Ramon Sola

Dirauen berdinketarena da egiazko errelato bakarra

Hilaren 8ko egun zirraragarri horren ondorenean, zer pentsa eman zidan estuki lerrokaturik «ETAren porrotaren» fikzio-errelato bakarra saldu nahi zutenen artean ‘‘Diario de Navarra’’&flexSpace;agertzeak. Izan ere, hitz potolo-potoloa da porrota; neurgailua, aldiz, zalantzazkoa, anbiguoa, ahula; eta emaitza, beraz, neurrigabea, okerra, ustela.

Baliteke ustezko porrotaren ondorio horretara heltzeko balantzea soilik parametro militarretan egina izatea. Aitortzen dut, bada, irizpide hori ulertzeko nire ezintasuna eta galdera bortitz baina ezinbesteko batzuk datozkit segituan burura: Wikipedian ageri diren gerretan bezala neurtuko al zuten ETA parte izan duen gatazka armatu hori, hau da, alde bakoitzak eragindako odolustearen kontaketari eta erabilitako armategiaren tamainari erreparatuta? Euskal erakundeak are eta heriotza gehiago eragin izan balitu, irabazle izateko gertuago egongo ote zen orduan? Edo frankismoak bezainbesteko izua zabaldu izan balu? (ikaragarria Nafarroan bertan, Burutainen, 87 urteko auzokide batek 7 urte zituela ikusi zuen fusilatzearen berri oraintxe eman izana, 80 urtez ikaraturik isilik izan ostean). Eta galdera gehiago: ‘‘DN’’&flexSpace;berak ere hauspotu zuen ETA 2004ko M11ko sarraskiaren egilea zenaren gezur handia egia izan balitz, balantzea eta ondorioa aldatuko al ziren? Zenbateko garrantzia hartu du torturaren ezarpen masiboak ETAren aurkako ustezko garaipen horretan?

Baliteke ere, eta horri askoz zentzudunagoa deritzot, balantzea parametro politikoetan egina izatea. Baina orduan are ulertezinagoa zait ondorioa, bereziki ‘‘DN’’ beraren ikuspegitik. Izan ere, aski da hemerotekara joan eta ETA sortu zen 50eko hamarkadaren bukaerako egunkariaren aleak hartzea, orduko Nafarroa nolakoa zen, edo nola zegoen, gogoratzeko: 1952an Francok Iruñera eginiko bisitaren kronika (eta egin zuen hitzaldia) irakur daitezke agian, edota euskararen desagertze prozesuari erreparatu, edota langileen zapalkuntzari, edota uxuetar bat (Jacinto Ochoa) Francoren agintaldian espetxean urte gehien eman zituen presoa izan zela oroitu... Inon dena Francok «lotuta eta ondo lotuta» zuela bazirudien, Nafarroan eta Iruñean zen, egun ezkerreko abertzaleek gobernatzen duten hiriburu bakarrean, hain zuzen. Hortaz, aurreko logika maltzur bera erabiliz, beste galdera batzuk luza daitezke: Nola demontre ihes egin zion Nafarroak eskuetatik Francori, ETA bertan ere atentatuak egiten hasi arren? Ez al zen hori eskuin espainolaren nagusitasunaren mesederako? Nola biziraun dute euskarak, ikurrinak, lurralde batasunaren ametsak, justizia sozialarenak, guztiak ere ETAren aldarri baldin baziren? Eta azkenik, izan al da ETAren erabaki bat –2011ko borroka armatua uztekoa alegia– nafar erakundeetako iraulia gerta zedin ateak parez pare ireki dituen giltza?

Hori guztia mahai gainean jarrita, nik neuk ez dut uste ETAk irabazi duenik, ez termino militarretan ez politikoetan. Atzerago joan gabe, 1995eko Alternatiba Demokratikotik hona behin eta berriro adierazi du bere helburu nagusia estatuen «betoak» altxatzea zela. Eta egiari zor, hori ez da gertatu, Katalunia fede-emaile eta Euskal Herria lekuko. Baina, egiari zor ere, gertatzea inoiz baino gertuago dago. Zer esanik ez 1959arekin alderatzen bada.

Azkenik lortuko bada, oraindik ezbaian izango da ETAren papera, dudarik ez izan: egin duenak zenbateko garrantzia hartu duen, besteei –eta bere buruari ere– eragindako saminak merezi izan ote duen... Baina orduan behintzat errelato ezberdinak (bakoitzak berea) egitea posible eta onargarria izango da. Bitartean, ez alde bateko eta ez besteko, ez garailerik eta ez garaiturik, gatazka politiko berberak beste bide batzuetatik –zorionez odol isuririk gabe– aurrera segitzen duelako, luze, irekita, berdindurik-edo. Bitartean, oraindik osatu gabeko puzzlea deskribatu nahi izatearen pareko asmoa da nork bere ipuintxoa kontatzea. Benetan ikusten dena baino, norberak ikusi nahi duena nagusitzen baita, ‘‘DN’’ adibide. •