru daramate beren Bilboko estudiotik Hernanirekin estu lotuta. Tabakalareran Komanditario Berriak proiektuaren bitartez beren eskuetara iritsi zen Kalandria taldearen erronka eta kaleko eskaera hori artelan bihurtu dute bi sortzaileek. Hori zen helmuga eta horretan ari dira, josi duten proiektuari azken orraztua ematen. Bi norabideko proiektua da; batetik ikus-entzunezko pieza bat sortu dute, eta, bestetik, Andre kalean jartzekoak diren iturria landu dute.

«Haizea Barcenillaren bidez iritsi zitzaigun Andre kalearen proiektua eta Kalandriaren asmoa. Hasieratik esan ziguten Andre kalearen ingurutik abiatuta hausnarketa zabalagoa egin nahi zutela; emakumearen presentzia espazio publikoan, herri eta hirien antolaketa genero ikuspuntutik, historiaren kontaketa ofizialean emakumeen hutsunea... Kezka eta erronka horiek guztiak jasota osatu genuen gure proiektua, gure proposamena», hasi dira kontatzen.

Señora Polaroiskak saio dezente egin ditu Hernanin adin desberdineko emakumeak bilduz Andre kalearen ingurukoak jasotze aldera. Horietatik eta han eta hemen bildutakoetatik abiatuta osatu duen proiektuak parte desberdinak dauzka. «Batetik, ez dago Andre kalearen inguruko historia ofizial bat, ezta historia bakarra ere. Hipotesi asko daude, pasadizoak, gertaerak, txutxumutxuak... baina ez dago formalki jasota dagoen historia ofizialik. Ez dagoenez, asmatzea erabaki genuen eta hernaniarrekin bildutako informazio horretatik abiatuta kondaira mitologiko bat osatu dugu. Baina pertsonaiek errealitatetik asko izango dute eta indartu beharrekoak iruditzen zaizkigun baloreak izango dituzte. Erreferente bat asmatu dugu», hasi dira kontatzen. Andre kalea zer zen, nolakoa zen, emakumeek bertan zer egiten zuten... herriaren memoriatik lehen eskuko informazioa jaso zuten lehenbizi, nagusiki emakume edadetuen ahotik. Gerora, belaunaldi gazteagoekin elkartu ziren kalearen lehenaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egiteko.

Hiru pertsonaia, hiru balio sorta

«Jasotako informazio horrekin guztiarekin hiru pertsonaia asmatu ditugu, balio jakinak biltzen dituztenak baina itxura zehatzik ez dutenak. Hiru pertsonaia horiek dira kondairaren protagonistak eta indartu nahi ditugun balioak biltzen dituztenak». GAUR8rekin egon zirenean artean pertsonaia horien izenak erabat zehaztu gabe zituzten, baina balioak garbi zituzten.

Balio horietako batzuk espazio publikoa okupatzeko eskubidea, aisiaz gozatzeko eskubidea, ez produzitzeko eskubidea, elkartzeko eskubidea... dira. «Jasotako testigantzen arabera Andre kalean emakumeek kalea bere egiten zuten eta ondo pasatzen zuten elkarrekin. Izugarri balio garrantzitsua iruditzen zaigu. Ez produzitzeko eskubidea oso garrantzitsua da. Zergatik egon behar dugu beti ‘baliagarriak’ diren gauzak egiten? Zure lagunekin elkartu eta kartetan jolastea ez al da baliagarria?», galdetu du Ibarretxek.

Bigarren balio sortak barrena hustearekin dauka lotura, gustatzen ez zaizkigun gauzekin amaitzeko eskubidearekin, protestarekin... «Kutsakorra zen zerbait egin nahi genuen. Dena Hernaniko emakumeekin osatu dugu, adin desberdinekoak gainera. Gaizki sentiarazten dituzten gauzen inguruan jardun gara, nola askatuko liratekeen galdetu diegu eta hortik ateratako ideietatik osatu dugu bigarren parte hori. Katarsi pertsonalak irudikatu nahi izan ditugu. ‘Nola askatuko zenuke ondoez hori? Buila eginez? Zerbait bortizki puskatuz? Nola?’. Galdera horietatik abiatu gara», kontatu dute.

Hirugarren balioa migratzailearena da. «Gaur egun oso garrantzitsua iruditzen zaigu migratzaile izatearen ideia. Ez da zertan identitate bakarrekoa izan behar, bai tokiari dagokionez eta baita pentsaerari lotuta ere. Pertsonak migratzen joaten gara, aldatzen, moldatzen... Horrez gain, hor dago toki bati baino gehiagori lotuta egotearen sentipena edo batzuetan inongoa ez zaren sentipena. Hernanin migrazio mugimenduak oso garrantzitsuak izan dira eta horiek ere jaso nahi izan ditugu». Uzbekistan, Andoain, Kolonbia, Bolivia, Mongolia, Senegal, Maroko, Sahara, Ekuador, Extremadura... Toki askotako emakumeek bizitu izan dute eta bizi dute Andre kalea, eta horiek guztiek izan dute beren tokia proiektuan, beren herrietako dantza tradizionalak ekarri baitituzte bertara. «Hernanin bada migratzaileak biltzen dituen elkarte bat, Amher izenekoa, eta horri esker emakume migratzaile askok badute elkarren berri. Hori abantaila handia izan da guretzat, konfiantza giro bat sortzen lagundu digulako. Egia esan, sekulakoa izan da emakume horiek gurekin izan duten jarrera. Larunbat arratsaldetan grabatu dugu beren zatia, gehienek astean zehar ezin zutelako lana zela-eta. Eta sekulakoa izan da larunbat arratsaldetan, beren jai egunean, gurekin biltzeko eta lan egiteko agertu duten borondatea», nabarmendu dute.

Proiektua gainditu duen sentimendua

Andre kalearen proiektuak proiektuaren beraren mugak gainditu eta bizitza propioa hartu du, bere kabuz ibili da bilera, txosten eta estrategietatik harago. «Ikus-entzunezkoaren zati bat grabatzeko 200 emakume baino gehiago bildu genituen goiz batean Andre kalean. Erantzuna sekulakoa izan zen. Belaunaldi desberdinetako emakumeak bertaratu ziren, erabat ilusionatuta eta hunkituta. Iruditu zaigu herrian sortu den giroak proiektua bera gainditu duela. Emakume horiek oso eskertuta agertu zaizkigu, oso ondo pasatu dutela adierazi digute. Sekulakoa izan da», esan dute sortzaileek.

Normala denez, Hernanin irrikaz daude Señora Polaroiskaren lana ikusteko. «Oraindik data zehatzik ez dugu, baina espero dugu abenduan barna Tabakaleran lehen emanaldia egitea. Tabakalerarako hiru pantailatan banatutako ikus-entzunezkoa prestatzen ari gara, osatu dugun kondaira eta hiru pertsonaien deskribapena jasoko dituena. Gero, bestelako muntaia bat ere prestatuko dugu, pantaila bakarrean ikusteko modukoa, eta hori Hernanin aurkeztuko dugu, urtarrilean segur aski», aurreratu dute Arenzanak eta Ibarretxek.

Kalean betirako aztarna bat

Kalandria taldeak hasieratik adierazi dio Polaroiskari kalean aztarna fisiko bat uzteko beharra, denboran iraungo duena. «Andre kalean iturri bat jartzeko proposamena egin genien, espresuki kale horretarako sortutako iturri bat, kondairaren berri eta sortu ditugun hiru pertsonaien berri jasoko duena. Hor dago Andre kalean arropa garbitzaileak aritzen zirenaren kontaketa, hor dago Leokako garbitegia, uraren joan-etorria, ahozko transmisioaren jarioa... eta iruditu zitzaigun egokia izan zitekeela Andre kalea iturri batekin eta urarekin lotzea. Gainera, garrantzitsua iruditzen zitzaigun herritarrek erabiliko zuten zerbait izatea. Hortik iturriaren ideia».

Polaroiskak sinbolo bat ere sortu dio Andre kaleari: triangelua. «Kondaira eta bertako hiru pertsonaiak biltzen ditu triangeluak, hirukiak. Hiru ertz, hiru pertsonaia, hiru garai: lehena, oraina eta geroa». Triangeluak esanahi asko dauzka, bere posizioaren eta kolorearen arabera. Esaterako, punta beherantz daukan triangeluak ilargiarekin dauka lotura, emearen hasierarekin, umetokiarekin, jainkosarekin... eta uraren sinbolo alkimikoa ere bada. Bestetik, punta beherantz duen triangelu beltza Bigarren Mundu Gerran kontzentrazio esparruetan zeuden emakume «asozialekin» lotzen zen, inposatutako genero rolak betetzen ez zituztenekin.

«Asko gustatzen zaigu triangeluaren ideia hori eta iturri horretan presentzia izango du. Segur aski iturriaren botoia hiruki hori izango da», agertu dute.

«Gure ametsa, benetan gustatuko litzaigukeena, hemendik urte edo hamarkada batzuetara neska-mutikoek iturri horretatik ura edan, kondaira irakurri eta garai batean Hernanin bizi ziren hiru emakume horien inguruan hitz egitea litzateke, benetan existitu ziren edo ez jakin gabe. Auskalo, nork daki. Guregana iritsi diren kondaira zenbaitek ere auskalo ze bide egin duten, ezta?», bukatu dute.