Miren Azkarate

«Eman ta zabal zazu»

Ez dakit zehazki duela zenbat aste izan zen. Mugikorreko dei bat izan nuen. Normalean ez dut hartzen ezezaguna bada. Baina langabezian zaudenean eta hamaika curriculum bidali dituzunean eta erantzunen zain zaudenean, ba hartu egiten duzu. Beraz, norbaitek timatu nahi banau edo ez badiot sekula telefonoa hartu eta nirekin hitz egin nahi badu, orain du momentu egokia!

Hartu eta inkesta baterako deia zen, kaka! Eskegitzera nindoan edozein argudio jarrita UPV-EHUri buruzko galdetegi bat zela esan zidanean. Oso urruti ikusten nituen unibertsitate urte haiek, baina, pentsatzen jarrita, duela bi urte inguru bukatu nituen Kazetaritza ikasketak, 2004/2005 ikasturtean hasi eta 2013/14an amaitu. Eta ez irakasle batek esan zidan moduan sei urtetan bizitzaz gozatu eta egin beharrekoak ez nituelako egin, baizik eta denbora horretan espetxean eduki nindutelako eta UPV-EHUn ezin izan nintzelako matrikulatu.

Hortxe hasi zitzaidan ahots atsegina galderak egiten. Ea burutu nituen ikasketak lana bilatzeko balio izan didaten, irakasleen balorazioa egiteko 1etik 10erako eskala batean, ea irakasleak ez ziren langileen euskara maila nolakoa zen, unibertsitateak eskaintzen zizkigun baliabideak egokiak ziren ala ez, eraikina eta klaseak egoera onean zeuden... Azkar erantzuten nion nik; ikasketek ez didate lana izaten erraztu langabezian nagoelako, irakasleen artean bi muturrak, 1ekoak eta 10ekoak, euskararen maila negargarria zela, bi telebista kamera genituela 100 ikaslerentzat, irratia (horrela deitzea asko iruditzen bazait ere) nik hiru hilabeteko ikasgai batean zapaldu nuen eta eraikina erori egiten zen literalki, pusketan!

15 minutu iraun zuen elkarrizketa atsegin hark, emakumeak nirekin batera egiten zuen barre, campusa ezagutzen zuen seinale. Azkenik zerbait gehitu nahi nuen esan zidan eta hementxe amaitu ziren barreak. Gehitu nuena aipatu dudana izan zen, euskal preso politikoek ezin dugula gure herriko unibertsitatean matrikulatu, ez dugula ikasteko eskubiderik 2004. urtetik. Emakumeak ezin zuen sinetsi, ez zekien ezer horri buruz. 13 urteren ondoren auzia ez da konpondu, okerrera egin duela esango nuke, eta oraindik bada euskal gizartean enteratu ez denik... Eta oraindik jende gutxiagok daki UPV-EHUko karpetak Palentziako espetxean egin izan dituztela preso sozialek. Paradoxa polita birgizarteratzearen izenean. •