Garazi Goia

Liburuak, liburuak, liburuak

Agatha Christiek berrehun liburu irakurtzen omen zituen urtero; Theodore Roosevelt presidenteak egunero liburu bat; eta, agidanez, denen aurretik, errekor guztiak hautsiz, Harriet Klausner, Atlantan bizi zen liburuzain eta kritikari amateur bat dago: Amazonen hogeita hamaika mila libururi buruzko kritika egin zuen eta behin baino gehiagotan egun bakar batean sei liburu irakurtzera iritsi omen zen.

Estatistika batzuekin jarraituz, Erresuma Batuan orduro hogei liburu argitaratu omen ziren pasa den urtean. Eta, espazio honetan idazten daramatzadan hiru urteetan egin dudan moduan, urte hasieran balantze literario xume bat egiteko aitzakia ona dela datu hori otu zait.

2016. urtean izandako ekarpenei erreferentzia eginez hasiko naiz, Erresuma Batuko liburu salduenen zerrendari errepaso bat emanez. JK Rowling dago lehenengo postuan, Harry Potterren azken abenturak kontagai dituela. Argitaratu zenetik zazpi hilabete baino pasatu ez direnean, Erresuma Batuan bakarrik 1,5 milioitik gora ale saldu ditu. Bigarren postuan, Paula Hawkingen “The girl on the train” dago, urte amaieran zinemara ere eramana eta mundu osoan zehar arrakasta izugarria izan duen liburua. Bitxia iruditu zait osasuntsu mantentzeko hamabost minututan prestatu daitezkeen otorduen bilduma zerrendan hirugarrena dela ikustea. Haurrentzako hiru liburu ere bazeuden zerrendako lehenengo hamar postuetan.

Liburu aski ezberdinak azaltzen dira noski, kritikarien eta irakurle sutsuen gustukoenen artean. Niri oparitu dizkidaten (eta tamalez oraindik apalean zain ditudan bi liburu), zerrenda horietako batzuetan azaltzen dira: Mohsin Hamiden “Exit West” Brexitaren osteko lehenengo nobela; eta Sarah Bakewellen “At the existentialist café”, existenzialismoari buruzko kontaketa umoretsua, laburpenean dioen bezala, Jean-Paul Sartre, Simone de Beavouir eta Albert Camusek abrikot koktelak edaten ari ziren bitartean sortu zuten filosofiaren deskribapena.

2017. urteari begira, Paul Austerren hurrengo nobelaren zain daude liburu denda eta kritikariak; idazle estatubatuarrak azken zazpi urteetan argiratzen duen lehenengo nobela izango da. Urtarrilaren amaieran izango dugu eskuragai Erresuma Batuan “4 3 2 1” izenburudun fikzio lana. Lau bizitza paralelotan oinarrituta, eta, Faber argitaletxearen hitzetan, «ondareak, bizitzako aukerek, maitasunak eta bizitzak berak ematen dizkiguten pozei buruzko kontaketa epikoa». Zortziehun orritan zehar Austerrek inoiz idatzi duen fikzio lan hoberena dela esatera ausartu direnak ere badaude. Haruki Murakamiren “Men Wihtout Women” ere argitaratuko da, izenburuak iradokitzen duen moduan ezkongabe dauden gizonezko ezberdinei buruzko ipuin laburren bilduma.

Lehen aipatu dudan Hawkinsen arrakastaren ondoren, bere hurrengo lana ere prestatzen ari omen da idazlea, familia bateko sekretuetan barrera eramango gaituen suspense psikologikoko lana izango da antza, udara aldean argitaratuko dena.

Eta amaitzeko, liburuei buruzko istorio eder bat. Galesen, Camarthen eskualdeko herri txiki batean, duela hiru hilabete ekimen bat hasi zuten, irakurketa bultzatzeko helburuarekin. Liburuak paketetxo batean sartu eta zuhaitzean, etxeetako sarreretan, farolen azpian eta herriko beste txoko batzuetan uzten zituzten. Baldintza bakarra, liburua aurkitzen zuenak, irakurri eta berriro ere gauza bera egitea zen: liburua paketetxo batean sartu hondatu ez zedin, eta berriro ere nonbait ezkutatu. Liburuak errazago aurkitu ahal izateko mezuak uzten zituzten sare sozialetan, ekimenari buruzko oihartzuna oraindik gehiago zabalduz. Herriko eskolako haurrak ere ilusioz hasi dira “jokoan” parte hartzen eta irakurtzeko zaletasuna bultzatzen lagundu duela diote irakasleek. Laurogei liburu daude eskuragai.

Ez dira Agatha Cristiek edo Roosveltek adina liburu irakurtzera iritsiko, baina liburuen inguruan ilusioa piztea lortu dute. •