Amagoia Mujika eta Maider Iantzi
Entrevue
Ander Fuentes Mujika «Itturri»

«Asteburu honetan gauza asko ditugu esateko, ospatzeko eta aldarrikatzeko. Ea ez zaizkigun pilatzen»

Hirugarren finala izango du gaurkoa, aurretik 2009. urtean eta 2015ean iritsi baitzen txapelketaren azken geltokira zubietarra (1979). Txapelketa honetan hotz samar geratu izan da saio batzuetan eta finala baliatu nahiko luke sentsazio hori eranzteko. Umorea eta freskotasuna jantzi nahiko lizkioke finalari.

Zer moduz finaleko astea?

Nahiko lasai, momentuz. Final bezperako prentsaurrekoak eta bazkariak izan ditugu eta bertsotan nahi baino gutxiago egin dugu, akaso. Egia da, gainera, fase bat bukatzen denean hustualdi moduko bat sentitzen dugula eta igual egun batzuetako atsedena hartzea komeni izaten da, gero berriz indarrez hasteko.

Nola sentitu zara txapelketan?

Urtero bezala, izena emateko orduan pereza sentitu nuen. Urrian ematen dugu izena eta oraindik urruti ikusten da txapelketa. Joanes Illarregirekin eman nuen izena eta, aitzakia horretan, ilusio handiz abiatu nintzen txapelketan. Nik ere banuen gogoa. Lehenbiziko saioan ondo sentitu nintzen. Nire ustez, txukun aritu nintzen, baina gero jendeak ez zuen hala uste. Gero, finalerdikoan, han ginen denok sumatu genuen nahiko giro hotza. Ez dakit aretoagatik edo zergatik, baina giro hotza izan zen han. Bestetik, presioa ere sumatu dut. Beste urte batzuetan ez dut halakorik sentitu, lasaiago ikusten nituen bazterrak eta aurten sentitu dut lotuta ibili garela. Iruditu zait taldea osatzen ere ez dugula asmatu, bakoitza bere horretan eta bere pentsamenduetan ibili da. Ea finalean lortzen dugun horri buelta ematea.

Hotz samar sentitu zara, beraz.

Bai, ariketa guztietan nahiko hotz hasi naiz, nahiz eta gero ondo sentitu naizen. Eta iruditu zait lagunen arteko giroa ere hala izan dela. Ez dakit, akaso, nik sumatu dut horrela.

Finalean gauza horiei buelta eman behar.

Behin finalean sartuta ni, behintzat, asko lasaitu naiz, aurrerago ez dagoelako beste faserik jokoan. Bertsotan ongi aritu nahi nuke eta lagunekin ofizio onak osatu. Ondo pasatzea eta jendeak disfrutatzea da nire helburua finalean, ez dut beste erronkarik.

Aurreko finalak nola gogoratzen dituzu?

Lehenengoa hasi berritan izan zen, 2009an. Nahiko oroitzapen ona daukat, hala ere; inkontziente samarra nintzela uste dut eta gozatu egin nuen. Lasai ibili nintzela eta azkar pasatu zela daukat gogoan. Duela bi urteko finalaz ere oroitzapen ona daukat. Final polita atera zen. Aurtengoan lasai egon nahiko nuke eta presaka ez ibiltzea. Batzuetan, akaso, gaia gainetik kentzera joaten naiz, azkar bukatzera. Patxada nahikoa eduki nahi nuke ariketa bakoitzari merezi duena emateko.

Zortzi finalistetatik zazpik errepikatzen duzue. Denak gizonezkoak.

Baina belaunaldi berriak ere hortxe geratu dira, finalaren ateetan, eta tartean emakume bat. Duela bi urte ere hala gertatu zen eta batzuk desilusionatuta sumatu ditut horregatik. Baina, orokorrean, txapelketa honetan iruditu zait gazte batzuek salto handia egin dutela. Ez dira iritsi finalera akats txikiengatik. Egia da polita litzatekeela finala aldatzea, gazteak sartzea, emakumeak... momentuz horrela gaude. Ea pixkanaka aldatzen den finaleko panorama, bestela seinale txarra izango litzateke-eta. Pentsatzen dut datozen urteetan aldaketak izango direla.

Zer eman nahiko zenioke finalari?

Lehen esan dizudanez, saio batzuk hotzak izan direla iruditu zait, umorea falta izan zaigula. Askotan txapelketako estiloa oso dramatikoa izaten da, gaiak ere horrelakoak izaten dira eta guri burua txip horrekin jartzen zaigu. Umore eta freskotasun pixka bat sartu nahiko nuke finalean, elkarri erantzunez eta zirikatuz. Saioa bizi joan dadila. Hori gustatuko litzaidake. Zailagoa da barre eragitea negar eragitea baino. Ea finalean asmatzen dugu barre eragiten.

Nola pasatzen dituzu final bezperako egunak?

Ez dut plan berezirik izaten. Joanes Illarregirekin elkartu naiz bertsotan egiteko, mendi bueltaxkaren bat eman... baina normaltasunez bizi ditut egunak, etxean umeekin ere nahiko lan izaten dut-eta. Normaltasunak mesede egiten dit eta, gainera, ez pentsa denbora asko daukadanik normaltasun horretatik ateratzeko. Bertsoari begira, gustatzen zait gai batzuen inguruan pentsatzea, puri-purian dauden gaiak begiratzea.

Asteburu berezia.

Oso asteburu berezian egokitu da finala, gauza asko gertatuko dira inguruan. Guretzat, igual, gehiegi. Baina horrela tokatu da finala eta aurrera egin behar. Asteburu honetan gauza asko ditugu esateko, ospatzeko eta aldarrikatzeko Euskal Herrian. Ea neurria hartzen diegun eta ez zaizkigun gauza horiek denak pilatzen.