Dabid LAZKANOITURBURU
IKUSMIRA

MUNDUKO BELDUR GUZTIEN ARTEAN, GEZURRA DANTZAN

Ameriketako Estatu Batuak eta oro har Mendebalde osoa errotik astindu zuen Depresio Handiaren osteko ezinegonari aurre egiteko swinga dantzatzeari ekin omen zion jendeak. 2008an hasi zen krisialdi globala ekonomian eta politikan pairatzen ari garen honetan, “La La Land” film musikala da faborito nagusi aurtengo Oscar sarietan. Bada, Bambi grafitigile anonimoak argazkian ageri den irudia marraztu du egunotan Islingtonen. Bere parodian, Londresko bazter guztietan ikus daitekeen filmaren kartelean Donald Trump AEBetako presidente berria eta Theresa May ari dira dantzan, eta ez Emma Stone eta Ryan Gosling aktoreak. Filmaren izenburuarekin ere jolastu du: “La La Land” (ur gaineko bitsetan bizi direnen herria, Los Angeles edo LA, promesa guztien hiria...), “Lie Lie Land” (gezurraren herria) bilakatu da. «Inolako kezkarik gabe bikotea dantzan? Filma munduan bizi dugun aro politiko erabat ilunean estreinatu da!», salatu nahi izan du egileak. Dabid LAZKANOITURBURU