Jose Angel Oria
ERRUMANIA

Zenbat kobratzen dute zakurrek oposiziokoen protestetara joateagatik?

Berri faltsuak betidanik izan dira munduan, baina AEBetako azken hauteskundeetan teknika bera erabiliz Trumpek garaipena lortu zuenetik, «fake news» espresioa ikasi beharrean izan gara. Errumanian oso modu harrigarrian zabaltzen dituzte gezurrak, telebistak esan baitu zakurrek ere kobratzen dutela oposiziokoen ekitaldietara joateagatik.

Telebistak esan badu, nola izango da bada gezurra? Orrialdeotan eskaintzen dugun argazki handia aurtengo otsailaren 13an ateratakoa da, Bukarest hiriburuan, Gobernuaren aurka egindako manifestazio batean. Bertan ageri den herritarra bere zakurrarekin irten zen kalera bere haserrea adieraztera.

Errumaniako hedabide batzuetan irudi hori ikustea nahikoa izan zen bertako arduradunek berri faltsu bat asmatzeko: protestaldien antolatzaileek dirua ematen diete bertan esku hartzen dutenei.

Romania TV kateak zehaztu zuen zenbat kobratzen duen esku-hartzaile bakoitzak: «Helduek 100 leu (22 euro inguru) jaso zituzten, umeek 50 leu, eta zakurrek 30».

Tankerako berri baten arabera, George Soros AEBetako dirudunak tragedia eragin zuen sute bat finantzatu zuen 2015ean, ustez agintean zeuden politikarien etsai amorratua delako. Sutea benetakoa izan zen eta 64 pertsona hil ziren.

Telebista kateak

Gertaera horrek eragin zuen sozialdemokratek osatutako Gobernua erortzea. Adituen ikerketak baieztatu zuen segurtasun arauak bete ez izanak eragin zuela sutea. Gainera, sutetik bizirik ateratako herritar batzuk ondoren hil ziren erietxean, osasun sistemak dituen gabezia larriak agerian uzteko.

Hogei milioi biztanle dituen herrialdean bost katek dute telebistaren tarta osoa. Romania TV da horietako bat. Hauteskundeetarako bi egun falta zirela plazaratu zuen Sorosi buruzko «berria». Beste kate batzuek ere bide bera hartu zuten.

Testuinguru horretan ez da harritzekoa herritar asko oso haserre egotea. Egungo Gobernuak urte hasieran ustelkeriaren aurkako neurriak samurtzeko erabakia hartu zuenean, 500.000 errumaniarrek hartu zuten parte neurri horren aurkako mobilizazioetan.

Giro baketsu eta alaia izan zen nagusi leku gehienetan, baina erreportaje batzuetan «gerra kaleetan» ikusi zuten. Baita «estatu kolpe» bat ere.

Ikus-entzunezkoen Kontseilu Nazionalak inoiz baino salaketa gehiago jaso ditu urtarrilean eta otsailean: 2.163. Iazko epe berean jasotakoen hamar halako, Dorina Rusu kontseilariak emandako datuen arabera.

Isunak eta publizitatea

Romania TV kateak 6.600 euroko isuna ordaindu behar izan zuen Sorosen inguruan esan zituenak esateagatik. Beste 11.000 euro pagatu zituen manifestariek kobratzen omen dituzten kopuruen inguruko «berri faltsua» plazaratzeagatik.

ActiveWatch prentsa askatasunaren aldeko elkarteak eta Art Directors Club Errumaniako publizitate profesionalen erakundeak ere salatu dute inoiz baino «gehiegikeria» gehiago egiten dutela hedabideek.

Ondorioz, berri faltsuak plazaratzeko garaian gehien nabarmendu diren bi kateek zuten publizitatearen bi heren galdu dituzte otsailean, IQads webgune espezializatuaren arabera.

AEBetan egin duten moduan, Errumanian ere Errusiari leporatzen diote fenomenoa. Azken bolada honetan Errumaniak Europar Batasunarekin eta NATO erakunde militarrarekin dituen harremanen inguruko gezurrak zabaldu dira. Esaterako, esan izan da Errumania Europar Batasuneko «diru-emaile netoa» dela gaur egun, hau da, blokeari diru gehiago ematen diola jasotzen duena baino, baina herrialdeak kohesio funtsetatik 26.000 milioi euro jaso ditu 2007an blokean sartu zenetik. Beste «fake new» baten arabera, «herrialdeko nekazaritza lurren %70» atzerritarren esku daude.

Corina Rebegea Europako Politikaren Analisi Zentroko adituak «errusiar propaganda» ikusten du fenomenoaren atzean: «Helburua herritarrek Europar Batasunarengan eta NATOrengan duten konfiantza ahultzea da, Errumania nazioartean gero eta zaurgarriagoa izan dadin».

Errumaniarren konfiantza

Errumaniarrak dira, inkesten arabera, Europar Batasunarenganako konfiantza gehien duten herritarrak (%50 inguru, batez bestekoa %35ekoa denean), baina hedabideek azken bolada honetan zabaldu dituzten «berrien» eraginez, ia baztertuta zeuden mezu euroeszeptikoak indartzen ari dira. Euroeszeptizismoak gora egin du, batez ere iazko udan Romania TV katearen jabetza duen Sebastian Ghita diputatu sozialdemokrata ohiak alderdi nazionalista txiki batekin bat egin zuenetik. Geroztik kateak ildo bereko politikari ugari eraman ditu platora.

Corneliu Bjola Oxfordeko Unibertsitateko irakaslearen iritziz, «errusiar propagandak aurrera egiten jarraituko du datozen urteetan, Errumania europar proiektuaren punturik ahulena bezala ikusten baitute, bere barne tentsioen eraginez».

«Lotsagabeko gezurrak diskurtso politikoaren zati dira Antzinako Greziaz geroztik eta Erromatar Inperioaren garaian ere asko erabili ziren», Robert Zaretsky Houstongo Unibertsitateko historialariaren iritziz.