Oihane Larretxea de la Granja
HISTORIAK JANTZIAK JOSI

Iraultza dantza taldeak sustatua, ateak ireki ditu Errenterian Jantzien Zentroak

Historiaren bidez jantzien garapena ulertu, edo jantzien garapenaren bidez Historia ezagutu. Batzuetan zaila da argitzea zer izan zen kausa eta zein ondorio. Errenteriako Jantzien Zentroak gako batzuk eta bitxikeria ugari uzten ditu agerian orain Iraultza dantza taldeak Kapitain Etxean biluztu duen arropa bilduma pribatuari esker.

Argazkiak: Jon URBE / ARGAZKI PRESS
Argazkiak: Jon URBE / ARGAZKI PRESS

Nola janzten garen, zein janzki erabiltzen dugun eta zein ez. Zergatik konbinatzen diren estanpatuak modu batean edo bestean. Zergatik diren gonak luzeagoak edo motzagoak, galtzak zabalagoak edo estuagoak. Zergatik estali burua zapiaz edo kapelaz, eta zein kolore erabili hara edo hona joateko. Ezer ez da kasuala, edo ia ezer ez; eta idatzita ez baina onartuta dauden arauak existitzen dira janzteko garaian ere. Protokoloak eta pautak existitu ziren atzo eta existitzen dira gaur ere; adibidez, txuria ezkontzeko, beltza hiletara joateko, nahiz eta gure amonek kolore hura erabili zuten, hain zuzen, senarrari «bai, nahi dut» esateko. Koloreen esanahia aldatuz doa garaien joan-etorriarekin batera.

Historia jantzien bidez ulertu eta azaldu ahal izatea izan da Errenteriako Iraultza dantza taldeak buruan bueltaka aspalditik zuen ideia, ametsa, gaur errealitate bihurtua. Apirilaren 1ean zabaldu zituen Jantzien Zentroak ateak, ia hogei urteko lan eta saiakeren ostean. Eraikina bera ikusgarria da. Kapitain Etxea delakoak hiru sute jasan zituen, eta gaur egun zutik dagoena 1638. urtekoa da.

Erakusketa sei hilabetetik behin aldatuko dute eta, uneotan, 30 jantzi prestatu eta atondu dituzte jendaurrean erakusteko; batzuk Euskal Herriko jantziak dira (1880-1910 urte artekoak), besteak atzerrikoak eta garai ezberdinetakoak. Areto hauetan sartzea denboran bidaiatzea bezalakoa da, zaharrena 1770. urtekoa delako eta «berriena» 1920koa. Atera kontuak, jantzi batzuek ia 250 urte dituzte. Hitz egingo balute…

Ainhoa Mendiburu Iraultza dantza taldeko kidearen eskutik deskubritu ditugu sekretuak eta kondairak, hamaika bitxikeria eta nola ukatu, emakumeak kortseekin historian zehar sufritu duen guztia, ia arnasa ezin hartuta ibili baita mendeetan zehar.

Arropen prestaketa lanak

Zentroan ikusgai dauden jantzi guzti-guztiak originalak dira, eta denak Iraultza dantza taldearen bilduma pribatuaren parte dira. Lehen erakusketa honetarako prestatu dituzten jantziak biltegian ondo gordeta duten bildumaren %20 dira; beraz, asko dute oraindik erakusteko. Gainera, erakusketak prestatzen joango diren neurrian, eta ekonomikoki posible den heinean, erosten ibiliko dira bilduma handitzeko.

Bisitariari, lehenik eta behin, jantzi bat manikian jarri aurretik atzean dagoen lana zein den erakusten diote. Izan ere, Mendiburuk berak aitortzen duenez, pieza bakoitzaren prestaketa lanak dedikazio handia du. «Oso prozesu luze eta mantsoa da, mimo eta kontu handiz egiten dena. Trajea iristen denean lehen gauza garbitzea da, eta xurgagailu berezi batekin hautsa kentzen zaio ondoren. Harribitxiak edo pieza delikatuak baditu, are eta kontu handiagoaz egiten da, xurgagailuaren eta jantziaren artean iragazki berezi bat jarriaz. Ondoren, ondo begiratzen da ezer josi, konpondu edo lotu behar den… dena eskuz, jakina», dio. Bukatzean, etiketatu egiten dute; jantzi bakoitzak zenbaki bat darama beren barruko artxiborako baliagarri izango dena jakiteko: jantzia nongoa den, nork eman dien, zein garaitakoa den…

Jantziak birritan plantxatzen dituzte. Lehenik, mahai gainean, eta gero, manikian jarrita, berriro, bertikalean. Hemen dator koska baina, manikiak ere moldatu egin behar dituztelako, garai bateko emakumearen gorputzak eta gaur egungoak ez baitute zerikusirik. Haien gerriak ikusita, emakumeak baino neskatoak zirela zirudien… horregatik ebakuntza estetikoak balira bezala, manikiak zerratu egiten dituzte trajeak behar bezala sar daitezen. Honek guztiak laguntzen du irudikatzen jantzi bat manikian jartzen denerako hartu duten lan guztia. Apirilean atsedena hartuko dute, eta maiatzean berriro ekingo diote hurrengo 30 jantzien aukeraketa eta prestaketari.

Euskal Herriko herri jantziak

Lehenengo solairuko aretoan Euskal Herriko herri jantziak daude bilduta. Familia eta pertsona askoren eskuzabaltasuna nabarmendu du Mendiburuk, horri esker bildu baitituzte hainbeste altxor. Bereziki Ipar Euskal Herritik iritsi zaien arropa kopurua aipatzen du. «Hobeto zaindu dute, baino ez hori bakarrik, garrantzi gehiago eman zaio ondare horri eta gorde egin dute, ardura hori izan dute zorionez. Hego Euskal Herrian, berriz, gona zaharrak ganaduarentzat manta modura erabili izan dira, edo erre egin dira, edo bota…». Arabatik ez dute ia ezer berreskuratu, horregatik deialdia zabaltzeko aprobetxatu du, ganbaretan begiratu dezatela eskatzeko, dio irriz.

96. urtean artxibategi, argazki eta beste bilduma batzuk aztertzean Iraultza dantza taldea konturatu zen gurea bezala «saldu diguten baserritar jantziak» ez duela errealitatearekin zerikusirik. Hein horretan, Segurako dantza txapelketak egin duen ekarpen handia goraipatzen du, bertan ausartu zirelako lehen dantzariak Euskal Herrian jantzi ziren jantziak eramaten.

Gaurko begiradatik akaso arraroa egingo zaigu marrak, loreak eta koadroak konbinatzea, baina garai hartan hala egiten zuten arropa saltzen zuten dendak ez zirelako existitzen. «Etxean josten zuten arropa. Herritik edo hiritik seme-alabak etxera bisitan joatean azokatik erositako tela zatiak ekartzen zituzten, topatzen zutena; eta harekin egiten zituzten janzkiak, bukatu arte», azaltzen du.

Mantalak ere gonaren luzerakoak zirela dio; izan ere, babesteko balio zuten, eta gona egitea baino merkeagoa zen mantala egitea, betiere etxean lanean aritzeko bazen –kalerako bazen bordatuak zituzten edo landuagoak izaten ziren–. «Ba al dakizu zergatik jasotzen zuten mantalaren muturretako bat gerrira?». «Etxean dago lanean emakumea, eta atea jo dio bizilagunak, baina mantala zikina du eta ez dira moduak atea irekitzeko. Horixe ba, muturra hartu eta jaso. Estali du zikindutako guztia, eta bizilagunak alde egindakoan zabalduko du berriro lanean jarraitzeko».

Txanbra onenak erromeriara joateko edo herrira jaisteko gordetzen zituzten, oinetakoak bezala. Etxean egoteko erabiltzen zituzten bakarrik larruzko abarkak, kanpora irteteko oinetakoak edo gutxienez alpargatak. Beltzak baziren, galtzerdi txuriak; txuriak baziren, galtzerdi beltzak.

Jantzietako xehetasunek ematen dituzte gako asko, pistaren bat nork jantzi ote zuen, eta zein testuingurutan. Esaterako, blusoiak bordatuak edo detaileak baditu, pentsa daiteke tratularia zela gizona, feriaz feria ganadua saltzen aritzen zena. «Negozio gizonak ziren, eta itxura txukuna erakutsi behar zuten».

Buruan janzten zutenaz, berriz, gizonek txapela oso txikia eta kolore beltzekoa. Emakumeek berriz zapia, eta kolorearen arabera jakiten zen haien egoera zibila. Zuria, ezkondua; beltza, alarguna; eta koloreduna edo ilea bistan, ezkongabea.

Howard gaztelua eta kortseak

Gure herriko jantziak atzean utzita goaz eskaileretan gora, atzerriko herrialdeetako arropez gozatzera. Aldaka estuak, kortseak estututa soinekoan kabitzen ez diren bularrak eta dirudun gizon dotoreak imajinatzea erraza da.

Bigarren aretoak moda bera erakusten du; alegia, historiaren enbatek jantzietan izan duten eragina. Pieza zaharrenak soineko bat eta gizonezko baten trajea dira. 1770 urtekoak dira, eta jatorria York konderrian dute, Howard gazteluan bizi ziren duela ia hiru mende jabeak. Ez da pelikula bat, baina badirudi. «Kasualitatez topatu genuen, Londreseko Portobello azokan. Han denetatik topa daiteke eta bueltatxo bat ematen ari ginela, arropa saltzen ikusi genuen gizon bat. Jakina, guk badakigu saltzen dena ona den edo ez… Ezin sinetsi hura ikusi genuenean. ‘Zer ari da saltzen?’, esaten genion elkarri harrituta», gogoratzen du Mendiburuk.

Gizonak interesa zutela ikusita, bere etxera gonbidatu zituen gainerako bilduma ikustera. «Bildumagile pribatua zen, eta zer ez zuen bere etxean. Gau hartan bertan joan ginen, eta soinekoa erosi genuen. Urtebetera bueltatu ginen gauza gehiagoren bila».

Gaur egun, kontatzen duenez, Internetek ate asko zabaldu ditu halakoak erosi ahal izateko. Gehienak Ameriketako Estatu Batuetatik lortzen dituzte, eta bigarren eskuko atarietan arakatzen dute. Batzuetan zuzenean erosten dute, besteetan Internet bidezko enkanteetan, baina beti ez dute lortzen nahi duten hori, asko balio duten piezak baitira.

Garai hartakoa da, kontatzen duenez, ileorde erraldoiak eramateko joera: «70 zentimetro neurtzera ailegatu ziren, eta osagarri pila batekin apaintzen zituzten, baina azkenean debekatu ere egin zituzten, gazteluetako lanpara eta kandelekin su hartzen zutelako. Gizonak zein emakumeak margo zuriz makilatzen ziren. ‘Harreman arriskutsuak’ ikusi duen edonork gogoratuko ditu hasierako bost minutuak». Mendibururen aburuz, filmak ezin hobeto jasotzen du garai hori nolakoa zen eta nola prestatzen ziren.

Beste gauza askoren artean, deigarria da emakumearen gorputza moldatzeko historian zehar erabili diren kortse motak, baita gona gero eta gehiago harrotzeko azpian jartzen zituzten egiturak ere. Ezin arnasa hartu; Mendiburuk aipatu digu luzaroan emakumea gizonezkoaren osagarri zela, eder eta apain prestatzen zen osagarria, betiere goi mailako klase esklusibo haietan, alegia, jantziek iradokitzen duten klase horietan.

Scarlett O’hara pertsonaia ere ekartzen du gogora soineko batek. Oheari nola heltzen zion, zerbitzariak gehiago eta gehiago estutu ziezaion kortsea. Mendiburuk baieztatu digunez, dokumentatuta dago estutu beharraren beharraz saihets-hezur loka apurtzeraino iritsi zen emakumerik bazegoela.

Kortsearen estutasuna aldatzen joan zen, baita gona harrotzeko merinake delako egituren zabalera ere. 2,5 metroko diametroa neurtzera ailegatu ziren, eta emakumeak eseri ahal izateko sofa bereziak egin ziren…

Zorionez, ailegatu ziren garai hobeak. 20ko hamarkadarekin emakumeak bizitzaz gozatzen hasi ziren, tabernan nahiz kasinoan ibiltzen ziren, eta erre eta edan egiten zuten. Soinekoak ez ziren gehiago kartzela izan, eta oihal arin ederrekin apaintzen zuten beren burua. Harriak banan-banan josiak, distirak, mugimendua duten oihalak… eta paradoxikoa dirudi baina, jantzi berrienak izan arren, topatzen zailenak dira. «Hain direnez delikatu eta finak, ez dute denboraren joan-etorria ondo jasan», dio Mendiburuk, tamalduz.

Donostiako kasinoan jolasteko fitxak, ukondoraino heltzen diren eskularru finak eta takoiak harribitxiz estalita dituzten zapatak… nola aldatu ziren (diren) garaiak.

Erronkariko jantzia: Emakumeen balentria odol gorriz tindatua

Lerro hauen alboan ikusten dena Erronkari bailarako jantzi tradizionala da, eta Jantzien Zentroak bere irudi korporatibo gisa aukeratu du dituzten jantzi eta piezen artean «kuttunena» dutelako, Ainhoa Mendiburuk aitortzen duenez. Gertutik ikusita, bisitariak segituan ulertuko du zergatik: dotorea, bizia eta ikusgarria da.

Azaldu digunez, 1950era arte bailara osoan erabili zen, baina hots, ez edonork. Tradizioak agintzen duenez, jantzi ahal izateko emakumeak bai aita eta bai ama erronkariarrak behar zituen izan, eta berak ere, jakina, bertan jaioa izan behar zuen. Hala ez bazen, antzeko trajea izango zuen, baina ez berdina. «Odol garbia, %100 Erronkarikoa, izatea ezinbesteko baldintza zen». Beraz, ondoriozta daiteke mende batzuk atzera ikusgai dagoen jantzia eraman zuenak halakoa zuela odola.

Traje tradizionalaren pieza bakoitzak izena du, eta hala dago dokumentatuta. Kolore biziak ere halakoxeak ziren. Gorri indartsua buruko estalkian eta gaineko gona txikian. Honen azpian, moretik gertu dagoen urdin bereziko gona luzea. Bularraldean, berriz, urreak eta beltzak, eskuz egindako bordatuak eta borlak, gerruntzea ixteko. Eta beste jantzi askorekin gertatzen den bezala, ezkutuko pistak daude Erronkariko emakumearen egoera zibila ezagutzeko. Kasu honetan, mauka beltz eta luzeek aditzera ematen dute emakume ezkondua zela hau jantzi zuena; ezkongabeak alkandoraren mauka zuriak bistan eramango lituzke, alegia, ezkongabeak azpialdeko gerruntzea bakarrik eramango luke.

Erronkariko gizonezkoen jantziek ere salatzen zuten haien egoera zibila, galtzek albo banatan zuten irekieraren luzeraren arabera. Hala jakin zitekeen ezkondua, ezkongabea edo herriko alkatea zen.

Jantzia kondaira batek borobiltzen du. Antza denez, VIII. mendean, zehaztu gabeko egunez, Olast-eko Bataila jazo zen Esatik gertu. Erronkariko biztanleek borroka egin zuten musulmanen aurka eta buruzagia harrapatu zuten. Gizonak harekin zer egin eztabaidan ari zirela, jende taldetik atera eta emakume batek zuzenean burua moztu zion musulmanari. Mendiburuk dioenez, gonaren gorriak borrokan isuritako odola omentzen du.

 

Ukitu, probatu, dastatu!

«Museo bizia» izatea nahi du Iraultza dantza taldeak, eta horregatik, sei hilabetero egongo diren erakusketekin batera hilero tailerrak, hitzaldiak edo bestelako jarduerak antolatzea da asmoa.

Dinamikoa izango da, eta publiko ahalik eta zabalenari eskainia. Adibidez, harreran bertan Euskal Herriko jantzi originalen kopiak jarri dituzte, bereziki ikusmen arazoak dituzten pertsonek ukitu ditzaten. «Kortsea gogorra dela esaten dugunean zertaz ari garen ulertzea nahi dugu», dio Mendiburuk.

Ukitu eta jantzi. Goiko solairuan armairu eder bat dago, eta sekretu bat gordetzen du: jantzi eta ispiluaren aurrean jolasteko jantziak josi dituzte, garai haietan bezala sentitzeko.