Saioa Iraola

Ni (gu) ere bakegile

Aste honetan, egunkarietan irakurtzen aritu naiz gaurko egunari begirako kontuak eta, bereziki, “bakearen artisau” ugariri eginiko elkarrizketak.

Pozik nago, ikusten dudalako bakearen inguruko gogoeta interesgarriak eta beharrezkoak ari garela proposatzen: «bakea ez da dekretuz erabakitzen, eraiki egiten da»; «zauriak sendatzen ez baditugu, ez gara sekula bakean izanen»; «jendarte adiskidetzea»; «presoak itzultzea»; «gizarteko sektore guztiak inplikatu behar dira prozesuan»; «bake eta bizikidetza prozesu bat da, gertatu den guztia eta biktima guztiak aitortzeko»...

Beraz, ez dut zalantzarik gaurko eguna zinez garrantzitsua dela, behin betiko eta egiaztatutako armagabetzea beharrezko osagaia baita ondorengo prozesuetarako. Hortaz, hemen ez da ezer amaitzen, ETA erakundea armagabetuko den arren, bake eta bizikidetza prozesua abiarazi behar dugu, biktima guztien aitortza, erreparazioa, memoria, justizia eta preso eta iheslarien etxeratzea oinarri izango dituena. Bide luzea dugu aurretik. Feministontzat biziki garrantzitsuak izango dira hemendik aurrera martxan jarriko ditugun prozesu partekatuak, bakea emakumeen zapalkuntza oinarri finkatu da eta ez gaude prest patriarkatuaren bake faltsuan bizitzen jarraitzeko.

Bost urte eta erdi pasa ondoren, eta estatuen immobilismoaren aurrean, gizarte zibilak erakutsi du borondatearekin, elkarlanarekin eta konpromisoarekin erronka handiak (ETAren armagabetzea, kasu) lor daitezkeela.

Horregatik, gaur, Baionan izango naiz (gara) beste milaka lagunekin batera, prozesu honetan parte izateko eta bizikidetza prozesuak denontzako bakea ziurtatu behar duela uste dudalako; eta apustu horretan, irizten diot gizarte zibila osatzen dugun subjektu guztiok aintzat hartu eta eragiteko ahalmena izan behar dugula. Atzo, gaur eta bihar ere feministok #bakegile. •