Mikel Zubimendi

Hodeietan kaleak etorbide, inork ez du eragotziko euria!

Presoen egoera barruraino sartzen zaigun labankada gardena da, gure barne-erresumetan irekia dugun zauria. Gure min eta ezinen poligrafoa dugu, askapen prozesuaren demontrearen zailtasun eta kontraesanen erakuslea. Gure kontzientziak mailukatzen dituen gaia da, gure frustrazioen iturria, gure itxaropenen bolbora, estatuek gure konfiantza propioak husteko, borondate kolektiboa likidatzeko darabilten arma.

Barruan dauden minkideez hainbat komunikabidek hitz egiten dutenean, psikoanalisi kriminal, ikerketa konspiratzaile edo intimismo mediatikoaren eskutik mintzo dira. Aurreiritzirik gabeko gogoeta kritiko bat egiteko laizismorik ez da inon ikusten. Garaile eta garaituen merkatuan sartu nahi dute, dena ala ezer ez, arrazoi guztiak ala bat bera ere ez, deabrutuak ala santifikatuak. Historiari zentzua eta gertakizunei kausak lapurtu nahi dizkietelako, Euskal Herriaren askapen borrokaren handitasunaren aldarrikapena kondenatu nahi dutelako, gertaerei inteligentzia ukatuz, iragan zehatz bat izan duten minkideek ez dutela etorkizun bat izateko eskubidea dekretuz ezarriz.

Euskal presoei ezarritako politikak aspaldi lausotu zituen justiziaren eta mendekuaren arteko mugak. Kalkulu hotz eta madarikatu batek gidatu du politika hori. Gureak kartzelan dauzkatela eta kaleratzeko giltza itsasoan hondoratuta dutela pentsarazi nahi digute, kaleratzeko zirrikiturik ez dagoela sinistarazi, eta dauden apurrak hain estuak direla ze horietatik pasatzeko modu bakarra belaunikatuta egitea dela, borrokan kide izan direnen ehiztari eta epaile bilakatuz. Eta itxaropena galtzeko horren aurrean eutsiko duen ildo, konfiantza edo dena delakorik ez dagoela esaten digute.

Oker dabiltza, baina, oso oker. Iragan bat dute, bai, eta etorkizun bat izateko eskubidea ez dute zapuztuko. Hori dute estatu-doktrina, eta ortodoxia horren zaintzan tematuta segituko dute. Baina ongi dakigu, aurrerabidea, beti, ortodoxiaren zaintzan baino heresiarako eskubidearen babesean oinarritzen dela, indarrean dagoen ordenaren aurkako eraso batekin hasi behar dela.

Eta hasia da dagoeneko, horixe baietz. Kalera Kalera ekimenak giroa piztu du. Herrietan eta auzoetan sumatzen da beste gogo bat, zirimiria legez ekimen mordo batek busti ditu gure bazterrak. Tristurak jota, giroa pattal, frustrazio puntu batez min gehien ematen diguten horretatik nola atera asmatu nahi eta ezinean ginen aspalditxo, baina sumatzen da beste txispa bat, baikorra eta ilusionagarria den haize ufada berri bat.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) eztabaida abian du. Askapen prozesu politikoan eta bere egoera propioari dagokionez izan beharreko jokabidea zehazteko beharraz dihardu, kartzelak hustuko dituen indar metaketa nola ahalbidetu hausnarrean. Ekimenaren arrakasta, izatekotan, ez da garai bateko ekuazioa birsortzea, etorkizuneko dinamikan eragitea baizik. Herriarekin bat eta munduaren aurrean, estatuei espazioak murriztuz, jokoa zailduz. Betiere barneratuz, pertseberantziarekin batera, apustu guztiak direla inperfektu eta bukatu gabeak, eta hori ere halakoa izango dela.

Gaixo dauden minkideak askatzea, dispertsioarekin amaitzea edo kaleratzeak ahalbidetzeko jokaldi sozial eta instituzional zabala artikulatzea, gure herriaren etorkizunari begirako inbertsioa da. Abiapuntu berria da, adostasun berria eskatzen duena. Hartara, lur hartzeko eta aire hartzeko, pista berria zabaltzen ari da EPPK. Denoi dagokigu hori babestea, egitura jator eta baliabide zorrotzekin hornitzea. Taula politikoan irekiera berriak entseatzea, urrats zehatz eta gauzagarriekin ibiltzea.

Jendetza batuko da gaur Bilbon. Hunkigarria izango da, presoekiko sentimenduak oilo-larru eta obligazioak su eginda, beste behin, milaka eta milaka aberkideren bihotzak zafratuko dira. Behar gaituztelako, behar ditugulako, kaleak hartzea dagokigu haientzat etorbide bihurtzeko. Mezu hori iragartzen duten hodeiak ari dira zeru gainetan metatzen. Inork ez du eragotziko euria! •