Pablo Ruiz de Aretxabaleta
«PANAMAKO PAPERAK»

Paradisu fiskalak erabiltzen dituzten dirudunen izenak agerian

Mossack Fonseca Panamako abokatu bulegoaren 11,5 milioi agiri ikertuta eskuratutako informazioari esker, posible izan da paradisu fiskalen erabiltzaile askori izen-abizenak jartzea. Dirua ezkutatzeko jarduera jada ezaguna bazen, orain zabaldutako informazioak noraino hedatzen den erakusten du. Bulego hori paradisu fiskaletan «offshore» sozietateak sortzeko munduko laugarren handiena da. Eta ICIJ Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoak emandako datuen arabera, mundu osoan ditu bezeroak: tartean, errege, estatuburu, ministro, noble, diputatu, artista edota futbolariak.

Panamako paperak” bezala ezagun egin den auziak berriz ere eraman du mundu mailako hedabideen lehen orrialdeetara zerga paradisuen gaia. Paradisu fiskalak hainbat pertsona edo enpresari salerosketa edo ordainketak egiteko zerga gutxi edo bat ere ez ezartzen ez dizkieten lurraldeak dira. Lurraldeotako legedia bereziei esker, operazio guztiak sekretupean egin daitezke eta lurraldeok beste herrialdeetako administrazioekin elkarlanean lan egiteari uko egiten diote. Halaber, paradisu fiskaletan offshore sozietateak sortzeko zerbitzuak aurki daitezke, eta, horien bitartez, are zailagoa bihurtzen da enpreson atzean dauden pertsona edo enpresak ezagutzea. Jardun guztiz legala da hasiera batean, baina baita legez kanpoko ekintzak bideratzeko bitarteko paregabea ere.

Hori horrela, nazioartean maiz altxatu dira gardentasuna eskatzen duten ahotsak, eta, noizbehinka, instituzioetatik ekimenen bat ere jartzen da martxan. Baina, kontuak kontu, aipatutako praktikak bere horretan dirau. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak paradisu fiskalen zerrenda beltzetik ia 200 lurralde kendu ditu azken urteotan, baita gardentasun eskaseko herrialdeen «zerrenda grisetik» ere. Eta gaur egun bi irla txiki (Nauru eta Niue) baino ez ditu paradisu fiskaltzat jotzen. Baina, errealitatean, oraindik ia 100 lurraldek errazten dute diruaren mugimenduak ezkutatzea.

Eta horietako batean, Panaman, zerbitzu horien bezeroen zerrenda azaleratu da. Zehazki, Mossack Fonseca abokatu bulegoko bezero zerrenda. Horrelako bulegoek offshore sozietateak sortzeko tresna guztiak eskaintzen dituzte: markak erregistratu, sinadurak, pasaporteak edota nortasun bikoitzak bezeroen esku jarri.... Mossack Fonsecak 214.488 enpresa sortu ditu. Horietatik 15.579 bankuentzako: Britainia Handiko HSBC, Frantziako Societe Generale, Suitzako Credit Suisse eta UBS, Alemaniako Deutsche Bank, Danimarkako Nordea... Bulegoa Panaman badago ere, sortutako enpresen erdiak baino gehiagok Birjina Uharte Britainiarretan dute egoitza. Bahametan, Seychelleetan, Samoan, Nevadan (AEB) edo Hong Kongen kokatutakoak ere badira tartean.

Oraingoz Mossack Fonseca bulegoaren bezero zerrenda baino ez da ezagutarazi. Horrelako hamaika bulego daude, baina, mundu osoan zehar. ICIJen ekimena nahikoa izan da, hala ere, oso izen ezagunak eta boteretsuak argira ateratzeko, tartean mundu osoko 140 buruzagi politiko.

POLITIKARIAK

 

Erregeak, jekeak, presidenteak edota beren gertuko senitarteko eta lagunak

Estatu buruen artean, aberatsenak ez dira falta Panamako paperetan. Saudi Arabiako Salman bin Abdulaziz erregea horietako bat da, Birjina Uharte Britainiarretan kokatutako enpresa bati lotuta ageri baita; hain zuzen, Londresen luxuzko etxe baten eta itsasontzi baten hipotekak lortzeko sortu zen enpresa. Khalifa bin Zayed bin Sultan Al Nahyan, Arabiar Emirerri Batuetako presidenteak ere gutxienez 30 enpresa sortu zituen Panamako Mossack Fonseca abokatu bulegoaren bitartez luxuzko ondareak erosteko. Antzeko kasua da Hamad bin Jassim bin Jaber Al Thani Qatargo lehen ministro ohiarena eta bazkidea zuen Sheikh Hamad bin Khalifa Al Thani Qatargo emir ohiarena.

Amerikari dagokionez, Argentinako presidente Mauricio Macri da Panamako paperetan agertutako estatuburu bakarra, bere aita Francisco eta bere anaia Marianorekin Fleg Trading Ltd. enpresako administratzaile gisa ageri baita. 1998an sortu zuten Bahametan eta 2009an desagertu zen. Buenos Airesko alkatea zen garaiotan. Argentinako Gobernuak presidenteak ez duela «aitortu gabeko ondarerik eta ezkutatzeko ezer» esan du: «Erabat garbi dago. Agertu dena bere aitaren enpresa da, aktiborik eta kapitalik gabe. Argentinako administrazioan aitortutako enpresa da». Gainera, enpresa horrek ez duela «inolako jarduerarik izan» adierazi du Gobernuak presidentea defendatzeko. Bere aurreko bi presidenteen –Nestor Kirchner eta bere emazte Cristina Fernandez– aholkulari izandako Daniel Muñoz ere agertzen da Birjina Uharte Britainiarretako enpresa baten jabe gisa; AEBetan ondasun higiezinak erosteko erabili zen. Zuzenean ez bada ere, Mexikoko presidentetzara ere heldu da auzia. Juan Armando Hinojosa Enrique Peña Nieto presidentearen “kontratista faboritoak” zuzentzen duen inperioak gutxienez 750 milioi dolarreko negozioak itxi ditu Gobernuaren menpeko erakundeekin. Bada, Peña Nieto eta bere emaztearekin lotutako eskandalu baten ondoren, Hinojosak offshore sozietateek osatutako sare konplexu batean 100 milioi dolar gorde zituen.

Europan Petro Poroxenko Ukrainako presidentearen izena agertu da. Offshore sozietate baten bitartez gozokiak ekoizten dituen konpainia baten jabetzan parte hartzen du, Ukrainako zergetatik ihes eginez. Eta gerra bere une larrienean zegoen momentuan sortu zuen oligarka honek enpresa hori. Poroxenkok presidente denetik enpresaren kudeaketan «zuzenki» ez duela parte hartzen adierazi du, aholkulari eta abokatuen bitartez baizik. Edozein modutan, kolpe handia da ustelkeriak jota duen herri batean erreformak egitea agindu zuen presidentearentzat.

Gunnlaugssonen dimisioa

Baina, oraingoz, Panamako paperek eragin handiena izan duten herrialdea Islandia izan da. Bertan Sigmundur David Gunnlaugsson lehen ministroa jomugan egon da auzia ezagutu zen unetik beretik. Izan ere, emaztearekin batera zuen Wintris offshore sozietateak milioika dolar zituen bonoetan porrot egin zuten banku islandiarretan. Gunnlaugssonek sozietatea zergak saihesteko ez zuela inoiz erabili adierazi zuen, baina joan den asteartean dimisioa aurkeztu behar izan zuen. Bezperan 10.000 pertsona baino gehiagok eskatu zuten Gunnlaugssonem dimisioa, 2008an bankuek porrot egin zuteneko manifestazioak gogoraziz. Modu horretan, Panamako paperen filtrazioaren lehen biktima politikoa bihurtu da. Krisia ez da hor bukatzen, Bjiarni Benediktssoo Finantza ministroa ere paperetan agertzen baita.

Kasu askotan politikoen senideak edo lagun minen izenak agertzen dira. Hala gertatzen da Vladimir Putin Errusiako presidentearekin. Arkady eta Boris Rotenberg Putinen lagun minak izan dira umetatik. Baita Sergey Roldugin musikaria ere. Guztira, bi bilioi dolar inguru ageri dira Putinen inguruko pertsonen kontuetan. Kremlineko iturriek berehala adierazi zuten Panamako paperen helburua Putinen aurkako kanpaina bat eraikitzea zela. «Putin, berez, ez bada paperotan agertzen, guretzat argi dago filtrazioaren helburua gure presidentearen aurka egitea dela, batez ere bi urte barru izango diren hauteskundeei begira», azaldu zuen Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak.

David Cameron lehen ministro britainiarra ere kritiken erdian izan da, hain zuzen ere bere aitaren izena agertzen delako paperetan. Ian Cameronek –2010ean hil zen–, Blairmore Holdings enpresa blindatzeko erabili zituen Mossack Fonseca bulegoaren zerbitzuak. Modu horretan etekinen gaineko zergak saihestu zituen. Oposizioak eskatuta, Cameronek azalpenak eman behar izan ditu: «Ez dut ez akziorik ez inolako interesik paradisu fiskaletan, ezta paradisu fiskaletako fondoetan ere. Bat bera ere ez».

Pakistango lehen ministroaren kasuan, ez aita, baizik eta seme-alabak dira paradisu fiskaletan babestutako sozietateen jabeak. Nawaz Sharifen lau seme-alabetatik hiruk –Hussain, Maryam eta Hassan– sortu zituzten enpresak Birjina Uharte Britainiarretan Londresen dituzten ondasunak kudeatzeko. Sharifek azaldu duenez, Saudi Arabian erbesteraturik bizi zela bertan zuen lantegi baten 0 irabazitako diruarekin sortu zituen enpresa horiek, eta politikan sartu baino lehen familia negozioak zituela gaineratu zuen. Putinek bezala, arrazoi politikoek bultzatutako erasoa ikusi du auzian.

Txinako Gobernuak ere «oinarririk gabeko salaketak» jasotzen direla Panamako paperetan adierazi du. Kontuak kontu, baina, Txinak ustelkeriaren aurkako gerra deituta badu ere, ez da lehen aldia Alderdi Komunistako buruek paradisu fiskalekin duten lotura azalarazten dena. Oraingoan offshore sozietateak dituztenak Xi Jinping presidentearen hurbilekoak dira. Horietako bat Deng Jiagui da, Xi beraren koinatua. Eraikuntzako enpresaria Qi Qiaoqiaorekin ezkondu zenean sartu zen “Noblezia gorrian” –Xi Zhongxunen Txinako Iraultzaren heroia zen emaztearen eta Xin Jinping presidentearen aita–. Halaber, Li Xiaolin ere agertzen da paperetan, hau da, Li Peng lehen ministro ohiaren alaba.

Espainiar Estatuari dagokionez, egungo Felipe II.a erregearen izeba eta aurreko errege Juan Carlos I.aren arreba ageri da: Pilar Borboikoa. Delantera Financiera enpresa sortu zuen 1974an, 2014an desagertu zena, Felipe II.a errege izendatu eta bost egunera. Pilar Borboikoak adierazi du ez duela «Espainiako zerga legediak agintzen duen inolako betebeharrik urratu» eta ukatu egin du enpresaren desagertzeak Juan Carlos I.aren abdikazioarekin zerikusirik izan zuenik. Gainera, ETA senarra bahitzen ahalegindu zenez, honek negozioak Espainiatik kanpo egitea erabaki zuela argudiatu du.

Eta aipatutako lehen lerroko estatu-buruekin batera, beste izen asko ere agertzen dira Panamako paperetan, honakoak kasu: Jordaniako lehen ministro ohia Ali Abu al-Ragheb; Ayad Allawi Irakeko presidenteorde ohia, Bidzina Ivanishvili Georgiako lehen ministro ohia, Rami eta Hafez Makhlouf Siriako presidentearen lehengusuak, Alaa Mubarak Egiptoko presidente ohiaren semea, Marokoko Mohamed VI.a erregearen idazkari nagusi ohia, Ghanako presidente ohiaren semea edota Hegoafrikako presidentearen iloba.

PERTSONAIA FAMATUAK

 

Zinemagileak, aktoreak, idazleak, nobleak edota lurjabe handiak ere ageri dira zerrendan

Mario Vargas Llosa idazlea Birjina Uharte Britainiarretan egoitza zuen enpresa baten akzioduna izan zen, hilabete bakar batez izan bazen ere. Panamako paperetan agertzen denez, Talome Services enpresaren mila akzioen erdia Vargas Llosarena zen, eta, beste erdia, bere emazte ohiarena. Hain zuzen ere, 2010eko irailaren 1ean erosi zituzten, Mossack Fonseca abokatu bulegoaren bitartez. Paperak argira atera dituen ICIJ Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoaren arabera, 2010eko urrian enpresaren akziodunak aldatu egin ziren, eta, ondorioz, Vargas Llosak Nobel saria jaso zuenean, abenduaren 10ean, ez zuen jada sozietatearekin inongo loturarik.

Vargas Llosak eta emazte ohiak «harrituta» jaso dute berria, eta inoiz «herri horietan» kontuak izatea edota Mossack Fonseca bulegoko abokatuekin harremanak izan izana bera ere ukatu egin dute. «Talome Services enpresarekin lotura izateko aukera bakarra inbertsio aholkulariren batek edo bitartekariren batek, Vargas Llosa jaun-andreen baimenik gabe, enpresa erabili izana izan daiteke, azkenean gauzatu ez zen inbertsioren bat prestatzeko lanetan ari zirela», adierazi du idazlea ordezkatzen duen agentziak. «Vargas Llosa jaun-andreek beti bete dituzte Espainiarekiko betebehar fiskalak. Baita harreman ekonomikoak izan dituzten beste herriekikoak ere», nabarmendu du agentziak.

Zinema munduan ikerketak erakusten du Jackie Chan Hong Kongeko aktore ezagunak gutxienez sei offshore sozietate zituela. Halaber, Stanley Kubricek zinema zuzendari ezagunak bere azken urteak igaro zituen XVIII. mendeko etxearen jabetza Hertfordshire paradisu fiskalean kokatutako hiru enpresara pasa zen behin zuzendaria hil eta gero.

Pedro Almodovar zuzendari espainiarrarengana ere iritsi da filtrazioaren eragina. Izan ere, bere pelikula berriaren aurkezpena bertan behera utzi behar izan du. Bere anaia Agustinekin batera paradisu fiskal batean finkatutako enpresa bateko ahalduna izan zen 90eko hamarkadan. Glen Valley Corporation enpresa Birjina Uharte Britainiarretan kokatuta zegoen. Agustin Almodovar produktoreak azaldu duenez, enpresa hori sortu zuten aholkularien gomendioei jarraituz, El Deseo ekoiztetxeak «nazioarteko hedapena izan zezakeelakoan». «Ez zetorrenez bat gure lan egiteko moduarekin, azkenean bertan behera geratu zen», gaineratu du. «Gure familia-enpresaren lehen urteetan genuen esperientzia faltagatik» gertatu zela adierazi du Almodovarrek, eta bai berak bai bere anaiak zerga betebehar guztiak egunean dituztela ziurtatu du. Kontuak kontu, “Julieta” pelikularen aurkezpena eta egin behar zituen elkarrizketa guztiak bertan behera utzi ditu zinema zuzendariak, «pelikularekin zerikusirik ez duten gaiek lehentasun informatiboa dutelako».

Espainiar Estatuko beste izen ezagun batzuk ere agertu dira Panamako paperetan. Domecq lur-jabe handien familiako hamabi kidek Suitzako lau kontu erabiltzeko aukera izan zuten. Kontuok Rinconada Investments Group enpresarenak ziren, egoitza Panaman zuena eta 2005 eta 2010 artean aktibo izan zena. Domecq familiak 42 enpresa kontrolatzen ditu eta Europar Batasunak nekazaritza bultzatzeko ematen dituen laguntzen jasotzaile handienetarikoa da. Ikerketen arabera, guztira, 36,6 milioi euro eskuratu dituzte. Gainera, Domecq familiak politika munduarekin harreman zuzenak ere baditu, Micaela Domecq Miguel Arias Cañete Energia eta Klima Akzioko Europako Batzordeko komisarioaren emaztea baita. Micaela Domecq berak azaldu duenez, gaur egun dituen diru-sarrera guztiak Espainian aitortzen ditu eta ez du Panamako enpresa horretan ahalmenik. Eta Arias Cañete Europako Batzordeak berak babestu du, ez baitu ezer susmagarririk ikusi. «Legalki eta finantza interes eta jardueren ikuspuntutik ezin zaio ezer leporatu komisarioari», adierazi du. «Berrietan aipatzen den enpresari dagokionez, komisarioak berak emandako informazioaren arabera, jarduerarik gabe egon da hainbat urtez, 2014ko azaroan komisarioa kargura iritsi baino askoz lehenagotik gainera», esan du Margiritis Schinas Batzordeko bozeramaileak.

Txilen, berriz, ustez garbi-garbia behar zuen erakunde bateraino zabaldu da Panamako paperen itzala. Izan ere, Chili Transparent erakundeko presidente Gonzalo Delaveau paperetan ageri da.

Azkenik, “The Guardian” egunkariaren arabera, Heather Mills Paul McCartney musikariaren emazte ohia, Sarah Ferguson Yorkeko dukesa, Roksanda Ilincic diseinatzaile serbiarra edota Margaret Thatcherren semea bera ere agertzen dira paperetan besteak beste.

KIROLARIAK

 

Futbol munduko ustelkeria gero eta ageriago

Gianni Infantino egungo FIFAko presidentea da eta UEFAko presidentea ere izana da. Bera izan behar zen, erakunde horien kontrako ustelkeria salaketen ondoren, futbol munduko erakunde nagusietara garbitasuna eraman behar omen zuena. Bada, Panamako paperek Infantino bera aipatzen dute, UEFAko zuzendari juridikoa zenean sinatutako kontratuak tarteko. Kontratu horietan, Txapeldunen Ligako telebista eskubideak Full Play enpesaren filiala den Cross Trending sozietateari saldu zizkion. Gogoratu behar denez, Full Play enpresa FIFAk maiatzetik jasaten duen ustelkeria eskandaluarekin bete-betean lotuta dago. Infantinok ezeztatu egin du edozein bidegabekeria egin zuenik, eta kontratuok modu egokian kudeatu zituela esan du. UEFAk, bere aldetik, azaldu du Infatinok ez zituela kontratuak negoziatu. Sinatu bakarrik egin zituela dio, hori egiteko ahalmena berak zuelako.

Michel Platini UEFAko presidente ohiak, bere aldetik, Mossack Fonseca abokatu bulegoa Panaman 2007an sortutako enpresa bat kudeatzeko erabili zuen. Bere abokatuen arabera, Platiniren «kontu eta ondare guztiak» ezagutzen ditu Suitzako zerga administrazioak. Jokalari ohiak bertan du egoitza fiskala 2007tik. Halaber, Panamako paperei esker, Juan Pedro Damian FIFAko etika batzordeko presidentea ikertzen ari direla ere ezagutu da. Ustez, Damianik loturak zituen FIFAko presidenteorde ohi Eugenio Figueredorekin. Egun Figueredo Montevideon preso dago, mauka eta diru-zuriketa leporatuta. Damianik FIFAko etika batzordeko kargua utzi du, «susmo txikiena ere alboratzeko».

Lionel Messi

Panamako paperetan agertzen den Mega Star Enterprises enpresa beste izen ezagun batekin lotu du ICIJ Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoak: Lionel Messi Bartzelona futbol taldeko jokalari argentinarra. Messi familiak erantzun du inoiz ez duela enpresa hori erabili eta albistea zabaltzen duten komunikabideen kontrako neurriak hartuko dituela ere gaineratu du. «Lionel Messik ez du inoiz egozten dizkioten ekintza horietan parte hartu eta iruzur fiskala egiteko edo kapitalak zuritzeko sare bat antolatzearen inguruan egindako salaketak erabat faltsuak eta iraingarriak dira», adierazi du familiak, enpresa horren jabetza onartu arren. Familiaren azalpenaren arabera, aipatzen den enpresa hori «erabat inaktiboa da, eta inoiz ez du dirurik ezta kontu irekirik izan. Aspaldiko egitura bat da, Messi familiaren aurreko aholkulari fiskalek sortutakoa». Azkenik, familiak nabarmendu duenez, Lionel Messik «bere garaian zuzendu zituen» zergak ez ordaintzeagatik izandako «ondorioak».

Momentuz, Panamako “paradisutik” Euskal Herrira iritsi den ondorio zuzen bakarra ere futbol munduarekin lotuta dago. Izan ere, paperetan azaltzen denez, 2000 eta 2009 artean Realak offshore sozietateak sortu zituen gutxienez taldeko zazpi jokalari atzerritarri ordaintzeko: Darko Kovacevic, Nihat Kahveci, Sander Westerveld, Tayfun Korkut, Valeri Karpin, Gabriel Schürrer eta Mattias Asper. Jose Luis Astiazaran, Miguel Fuentes, Maria de la Peña, Javier Larzabal eta Iñaki Badiola izan ziren urte horietan Donostiako taldeko presidenteak.

Zabaldutako informazioaren arabera, sozietateak jokalarien izenean irekitzen bazituzten ere, Realak kontrolatzen zituen, taldearen izena inon agertzen ez bazen ere. Jokalariak kluba uzten zuenean, bere izenean sortutako sozietatea desagertu egiten zen. Aste honetan Realak azaldu duenez, 2009an bere egoera fiskala egunean jarri zuen Gipuzkoako Ogasunak egin zion ikuskapenaren ondoren.