Iñaki Altuna

Ez IRA, ez eta GRAPO ere

Antonio Camacho Espainiako Barne Ministerioko Estatu idazkari (2004-2011) eta ministro (2011) izan zen Rodriguez Zapateroren Gobernuaren garaian. ETArekin izandako negoziazioek porrot egin ostean, 2008ko azaroan, euskal erakunde armatuak IRA bezala amaitzeko aukera izan zuela baina GRAPO taldeak bezala amaituko zuela esan zuen Camachok.

Bistan da ETAk ezin izan ziola IRAren bideari jarraitu; beste gauza batzuen artean, aurrez aurre izan dituen gobernuen jokabideagatik. Oso adierazgarria izan da, azken urteotan, Rajoyren Gobernuarena, egindako urrats bakarra blokeo jarreratik boikot aktibora pasatzeko egindakoa izan baita. Jonhatan Powellek, IRArekin negoziazioetan funtzio oso garrantzitsua izan zuenak eta euskal gatazkarekin ere harremana izan duenak, duela egun gutxi “Financial Times” egunkarian Madrilen jokabide zikoitza agerian utzi du. Bai, hala da, ETAk ezin izan dio IRAren bideari jarraitu; beste gauza askoren artean, mahaiaren beste aldean ez zuelako Powellen modukorik izan. Egigurenek, akaso, izango zuen britainiarraren aldartea, baina ez boterea. Agindu Rubalcabak agintzen zuen.

GARAk gaztelaniaz argitaratutako Powellen artikulu horrek badu, halere, datu oker bat. Tony Blairren laguntzaile nagusi izandakoak dio ETAk eragindako hildako gehienak zibilak izan zirela, baina ez da horrela, hildako gehienak poliziak eta militarrak izan baitziren. Kontakizunaren bataila hainbeste aipatzen den garaiotan, komeni da datu zuzenak erabiltzea.

IRAren bidea hartu ez izateagatik GRAPOrena hartuko zuela ETAk esan zuen Camachok, ahuleriaren ahuleriaz hilko zela adierazteko. Guardia Zibilaren atzaparretan amatatuko zela, alegia. Antza, Baionan apirilaren 8an ikusitakoaren arabera, ETAk bazuen hirugarren aukera bat, ezker abertzalearen estrategia berrituaren bidetik: hau da, aldebakartasunetik ziklo independentista hauspotzea eta herri nagusitasuna sustatzea. Gakoa ez baita operatiboa eta militarra, politikoa eta soziala baizik.

Euskal Herrian izan dira beste erakunde armatu batzuk kasik isiltasunean amaitu direnak. Talde Autonomoak, Iraultza, Hordago… Iparretarrak-ek ere, bestelako itzal edo segida politiko bat utzi arren, ez zuen amaiera jendaurrean adierazi, eta hori egin ez izana akatsa izan zela esan duenik ere bada bere militanteen artean. Nonbait, arazoa ez da erabakia bera hartzea eta ezagutaraztea (borroka armatua utzi, armagabetu edo erakundeari amaiera eman, azkenaldian aipagarri diren hiru adibideak aipatzeagatik), erabaki hori zergatik eta zertarako hartzen den baizik. Zer-nolako prozesu politikotan txertatzen den egindako urratsa da gakoa, eta, jakina, inolako prozesu politikorik ez badago, orduan bai hitz egin daitekeela porrotaz. Porrot gogorrenaz, porrot politikoaz.

Baina ez dirudi hori denik aurreko apirilaren 8aren inguruan gertatutakoa. Ikusi besterik ez dago armagabetze ekimena gutxiesten edo errendiziotzat jotzen saiatu direnen amorrua eta ezinegona. Garaile ozpinduak benetan.

Zenbait jende propagandan eta intoxikazioan ari dela esan zuen ETAk Aberri Eguneko agirian. Bada halakorik, bai. Orain dela gutxi ETAk apenas zuen armarik eta orain, berriz, misilak ere ezkutuan omen ditu. Albiste biak egunkari berberetan irakurri ditugu aste gutxiren aldearekin. Armagabetzearen emaitza bera zalantzan jartzen hasi dira batzuk, prentsa filtrazioen bidez, “bakearen artisauek” zabaldutako datuak kolokan jartzen. Txetx Etcheverryk aste honetan “Berria”-ri emandako elkarrizketan joko zikin hori agerian utzi du, armagabetzearen helburua bete ote den galdetu diotenean: «Egiaztatua izaten ari da. Espainiako prentsan polemikak sortzen ari dira, baina irakurri dudanak ez du bat egiten gaur egun nik ditudan informazioekin». Bi gauza hartu behar dira kontuan: lehena, Etcheverryk harreman zuzena du Frantziako agintariekin eta, beraz, badu datuak baieztatzeko aukera; bigarrena, Guardia Zibila egoera nahasteko ahaleginean aritu dela detektatu dute, apirilaren 8aren aurretik eguna oztopatzeko presioak eginez eta, ondoren, zalantzak sortzeko datu okerrak zabaltzen. Arazo handia dute, ordea, Frantziako Barne ministroak ontzat eman baitzuen armagabetzea apirilaren 8an bertan, oraindik zenbait arma galdurik egon daitekeela jakin arren.

Xelebrea ere bada Espainiako hainbat politikarik diotena: armagabetzea egiazki baieztatzeko ez dago bermerik. 2014tik hona, ETAren armategiaren inbentarioa egiteko martxan jarritako prozesua oztopatu baino ez dute egin eta orain bermeak eskatzen dituzte. Lehen, nahikoa zuten ETAk GPS puntu batzuk ematearekin, eta orain, armak gizarte zibilaren esku agertu direnean, zorroztasuna galdegiten dute, seguru asko, afera irekia uzteko eta aurrera ez begiratzeko. Blokeoan segitzeko gogoz.

Ekimenak lortutako babes handiak, ordea, lekuz kanpo utzi ditu halakoak Euskal Herrian, Matteo Zuppik Munilla lekuz kanpo utzi duen bezalaxe. •