Xabier Izaga Gonzalez
«EGIN»-ETIK «GARA»-RA ETA...

Jabier Salutregi eta Iñaki Soto, kazetaritzaz

Berrogei urte beteko dira aurten «Egin» egunkaria sortu zenetik. Urteurren hori dela eta, Laudioko Gure Aukera kultur elkarteak solasaldi bat antolatu zuen joan den astean bertako Lanbide Eskolako zentroan. Parte hartzaileak ondo ezagunak dira: «Egin»-eko zuzendari Jabier Salutregi eta Iñaki Soto, GARAko zuzendaria. Gaia, jakina, kazetaritza. Euskal kazetaritza.

Isidro Murgak aurkeztu zituen Iñaki Soto GARAko zuzendaria eta Jabier Salutregi “Egin”-ekoa, «orainaldian esanda, hala baita oraindik», bera ere oraindik egunkari horren Administrazio Kontseiluko kide den bezala. Duela 40 urte “Egin” kioskoetan agertzeak sortu zuen ilusioa gogorarazi zuen. Ahotsik gabekoei ahotsa emateko sortutako proiektua zen, abentura zoragarria, Aznarren eta Mayor Orejaren Gobernuak trenkatutako abentura, Garzonen morrontzarekin. “Egin” ixteak, baina, bi «mirari» eragin omen zituen. Lehena, 24 ordu baino gutxiagoan “Euskadi Información” agertzea, eta, bigarrena, itxieratik sei hilabetera, GARA.

Ordutik politika arloan zein gizarte ohituretan izandako aldaketa garrantzitsuak aipatu zituen gero Murgak. Prentsari dagokionez, egun ziurgabetasunen artean dabilela esan zuen. Alde batetik, krisi ekonomikoak kioskoak ixtea eta hedapena eta publizitatea jaistea eragin du. Bestetik, hedabide digitalak agertu dira, eta, «atze-ohial gisa», adierazpen askatasunaren hondatze larriak ekarri dituzten auzipetze, salaketa eta epai zigortzaileak, iritzia emate hutsagatik.

«Esandako guztiaren inguruan, hala nola testuinguru honetan euskal prentsak bete behar duen lekuaz gogoeta egiteko, bi lekuko eta protagonista aparta ditugu gaur hemen: Jabier Salutregi eta Iñaki Soto».

 

Paperezko prentsak iraungo du, modu desberdinean

Ordu eta erdiz luzatu zen bi zuzendarien solasa; hala ere, entzuleek ez zuten alde egiteko gogorik erakutsi eta zenbait iritzi eta galdera plazaratu zituzten. Gogoeta jakingarriak sortu ziren haietatik, instituzioen publizitatearen inguruko trikimailuetatik prentsaren etorkizuneraino.

Paperezko prentsaren etorkizunaz, Iñaki Sotok esan zuen borrokatu behar izan diren ideietako bat papera hilda dagoela ziurtatzen zuena dela. Haren ustez, pantailan irakurtzean paperean irakurtzearen antzeko sentsazioa lortuko du garapen teknologikoak. Baina gaur egun ez dago horrelakorik eta paperean irakurtzea hausnarketa pausatuarekin eta asmo intelektual sakonagoarekin lotu zuen. «Uste dut kantitate txikiagoa izango bada ere, papera ez dela gurekin hilko». Isidro Murgak gogorarazi zuen telebistan paperezko prentsaren lehen orriak agertzen dituztela –gehienei GARArena ahazten bazaie ere–. Jabier Salutregik –«paperari atxikitako belaunaldi batekoa»– uste du paperaren etorkizuna kazetaritza sakonagoa, analitikoagoa, iritziari tarte handiagoa ematen diona egitea dela, askotan pentsatzea galarazten duen informazio masa erraldoitik harago. Soto bat etorri zen Salutregirekin, eta GARAko “Eguneko Gaiak” jarri zituen adibide. Erronka bat agertu zuen: ados egotetik harago interesatzen zaiena kontatzeko gauza diren eliteak erreproduzitzea. Sotoren ustez, irakurleek hezten joango diren sistema bat garatuko dute hedabideek, eskatutako informazioari eta informazio horretarako nahi dituzten euskarriei dagokienez. «Gaur egun albisteek bulego-ordutegia dute», esan zuen GARAko zuzendariak. Azken orduko labur baterako tartea besterik ez omen dago. Gainontzekoa NAIZen dago. «Hori bertan dago, eta erredakzioek moldatu egin behar dugu, alde batetik, eta, bestetik, gure irakurleekin negoziatu. Horregatik dira hain garrantzitsuak harpidetzak, eta horregatik du GARAk bere irakurleek nahi dutena hobeto ezagutzeko abantaila, bere oinarriarekin, komunitate horrekin, harreman zuzena izateko abantaila».