Pierre-Henry Deshayes (Afp)
NORVEGIA

Gerratik ihes egin behar izan duten gizakien larruan 24 orduz

Martxoaren 5ean Norvegiako Trandum kanpaleku militar zaharrean herrialdeko nerabe batzuek gerratik ihes egin behar izan duten pertsonen larruan sartzeko aukera izan zuten 24 orduz. Rol-jokoa besterik izan ez bazen ere, gazte horiek hobeto ulertuko dute errefuxiatuen egoera, eta ez dituzte egungo agintarien akatsak errepikatuko.

Errefuxiatuek egunero bizi behar izaten dituzten egoerak hurbiltzea da ekimenaren helburua. (Fredik VARFJELL | AFP)
Errefuxiatuek egunero bizi behar izaten dituzten egoerak hurbiltzea da ekimenaren helburua. (Fredik VARFJELL | AFP)

Kamioi militar zahar baten zarata isilak aurrena, eta sirena baten hots karrankariak ondoren. Ustekabean esnatu dituzte lo hartzea lortu duten nerabeak. Guztiak leher eginda badaude ere, berehala bizkortu eta kanpalekua jasotzen hasi beharra dute, elurtutako basoetatik barrena eta gauez, segurtasun indarren mugimenduak saihesteko, bidean jarraitzeko.

Aurreko paragrafoan deskribatutako egoerak egunotako Balkanetako dramak ekartzen ditu gogora, baina Norvegian gertatu da, munduko herrialde aberats eta aurreratuenetako batean. Bost milioi biztanle pasatxo dituen herrialdeak inbertsio funts subirano bat eratu zuen 1990ean petrolioa agortzen zaionerako. Horri esker oso ohiko bihurtu da Norvegiak mundu zabaleko edozein gatazka armaturi amaiera emateko prozesuetan diruarekin eta bere sinesgarritasunarekin –urte askotako esperientziak emandako ezaugarria– laguntzea, azken bolada honetan Kolonbiako gatazkaren inguruan gertatzen ari den moduan.

Gainera, Norvegia eta inguruko herrialdeak giza garapenaren sailkapen guzti-guztietan goiko postuetan ageri dira. Ez da harritzekoa, beraz, Europak gaur egun duen arazo larri bati erantzun egokienak bilatzeko garaian ere Norvegia besteak baino aurreratuago egotea. Aste honetan bertan Oxfam International gobernuz kanpoko erakundeak ezagutzera eman duen txosten baten arabera, hiru estatu baino ez dira tokatzen zaien errefuxiatu kopurua baina handiagoa hartzeko prest daudenak, eta horietako bat Norvegia da, jakina.

Norvegian haurtzaroa utzi eta heldutasunera iristeko momentuari sendotze zibila esaten diote; 15 urterekin gertatzen da hori. Europako iparraldeko herrian oso ohikoa da gazteek markako poltsa garestienak edo iPhone smartphone ezaguneko azken modeloak eskuetan izatea. Bada, Trandum kanpaleku militarrean egindako rol-jokoaren helburua gauza material guztiak dituzten nerabe horien ikuspegia zertxobait aldatu eta beraien bizimodutik oso urruti dauden milioika pertsonen eguneroko bizitza ezagutaraztea zen.

«Neure bizitza gorroto dut», dio neska batek garrasika, zutik eta logurari eutsi ezin diola. Gaua pasatzeko leku seguru bat aurkitu zutelakoan, «NBEren kanpalekuan» kokatu ziren. Lasai egoteko aukera izango zutela uste zuten, baina bat-batean norbaitek eraso egin dio lekuari. Inolako argitasunik ez badago ere, nahiz eta termometroa zero azpitik ibili, bertatik ihes egin beharrean daude. Berriz oinez. Berriz beldurrak akabatzen. Berriz goseak amorratzen. Urruti dauden argiak saihestuz, elurretan aurrera egin beharrean dira.

Iraungitako arroza

Nerabeek bizi duten sarbide-erritua hamabi ordu lehenago hasita zegoen, Osloko aireportutik gertu dagoen kanpaleku zaharrean. Handik kilometro gutxira Norvegiatik kanporatuko dituzten atzerritarren atxilotze zentro bat dago.

Norvegiako gaztetxoak errefuxiatuen egoerara hurbiltzea izan zen lehenengo zeregina: ordulariak, telefono mugikorrak eta tankerako gailuak entregatu behar izan zituzten. Ondoren hogei laguneko talde edo «familiatan» banatu zituzten, aurrez prestatutako gidoiaren arabera: ustezko Sudan batetik ihes egin behar dute indarkeriaren eraginez, erabat militarizatutako mugak zeharkatu, Norvegiara iritsi eta asilo politikoa eskatu.

Bidean, Siriatik edo Afganistandik ihes egindakoek izaten dituzten arazoak topatuko dituzte: burokrazia kafkiarrak eragindako arazo administratiboak, hasiberriari egiten zaizkion burlak, muga zaintzen dituzten soldaduen agindu ulertezinak, eta goseak amorratzen egon arren kilometro asko oinez egin beharra. Aurreko gauean gaztetxo asko mokadurik egin gabe «oheratu» ziren. Arroz pixka bat eskaini zieten. Batzuek zuzenean ezetz esan zuten. Beste batzuek, iraungitze-data ikustean: 1998. «Etiketa baten indarra», dio Jonas Statsengen «NBEren kanpalekuko» buruak, ekimena antolatu duten boluntarioetako batek. Esperientzia hasi zutenean barre egiten zutenak, isilik daude orain. Hitz itsusiak ere amaitu dira. «Oso gogorra izan da», aitortu du Ebbe Marienborg Schieldropek. «Egia esan, benetako errefuxiatuentzat askoz ere gogorragoa da. Nekagarria».

Errefuxiatuen egoera hobeto ulertzeko ekimena Danimarkan jaio zen 2004an. Ideia Norvegiara eraman zutenetik, 80.000 gaztek ezagutu dute. «Espiritualki indartuta ateratzen dira», adierazi du Lasse Moen Sorensen Refugee Norge gobernuz kanpoko erakundeko kideak. «Praktikaren bitartez ikasten dute. Errefuxiatuen inguruan zerbait irakurriz gero, %20 baino ez dute barneratuko, baina, tankerako zerbait bizita, %80», gaineratu du Kenneth Johansen Refugee Norge erakundeko sortzaileak: «Ez ahaztu zuek hemen bizitakoa benetakoa ez izanagatik, motxilak hartuta, garrasi artean mugak zeharkatzen ibiltzea, 60 milioi lagunek egunero bizi dutena dela. Zuentzat jolasa dena, beraientzat eguneroko infernua da».