Nerea Goti
Entrevue
Larraitz Zuazo eta Ainhoa Andraka
«163 días» dokumentala

«Bandasko grebak beste errealitate bat posiblea zen itxaropena zabaldu zuen»

Frankismoko luzeena izandako Bandaskogreba historikoaren memoria berreskuratu dute dokumental batean Larraitz Zuazo zuzendariak eta Ainhoa Andraka ekoizleak

Larraitz Zuazo eta Ainhoa Andraka
Larraitz Zuazo eta Ainhoa Andraka

Larraitz Zuazo “163 días. La huelga de Bandas” dokumentalaren zuzendaria da. “Nosotras, Mujeres de Euskalduna” (29016) dokumentalaren zuzendaria ere baden Zuazok Ainhoa Andraka izan du ondoan ekoizpen lanetan. Biek elkarrekin egiten duten lehen lana da, eta elkarrekin egin dute muntaketa dokumentalen ekoizpenean aritzen den Doxa Producciones enpresan. Lanak ETBren laguntza izan du. Maiatzaren erdirako estreinatzeko prest egongo da, Bandasko greba bukatu zen datarekin bat eginez. Zuazo eta Andrakarekin solasaldia izan du GAUR8k Maiatzaren Lehenaren atarian, gertaerok gogora ekarri eta pantailan ikusiko dugunaren aurrerapena egiteko. 50 urte baino ez dira igaro, baina ez da oso ezaguna Etxebarriko Laminacion de Bandas en Frio enpresako langileek frankismo erdi-erdian mantendutako 163 eguneko greba hura.

Zer zen Bandas enpresa zonalderako eta euskal industriarako, eta zein izan zen greba piztu zuen arrazoia?

Puntako enpresa zen Bandas bere garaian, tamaina ertainekoa, langile gazteak eta aukeratze-prozesu nahiko zorrotzak zituena. Zuzendaritzan aldaketa bat egon zen eta soldatak kalkulatzeko era moldatu egin zuten; ondorioz, langile askoren primak nabarmen murriztu ziren. Aurreko urteetan protesta batzuk egon ziren, baita greba laburragoak ere, baina 66ko greban langileen sarien murrizketa izan zen arrazoi nagusia: diru gutxiagoren truke gehiago ekoiztea eskatzen zieten.

 

Greba bat diktaduraren erdian. Nola lortu zuten langileek jazarpena saihestea, mobilizazioak egitea, kalean propaganda banatzea?

Grebaren lehen egunetik, hau da, lantegian itxialdia egin zutenetik, argi ikusi zuten bere biziko garrantzia zuela informazio kanal bat sortzeak. Horregatik, hasieratik informazio orriak ateratzen hasi ziren, eta grebak iraun bitartean egunero publikatu zituzten. Asanbladak egiten zituzten egunero, batez ere Basauriko elizan; babestutako lekuak eskaini zizkieten hainbat abaderen laguntzari esker, Poliziaren jazarpena saihestu ahal izan zuten.

Egungo errealitatetik begiratuta, komunikazio eta propagandarako erakutsi zuten gaitasuna sinestezina da garaiko egoera kontuan hartuta. Langile hauek, adibide bat jartzearren, enpresa salatu zuten bidegabeko kaleratzeagatik. Bazekiten epaiketa galduko zutela, baina bazekiten garrantzitsua ere bazela borrokari ahotsa ematea. Horren adibide da Bilboko Lan Magistraturan ospatutako epaiketan langileen alde bildu zen jendetza. Gizarteak sistemaren aldetik gero eta neurri gogorragoak jasaten zituen lan protesta baketsu baten moduan ikusten zuen gertatzen ari zena, eta horrek ere laguntza sare bat sortzen lagundu zuen, eta ez bakarrik Bizkaian, baizik eta Estatu espainol osoan. Laguntza askotarikoa izan zen: ekonomikoa, informazio orriak banatzeko, lanpostu berriak bilatzeko...

 

Frankismoaren errepresioaren gainetik, izandako elkartasuna oso garrantzitsua izan omen zen. Nola islatu zen hori?

Elkarrizketatu guztiek nabarmentzen dute aurreko urteetan sortutako elkartasun sarearen garrantzia. Baieztatzen dute sarerik gabe guztiz ezinezko izango luketela hain denbora luzean grebari eustea. Beste lantegi batzuetan, ingurukoetan eta atzerrian, diru-bilketak egin ziren grebalarien erresistentzia-kutxa mantentzeko. Kasu askotan, Bandasko langileek beste enpresa batzuetan aurkitu zuten lana. Gatazka hainbat hilabetez luzatu ondoren gizarte segurantza kendu zietenean langileei, mediku batzuen laguntza ere izan zuten; grebalarien familiek izan zezaketen edozein arazoz arduratzen ziren medikuok. Komentatu digutenez, asanbladetara babesa eskaintzeko Gipuzkoako jendea ere etortzen zen batzuetan, beste lantegi batzuetako langileak ere hurbiltzen ziren... Pentsa, Estatu frantseseko langile ugariren elkartasun ekonomikoa ere jaso zuten.

Greba osoan zehar elizaren sektore baten aldetik jasotako laguntza ere oso garrantzitsua izan zen. Asanbladak ospatzeko eta informazio orriak sortzeko multikopistak ezkutatzeko leku seguruak uzten zizkieten apaiz batzuek, eta grebaren buruzagi batzuk eliza eta komentuetan ezkutatu ziren gauzak arriskutsuago jartzean. Sare hori gabe pentsaezina zitekeen greba hain luze mantendu izana.

Greba maiatzaren 15ean bukatu zen, Bizkaian ezarritako salbuespen egoeraren erdian, errepresio bortitzeko giroan...

Grebaren amaiera heldu zen enpresak grebalariak etxeak kentzearekin mehatxatu zituenean, etxebizitzak lan kontratuarekin lotuta baitzeuden. Momentu horretan, bozketa orokor bat egin zuten zer egin erabakitzeko: lanera itzuli edo borrokarekin jarraitu. Kontatzen dutenez, gehiegi zen hori jada beraientzat, jasotako laguntza eta elkartasuna bazuten ere, ezin baitzuten onartu ehunka familia etxerik gabe geratzea.

Grebaren buruzagiek bazekiten kaleratu egingo zituztela, ez zen sorpresa izan. Horietako askok lana aurkitu zuten beste enpresa batzuetan, emandako amnistiarekin itzultzea lortu arte. Beste batzuk deserriratu egin zituzten, Badajoz edo Almeriara, kasu. Porrot sentsazioa zegoen helburua betetzea lortu ez zelako, borroka osoan leloa “denak ala inor ez” izan baitzen. Baina, adierazten dutenez, luzera irabazi egin zuten, azkenean denak itzuli baitziren lantegira. Gainera, bere arma txarrenak erabiltzera behartu zuten Estatua, eta gerora etorriko zen guztiaren erreferente bilakatu ziren.

Guztira 33 kaleratze izan ziren. Nolakoa izan zen «normaltasunera» itzulera?

Lanera itzuli ziren langile elkarrizketatuek esan digute giroa ez zela batere ona, lantegiaren barruan sekulako tentsioa zegoela. Greban parte hartu ez zutenak saritu egin zituzten, askotan gaitasunik izan gabe ere postu hobeagoetan jarrita, eta horrek ere arazoak ekarri zituen lan egiteko orduan. Azkenean, emandako amnistiaren ondoren, denek izan zuten itzultzeko aukera, grebaren aurretik zituzten eskubide berdinekin eta ez langile berri moduan. Askok lantegi berean hartu zuten erretiroa hainbat urtetara.

Dokumentalaren ideia film labur batean oinarritzen da, Iñigo Sancho grebalarietako baten ilobak unibertsitaterako egindako lan baten harira.

Oinarrian dagoen ideia 2016ko bukaeran ezagutu genuen. Ikasleak aholkatzeko asmoz, ekoiztetxeak gonbidatu gisa parte hartu zuen unibertsitate proiektu batzuen aurkezpenean. Iñigo Sanchoren aititaren historiak piztutako jakin-minak bultzatuta, proiektua garatzen ari zen ikasle taldeak urtebete inguru zeraman gaiaren inguruan dokumentatzen, greba lehen pertsonan bizi izan zutenekin kontaktatzen, gaiari buruzko film labur bat egiteko.

Hasieratik oso interesgarria iruditu zitzaigun gaia eta atentzioa eman zigun greba askoz ezagunagoa ez izateak. Kontuan hartuta 2016ko urria eta 2017ko maiatza artean grebaren 50. urteurrena betetzen dela, Iñigorekin hitz egin genuen maiatzerako bukatuta egon behar zuen dokumental bat egiteko aukeraz eta prozesuan parte hartzea proposatu genien. Beraz, unibertsitate ikasleon ekarpena funtsezkoa izan da, beraiek aurretik egindako lanik gabe ez baitzen posiblea izango hain denbora laburrean dokumentala egin ahal izatea.

 

Zeintzuk dira dokumentalak bildu dituen ahotsak?

Dokumentaleko pisu nagusia greban parte hartu zuten Bandasko langileena da, baina hiru taldetan bil genitzake ahotsak. Alde batetik, grebaren buruzagi izandako Osaba, Izquierdo eta Gijarro eta grebaren egunerokoa nolakoa zen kontatzen diguten langileak daude; bultzatutako ekintzak, talde mailan zein pertsonalki izandako ondorioak... kontatzen dituzte. Osabaren kasuan, esaterako, deserriratu egin zuten eta Donibane Lohizunen erbesteratu zen. Bestetik, Jose Antonio Perez historiagilea eta Pedro Ibarra lan abokatu eta katedratikoa daude, irakurketa analitikoagoa egiten dutenak; greba zer testuingurutan eman zen, erabilitako borroka tresnak, garaian horrelako greba baten garrantzia... ulertzeko datuak eskaintzen dituzte. Beste talde bat grebalarien emazteena eta greba lagundu zuten inguruko jendearena da. Talde honetan askotariko testigantzak ditugu: emakumeak, garaian apaizak ziren Juan Mari Arregi eta Roman Bilbao, Alderdi Komunistatik gertu zegoen Josu Ibarrola, Bilbon izandako manifestazio baten ostean jipoitua eta atxilotuta izan zen Agustin bere anaia... Oso lidergo gogorra ezartzen zuen eta langileen borrokan ahalegin guztiak eman zituen David Armentia jesuitaren inguruko komunitate moduko batean parte hartzen zuen Mamen Morenoren lekukotza ere jaso dugu. Talde hori erabat murgildu zen borroka honetan, Bandasko langileekin bat.

Badaukagu ezustea eragingo duen testigantza bat ere, enpresako zuzendaritzako taldeko kide batena. “Beste aldekoen” ikuspegia ematen du nolabait.

Bandasko greba euskal langileriaren mugimenduko ikur nagusia bilakatu zen, eta horrek Estatu mailan zein nazioartean izan zuen oihartzuna. Grebak sistema dardarazi zuen.

Grebak eragin handiagoa izan zuen Bizkaian beste inon baino, baina historiagileek egiaztatzen dute langile eta sindikatuen borrokaren ikur bilakatu zela. Hurrengo urteetan Bandaseko greba eredu izan zen; Estatuan erreferente bilakatu zen langile askorentzat. Bi arrazoirengatik izan zen erreferente. Alde batetik, beste errealitate bat posible zen itxaropena zabaldu zuen; azken finean, langileek beraien eskubideen alde borrokatu ahal zutela egiaztatu zen. Grebak sistema dardararazi zuen lehen aldiz, eta ordura arte erabat pentsaezinak ziren aukerak mahai gainean jarri zituen langile kolektiboan. Beste alde batetik, lehenik Bizkaiko enpresetan eta gerora Estatu osoan elkartasunez sare indartsua osatu zen. Horrek, noski, langileak antolatzea ekarri zuen, bai dirua biltzeko, bai informazioa orriak banatzeko, bai asanbladak egiteko… Greba amaitzean, enpresa askotan ordura arte existitu ere egiten ez zen antolakuntza sarea zuten langileek, eta horrek eragin zuen aurrerantzean sortuko ziren arazo edo gatazken aurrean jendeak bazekiela zelan erantzun.

Nazioartean izandako eragina txikiagoa izan zen, noski, baina badaude “Le Monde” eta “New York” egunkarietan grebaren inguruan kaleratutako albisteen erreferentziak. Elkarrizketatu ditugun emakumeek komentatzen digute Radio Pirenaica irratia entzuteko bildu ohi zirela eta grebaz askotan hitz egiten zutela. Bizkaitik kanpo ere oihartzuna izan zuen, hortaz.

Zein zen emakumeen papera?

Lantegian ez zegoen emakume askorik. Guztira bost inguru izango ziren eta idazkari gisa lan egiten zuten. Protagonista guztiek egiaztatzen dute, baina, emakumeek paper oso garrantzitsua jokatu zutela. Historiagileek diotenez ere, lehen aldia da mota honetako borroka batean emakumea hain presente dagoena. Langileek esan digutenez, lehen unetik jakin zuten oso garrantzitsua zela beraien emazteek ere borrokan parte hartzea; senarrek greba zergatik egiten zuten jakin eta grebaren parte izan behar zuten une oro. Pentsa, langileek kaleratu zuten lehen informazio orrian bertan sindikatuan, asanbladetan parte hartzeko deia egiten diete emakumeei. Garrantzitsua zen etxean batasuna mantentzea ahalegin guztiak greban jartzeko, eta horretarako guztiak informatuta egon behar ziren.

Emakumeak, gainera, izan ziren greba egiten ez zuten langileen aurreko piketeetan, paseilloa egiten zieten grebalarien ordez enpresak ekarritako langileei, asanbladetan parte hartzen zuten eta borrokan zuzenean parte hartu eta laguntzen zuten. Dokumentalean grebako buruzagien hiru emazte bildu ditugu hilabete haiek zelan bizi izan zituzten azal dezaten, kontuan hartuta gehienek ume txikiak zituztela.

 

50 urte pasatu dira, zer geratzen da gaur greba hartaz?

Bada oraindik presente dagoen zerbait udalerri kaltetuenetan, baina urteek aurrera egin ahala gertatutakoa gogoratzen duen gero eta jende gutxiago geratzen da. Nagusienek eta urte haietan ume zirenek gogoratzen dute greba, grabatzera hurbildu garen bakoitzean egiaztatu dugunez, baina gazteenekin ez da gauza bera gertatzen. Pentsa, Inigok berak ere, Etxebarrikoa eta grebalari baten iloba izanik, ez zuen gertatutakoa ezagutzen.

 

Garaiko irudiak bildu ahal izan dituzue lana osatzeko?

Zoritxarrez bideo formatuan ez dago urte horietako dokumentazio gehiegirik, TVE zen telebista kanal bakarra garaian eta mota honetako berriak ez ziren argitaratzen. Hala ere, NO-DOko irudiek garaiko testuingurua azaltzeko aukera ematen dute eta badaukagu garaiko argazki artxiboa, baita prentsakoa ere, egunkarietan grebako gertaera inportanteenak jaso baitziren. Protagonistek emandako artxiboak eta Bilbo Udaleko artxibo historikokoak ere hor daude. Grebalariek, gainera, “Nuestra huelga” liburua argitaratu zuten eta izugarri lagundu digu gertaeren kronologiarekin eta informazio orrien edukia ezagutzeko, egun ez baita erraza informazio hori lortzea. Informazio orrietako asko liburuan jasota daude.

 

Izan al da zirrara berezia sorrarazi dizuen une edo egoerarik?

Protagonista batzuekin ibilbide bat egin dugu anekdota eta gertaerak gogoratuz. Azken egunetara hurbiltzen joan garenean eta, batez ere, azken batzarra egin zuten lekura hurbiltzean, hunkituta ikusi ditugu. Zirraragarria da 50 urte ondoren grebako protagonistak bereziki hunkituta ikustea.

Zuen ustez, zein da lanak utziko duen arrastoa?

Lehen inpresioa proiektua ezagutzean guk izan genuenaren antzekoa izango da: “zelan da posible honetaz ezer entzun ez izana”. Gure helburua grebaren memoria berreskuratzea da, langile borroka, gure historia berreskuratzea, ahanzturan geratu diren gertaerak. Espero dugu istorio hauek ezagutzea publikoarentzat guretzat bezain interesgarria izatea.