Gaizka Amondarain
Irakaslea

Bizitzeko toki bat

Modan dagoen hiri batean bizi naiz. Ez da nik diodalako, Udalbiltzak eta Gasteizko Udalak eskatuta egindako azken ikerketaren ondorioek diotenez ere, Gasteiz omen da hiri morfologia orekatuena duen euskal hiriburua [https://goo.gl/bPSRZu]. Leihora hurbiltzea baino ez dago ikusteko. Ez justu ni bizi naizen tokian, hemendik parez pare dudan eraikina baino ez baita ikusten. Galdetu Eguberritako oporrak bazterrok bisitatzeko aprobetxatu dituen edonori nahiago baduzue. Hotz egiten duela? Ados. Baina non ez du ba hotzik egiten azkenaldian? Inguruetako urtegien eraginez behe lainoa egunetan aldetik kendu ezinda ibiltzen garela sarritan? Konforme. Baina non aterako dizute hemen baino ardo hobeagorik laurogeita hamar zentimoan barruak berotzeko? Badakit hondartzarik ez daukagula, baina Denis Itxasorik ere ez, zorionez. Goiak, aldiz, aukeran. Eta zer esan Florida parkean urtero jartzen diguten tamaina errealeko irudiz osatutako belenari buruz, edo Andra Mari Zuriaren enparantzan hiru euroren truke eskaintzen dizkizuten laranja zuku, kruasan eta kafearen inguruan. Nekez aurkituko duzu horrelakorik gainontzeko hiriburuetan.

Jendarte likidoa da gurea ere, bi muturren arteko oreka-desorekan bizi dena. Surrealista xamarra ere bada bizimodua hemen batzuetan. Dato kaleko Goya gozotegi mitikoan baskitoz eta neskitaz osatutako bonboi kutxa bat eros dezakezun moduan eskura dezakezu Juanma Bajo Ulloaren Goya bat cash converter-en bost mila euroren truke [https://goo.gl/NGZ3rh]. Baditugu jendez okupatutako hutsik zeuden auzoak eta baditugu txaletez okupatutako auzo hutsak. Badauzkagu Udalaren utzikeriaren gainetik frontoiak berreskuratu dituzten auzokideak eta haien lekuan kafe antzokiak eraikitzearekin tematuta dauden alkateak [https://goo.gl/xMEGf0]. Eta hori ere euskararen hobe beharrez, noski. Zer gutxiago merezi du ba euskarak liskar apur bat baino? Badira hiria gobernatzetik Madrilen nor izatera ailegatu diren ugari, eta hiria gobernatzeko Madril gurago duten beste hainbeste. Jendarte likidoak hori baitauka, harrapatu aurretik eskuetatik ihes egiten dizutela gauzek, eta baita pertsonek ere. Zer esanik ez hitzek. Gehiago hemen, ibaiak asfaltoaren azpitik doazen hiriburuan, ubideak ikusi ere egiten ez diren lekuan; konturatu orduko desager daiteke bat lurpeko arterietan barrena.

Yin eta yang ezinezko horretan bizi gara. Ez dakit Gu bat osatzen dugun ere. Baina elkar bizi dugu, eta maitatu ere bai uzten digutenean. Ez daukagu auzokideen txakurrek egunero etxe parean sortzen dituzten txiza-errenkadak aguantatzea besterik. Hizkuntza ezberdinetan mintzo gara; batzuetan elkar ulertzen dugu, eta besteetan nahiago dugu bestearenera makurtu egoera gehiegi ez tenkatzearren. Munduko patata-tortilla handienarekin errekorra hausteko zorian izan ginen aspaldi ez dela, baina ez genuen opil erraldoiari behar den moduan buelta ematerik lortu azkenean. Saskibaloia maite dugu baina ez daukagu euskalkirik. Joxe Felipe Auzmendi ekartzen dugu megafonotik Baskoniaren partidak animatzeko eta iparralderagoko mendialdeko mohikanoak andanaka euskararen salbatzera. Arnasgune gutxi, baina eraztun berde alimalekoa, birikak aire garbiz hauspotzeko. Zoriontsu gara, gure artifizialtasunean.

Noizean behin haserretu ere egiten gara, eta eztabaidatu, eta berriro adiskidetu gero berriz etsaitzeko. Bizitzaren ziklo naturala bizi dugu finean. Horixe dauka gure oreka morfologikoak, harresiz betetako hiribildua izan arren, laua dela bere azalera. Eta horrek, nahitaez, erlazioak errazten ditu. Aurrez aurre jartzen gaitu denok. Nahiz eta ezkutatzeko lekuak ere badiren; inoiz inor ikusi nahi ez baduzu, inoiz inork ikusi ez zaitzan bost mila euroan erositako brontzezko Goya estatuatxoa eskuetan etxerantz zoazenean, esaterako.

Hiriaren morfologiari azaletik begiratzen dionak gauza bat du kontra: ez ditu tolesduretan gordetzen diren pertsonak ikusten. Horrela hasten dira hirietako biztanleak eraikinen arteko arrakaletan diluitzen, bizitza politikotik behin betiko desagertzeraino. •