Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

GERARDO MARKULETA

Poeta. Poeta eta itzultzailea, oñatiarra eta gasteiztarra, «batak ez du bestea kentzen». Edergailurik gabeko edertasuna erakutsi zale, komunikazioa oztopatu gabe. Orain dela urte bi iraganekikoak kitatu zituen sortzaile honek. Sortzaile, poeta zein itzultzaile gisa, euskarazko literatura ezagutarazteko premia gorriaren jakitun.

Poesia bizitzatik dator eta bizitzara joan beharra dauka», dio Gerardo Markuletak. Benetako poesia betetzen duena dela uste du, oinak lurretik altxatzen ez dituena eta komunikazioa bilatzen duena. Horrelako poesia nahi eta behar du berak, eta irakurketetan halakoxe poesia bilatzen du. «Airean asmatutako lirikotasun neurri gabeko horiek ez dira niretzat, ez sortzaile ez irakurle modura». Herrimin, berbamin eta maitemin ariketak egiten ditu, jende guztiak bizi eta ulertzen dituen gaien gainekoak. Haren poesiak eskuarki ez du soberako, beharrezkoa ez den elementurik, eta horretan bat datoz kritika gehienak. Horretan saiatzen dela dio berak, oro har laburrera jotzen duela, «esaera trinkoetara, baina komunikazioa oztopatu gabe». Haren poesiaren sinpletasuna ondo landua da, ordea. «Batak ez du bestea kentzen», dio irribarrez, bere hirugarren poesia liburuaren izenburua erabilita. «Edergailuak ez dira beharrezkoak atzean edertasuna dagoenean. Kontua da edertasuna lortzea soiltasun horretan. Edergailuz estalita, mozorrotuta badago, ez dakizu azpian mamirik dagoen. Badago zeri heldurik?». Bere lehenengo poema liburuetan badaude poema surrealistak, ulertezin baina iradokitzaileak, eta bide hori abandonatu egin zuen, tranpa zela iruditzen baitzitzaion, bere poesiarako ez zela bide zintzoa pentsatu baitzuen.

Alde estetikoa bilatzen du, zalantzarik gabe, baina ez hutsik, eta bere egiten du Juan Larreak “Razón” poeman egindako definizioa: «Sucesión de sonidos elocuentes movidos a resplandor», eta berehala ohartarazi du «distira» horri baino lehenago “adierazgarri” izenondoari erreparatzen diola berak, eta ondoren, beharbada, agertuko dela distira, baina komunikazioa lehenetsita.

Laburrera jotzea poemen oihartzunarekin lotzen du. Asmatuz gero, poema zenbat eta laburragoa izan, orduan eta handiagoa izango da oihartzuna, handiagoa irakurleari utzitako tartea bere irakurketa egin dezan eta txikitasunetik ondorio zabalak atera ditzan, guztiok ikusteko modukoak. «Zeruak izan bitez, baina ni ez naiz apaiza, medium edo igarlea, ni poeta naiz komunikatzailea naizelako, eta saiatuko naiz ahalik eta ederren, sakonen kontatzen, eta saiatuko naiz belarrira, bihotzera eta burmuinera jotzen. Esan dezatela nahi dutena nire poesiaz, baina nik neuk oso argi daukat, eta Mikelek [Urdangarinek] edo beste batek hartzen badu beren kanturako, zoragarri». Izan ere, Mikel Urdangarinek laster argitaratuko duen laneko “Itsasoan euria” eta “Dena neure baitako” abestien hitzak Gerardorenak dira. Ez dira bakarrak, ordea, Urdangarin beraren beste diskoren batean ez ezik, Txomin Artolak poeta gazteen hitzekin osatu zuen “Zurartean” lanean ere entzungai baitaude Gerandoren poemak, baita Jabier Muguruza eta Anje Duhalderen diskografian, ere. Ez dirudi kasualitatea, nabarmena baita Gerardoren poemen musikaltasuna.

Gaztetan kantautorea izan nahi zuen, baita gitarra jotzen ikasi ere «Ruperren [Ordorikaren] alderantzizko bidea» eginda. Baina literatur grina musikari gailendu zitzaion. Oñatin bizi bazen ere, 5 urterekin galdu zuen euskara, eta adin berean ikasi zuen irakurtzen. Eta ondoren konturatu zen amak egiten zuen gaztelania kalean egiten zenaren oso desberdina zela; esate baterako, telebistakoaren eta liburuetakoaren antzekoa zela. Kuadrillako lagunak euskaldunak ziren baina erdaraz egiten zuten. Eta Gerardo konturatu zen hizkuntza bat modu diferentetan egin zitekeela. Ikasketak egitera joaterako, literaturzalea baitzen, filologia egin behar zuen; hispanikoa, jakina, ez baitzekien euskaraz. Hartara, 17 urterekin Donostiara joan zen karrerako lehen hiru urteak egitera. Hango pisuan Oñatiko lagun oso euskaltzale batekin zegoen, Pruden Garziarekin, hain zuzen. Hark euskara eskolak ematen zituen eta Gerardo konbentzitu zuen gau-eskolara joateko. «Eta joan banintzen, joan nintzen». Egun batetik bestera pisuko laguna hasi omen zitzaion: «Hi, euskeraz ein bixuau». Gau eskolan batuaz ikasten zuen, eta pisuan, Pruden Garziarekin, Oñatiko euskaran eta hika aritzen zen. Sei hilabete eman omen zituen aditz paradigmak nahasian… «baina ikasi nuen. Eta oso pozik!».

Jaioterriarekin amodio-gorroto istorio bat omen zuen, idatzi beharrekoa. Besteak beste, hura kitatzeko gogoak bultzatu zuen “Denbora bere lekura” (Erein, 2015) azken poema liburua idaztera. Ume eta nerabe zeneko kontua, ikasketak egitera joan artekoa. Ondoren asteburuetan eta oporretan baino ez zen Oñatira agertuko. Herriko orduko bizitza iluna begitantzen zaio, horrela gogoratzen du. Alde batetik kuadrillak eta jaiak –«etengabe, gainera»– gogoratzen ditu, baina herriaren bizimodua ilun bezala du gogoan, garai hartako aste santuak, irratiko musika militarra, prozesioak elizaz eliza… «tristea». Hartara, hari begira jarri beharra zeukala pentsatu zuen, bakezkoak egiteko. Eta mende erdia beteta, «denbora bere lekuan jartzeari» ekin zion. «Mende erdia ez da edozer gauza. Atzean utzi dudana, ustez, gehiago da aurretik datorkidana baino».

Ia hamar urte zituen poesiarik argitaratu gabe, 2006an “Ezjakintasunak” kaleratu zuenetik hain zuzen, 25 urte “Larrosak, noizean behin” bere lehen poesia liburua Jon Iriberri ezizenaz argitaratu zuenetik. Eta tiraderetan gordetako idatziak arakatzen hasi zen. Izan ere, ez zen bat-bateko lana izan, Gerardok etengabe idazten du-eta. Paperean lehenik; gero, ordenagailuan, idatziak gaiaren arabera sailkatuta. Baina aldez aurretik plangintzarik egin gabe, horretarako ez omen du balio, edo ez du gogorik, ez baitator bat bere lan egiteko moduarekin. Gauza batzuek min handia eman ziotela zebilkion buruan, «banaka batzuk oraindik ziztaka» zituen, eta «aztertu, kantatu, kontatu eta hortxe utzi» zituen, minik ez emateko moduan. Terapia modura idatzi zuen liburua, eta baliagarri gertatu zitzaion.

Karrerako bigarren zikloa, laugarren eta bosgarren ikasturteak, Asturiasen egin zituen, Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campusetik Oviedora joateko tradizio txikiari jarraituz. Han asturierazko zenbait idazle ezagutu zituen, besteak beste Xuan Bello eta Berta Piñan, eta tertulia ugari egingo zituen haiekin, hizkuntza eta nazio txiki edo baztertuen gainean. Euskal Herrira itzuli zenean, irakaskuntzan jardun zuen, Gasteizen, eta ondoren, bolada luze batez, literatur kritika egin zuen, «benetako kritika gutxi egiten zen garaian».

Narratiban jarduteko asmorik duen galdetu diogu, Iban Zalduarekin batera idatzi zituen “Ipuin euskaldunak” edo Lizardi Saria irabazi zuen “Asier eta egia gurutzatuen liburua” gazte literaturako lana gogora ekarrita. Tentazioa izan duela dio, eta baduela zerbait idatzita «izkina batean». Beharbada egunen batean helduko dio. Gustukoa du narraziogintza, bai irakurle modura bai sortzaile modura, baina laburrean, ipuin laburrak, eguneroko moduko sarrerak. Ipuinak poema baten antzeko egitura izan dezakeela dio. «Narratiba itzultzailea naiz, eta lanbide horretan narratiba idazteko oso baliagarriak izango litzaizkidakeen tresnak jaso ditut». Hala ere, berak duen baino motibazio handiagoa behar omen da horretarako. Azkenaldian oso nobela gutxi irakurtzen du, lanerako ez bada; bestela, ipuin bildumak. Ez du baztertzen egun batean bide horretara jotzea, baina denbora asko behar da, berak ez daukan denbora. Gainera, erabateko arduraldia behar da, burua horretarako bakarrik… «Niri ez dit batere inbidiarik ematen», dio.

Gerardo poeta da. «Poeta eta itzultzailea». Literatur itzulpengintzan eman zuen lehen pausoa bere poemak euskaratzea izan zen. Eta itzultzaile profesional gisa egin zuen lehen lana ez zen edonolakoa izan: Julio Cortazarren “Oktaedroa”, Literatura Unibertsalerako itzulpen lehiaketan. Asko maite du Cortazar, «horregatik ez zitzaidan hain zaila egin itzulpena».

Ondoren, denetariko itzulpenak egingo zituen, gaztelaniatik, frantsesetik, katalanetik euskarara; baita, maiz, gaztelaniara, euskarazko lanak batez ere, hala nola Harkaitz Canoren “Twist” eta Kirmen Uriberen “ Mussche” (“Lo que mueve el mundo”) eleberriak edota Uriberen beraren “Bitartean heldu eskutik” (“Mientras tanto dame la mano”) eta Rikardo Arregiren “Kartografia” poema liburuak. Baita beste poeta euskaldun zein atzerritar askoren poemak ere. Dioenez, itzulpengintzan helburu hizkuntzak ama hizkuntza edo parekoa izan behar du, horregatik, berak euskarara eta gaztelaniara itzultzen du. Ez daki elebidun perfektua den, teorian ez baitago halakorik, baina bi hizkuntza horietara itzultzeko lanetan oso eroso sentitzen da. Haren lanen gaineko kritikak oso onak izan dira.

Euskarara itzultzeak esparru zabala eskaintzen diola dio, gauza asko dagoelako itzultzeke eta «sortze kuota» askoz handiagoa delako. Asko gozatu zuen Michel Houellebecqen “Soumission” eleberria euskaratuz, euskaraz sekula esan gabeko gauza asko zituelako. Itzultze lana ere sortze lana dela dio, baina hizkuntza maiztu batera itzultzeak tarte txikiagoa uzten duela; euskarara edo gisako hizkuntza batera itzultzean, berriz, sentsazio hori areagotu egiten omen da, bide bat urratzen ari den sentsazioa, alegia. Kontrako bidean, euskaratik gaztelaniara oso jende gutxik itzultzen du, eta ikaragarri inportantea iruditzen zaio Gerardori, euskarazko literatura ezagutarazteko premia dela eta. Tentuz egin beharreko gauza dela dio, baina egin beharrekoa, kontziente izanik euskal herritarren erdiek ez daukatela bestela Koldo Izagirre edo Joseba Sarrionandia irakurtzerik, eta aukera hori eman behar zaiela. «Eta oraingo errelato famatu horretan gure partea jarriko badugu, itzuli beharra daukagu; bestela, egingo digute errelatoa, atzetik eta maltzurki». Horregatik, hain zuzen, oso pozik dago Harkaitz Canoren “Twist” eta beste zenbait lan itzulita, eta arrazoi berberagatik oso pozgarria gertatzen zaio oraindik orain Sarrionandiak antologia elebiduna argitaratu izana.

Denbora bizkor joan da, ohi baino bizkorrago, baina Gerardo Markuletarekin izandako solasean zerbait ikasi izanaren sentsazioa utzita. Bizkor joan da, baina ez da denbora galdua. •