Isidro Esnaola

Europar Batasunaren urteurren zaila

Larunbat honetan Erromako Ituna sinatu zela 60 urte betetzen dira. Akordio hori egungo Europar Batasunaren abiapuntua izan zen. Ospakizuna momentu txar batean iristen da, batasun proiektuak ez du-eta bere momentu hoberena bizi. Datorren asteazkenean, Britainia Handiak Europar Batasuna uzteko prozesua martxan jarriko du. Horrez gain, Europako estatuetan gero eta nabarmenagoa da Europar Batasunaren aurkako giroa, eta arazoei aurre egiteko Europar Batasunak duen ezintasuna ere agerikoa da: errefuxiatuen afera, ekonomiaren sustapena, Mediterraneoko herrialdeen krisi sakona, Ukrainako egoera... Arazoak bata bestearen atzetik. Giroa borobiltzeko Europako Batzordeko presidenteak, Jean Claude Junckerrek, Europar Batasunaren etorkizunari buruzko liburu zuria aurkeztu berri du. Dokumentu horretan bost agertoki marrazten dira, eta txostenaren benetako helburua bi abiadurako Europa eraikitzeko oinarriak jartzea da. Hori bai, aipagarriena honakoa da: Europako elitea hain modu ireki eta konplexurik gabean hitz egiten ikustea bi abiadurako Europari buruz.

Europar Batasunaren urteurrenaren harira, kanpotik gauzak nola ikusten diren aztertzeak beste ikuspegi bat ematen du. Bada, pasa den urteko maiatzean, Brexitaren aurretik, argitaratutako “Errusiarentzat estrategia” txostena aipatuko dut. Egilea Errusiako Kanpo eta Defentsa Politikorako Kontseilua da. Kontseilu horretan politikariak, akademikoak, enpresariak eta diplomatikoak biltzen dira. Idazlan horrek Europar Batasunari buruz jasotzen duen irakurketa laburra oso interesgarria iruditu zait.

Abiapuntu gisa txostenak onartzen du Europar Batasuna eredu gisa ikusten zela nazioartean garai batean, indarkeriarik gabeko gune gisa. Era berean, Europatik kanpo, bizitza erosoaren eredu ere bazen gehiengoarentzat. Hala ere, 2000ko hamarkadaren erditik aurrera, Europar Batasuna erpin asko dituen krisialdian murgildu zen. Krisi horretan oinarri ezberdinak ikusten dituzte errusiarrek. Alde batetik, ikuspuntu ekonomikotik, munduko merkatuetan lehiakortasuna galdu du Europar Batasunak. Errusiarren iritziz, Europar Batasuneko estatu gehienetan lehiakortasun hori «gehiegizko babesak» zapuztu du. Ideia hori ez da berria, Alemaniako Gobernua bera ere iritzi berekoa baita. Hamarkada luze darama Alemaniak ongizate estatua berrantolatzen, bere ekonomiak lehiakortasuna irabaz dezan. Bestetik, ikuspuntu politikotik, 90eko hamarkadaren euforiaren ondorioz, zabalkunde azkarregia bultzatu zuen Europako eliteak. Ondorioz, Europar Batasunaren barruko ezberdintasun ekonomiko eta kulturalak, lausotu beharrean, sakondu egin ziren. Oinarri nahikorik gabeko beste erabaki bat euroaren sorrerarena izan omen zen, zuzendaritza ekonomiko orokorrik gabe jarri baitzen abian. Kanpo eta defentsa politikaren bateratzea ere oinarri gabe egin ei zen. Bat egite hori denen arteko izendatzaile komunaren arabera egin zen. Horrek adostasun esparrua asko mugatu zuen, estatu bakoitzaren kanpo interesak eta politikak arras ezberdinak direlako. Azkenean, kanpo politikaren bateratzeak Europar Batasunaren nazioarteko eragina indartu beharrean ahuldu egin du. Beste maila batean, elitearen eta herriaren arteko distantzia handitu egin dela aipatzen du txostenak. Defizit demokratikoa gero eta agerikoagoa dela, batasun prozesua aurrera joan ahala gero eta ahalmen gehiago pilatu direlako Bruselan. Erabakiak herritarrengandik urrundu dira, eta, era berean, Europar Batasuna etengabeko hauteskunde kanpaina batean murgilduta dago; estatu batean ez bada, ondokoan. Elekzio sistemak eliteak epe luzeko erabakiak hartzea eragozten du eta horrek lidergoa ahultzen du.

Azken ideia moduan, txostenak dio Europaren bazterretan mundua aldatu egin dela, «europarra ez den bide batetik gainera»: estatuek birnazionalizazioaren, edo, beste modu batera esanda, beren burua indartzearen, aldeko apustua egin dute. Ondorioz, munduak egonkortasuna galdu du eta indarraren politika sendotu egin da. Europa mundu horretan eragiteko tresnarik gabe gelditu da errusiarren ustez. Beharbada, antzeko irakurketa egin du Europako eliteak, eta hortik dator bi abiaduren aldeko apustua. •