Isidro Esnaola

Globalizazioak galtzaileak ere baditu

Aldaketa giroa bazter guztietara iristen ari da. Nazioarteko erakunde eta foroetan ere nabaritzen da. G20 taldearen kasuan, adibidez, aurreko bilera baten osteko komunikatuan merkataritza askeari buruzko erreferentzia desagertu egin zen. Nonbait AEBetako administrazio berriaren eskariz egin zuten aldaketa hori. Aipamenaren desagerpena nahita edo gogoz kontra egin zen ez dago jakiterik. Dena den, hori ez da izandako aldaketa bakarra. G20 taldearen apirileko bileraren ondorengo hitzaldian Wolfgang Schäuble Alemaniako Finantza ministroak txandakako lehendakari lez hitz egin zuen. Jende askok ez zuela hazkundetik eta globalizaziotik etekinik atera eta egoera horri aurre egin behar zaiola esan zuen Schäublek. Jarraian globalizazioak ekarritako abantailek sortzen dituzten aukerak sendotu egin behar direla gaineratu zuen. Hori egin ezean, gero eta herrialde gehiagok globalizaziotik alde egingo dutela eta protekzionismo gehiago ikusiko dugula ondorioztatu zuen. Hitz benetan harrigarriak dira. Beharbada, G20 taldeko kideek globalizazioaren galtzaileei arreta eskaintzen dieten lehen aldia da. Orain artean, izan ere, globalizazioak onurak besterik ez omen zituen ekartzen. Ñabardurarik gabe, gainera. Ematen duenez, azkenean konturatu dira globalizazioak abantailak dituela batzuentzat eta kalteak beste askorentzat.

Bestalde, ohiko txosten batean Nazioarteko Diru Funtsak mezu nahiko bitxiak zabaldu ditu. Jasotako datuen arabera, ondorioztatu du 2016an ekonomia garatuenak bake garaian inoiz izandako zorpetze publiko maila altuenera iritsi zirela. Egoera horretan zerga politikak eragin zuzena izan duela aipatzen du txostenak. Eta ohi ez bezala, zerga politika inklusiboagoak eskatu ditu Funtsak; edo beste modu batera esanda, ezberdintasun sozialak gutxitzeko xedea duten zerga neurriak ezartzea proposatu du. Zentzu horretan, txostenak dio %1 aberatsenaren diru sarreren urteko hazkundea gainerako biztanleena baino hiru aldiz handiagoa izan dela. Funtsaren tesia argia da: zerga sistemak progresibitatea galdu du eta horrekin batera onura sozialak murriztu dira. Bi faktore horien eraginez, aberastasuna birbanatzeko estatuaren ahalmena asko mugatu da. Hori 90eko hamarkadaren erdialdetik aurrera gertatu dela dio txostenak. Horrek esan nahi du Berlingo Harresia erori zenetik, behin sistema alternatiboarekin lehiatzeko beharra desagertuta, eliteak ongizate estatua desmuntatzen hasi zirela. Norabide aldaketa horren lekuko dugu Maastritcheko Ituna, bere bateratze irizpideekin.

Europako Batzordeak ere bere alea gehitu du joera aldaketa horretan. Asteazkenean Europar Batasuneko «oinarri soziala» biltzen duen hausnarketarako dokumentua aurkeztu zuen. Hitz panpoxo asko, baina eskubide sozialak biltzen dituen proposamenak berrikuntza handirik ez dakarrela dirudi. Batzordeak berak planaren helburua Batasun Ekonomiko eta Monetarioa berrartzea dela esan zuen. Ematen du azkenean Europako buruzagiak ohartu direla herritarrak, bai Europan bai gainerako kontinenteetan, gero eta baldintza gogorragoetan bizi direla eta horrek egonezina sortzen duela. Joera horri muga jarri nahian, eskubide sozialak eta ongizatea jarri nahi dituzte eztabaida politikoaren lehen lerroan. Kontua da benetako arazoa beste nonbait dagoela. Europaren kasuan, irizpide ekonomiko, finantzario eta fiskaletan. Horiek bai ezartzen dituztela muga hertsiak eskubide sozialak egikaritu ahal izateko!

Argi dago globalizazioak herritar askoren bizi baldintzen okertze orokorra ekarri duela. Are nabariagoa izan da okertzea krisiaren ondoren. Aurretik, jendeak bazuen itxaropena bizi hobeagoa lortuko zuela. Krisiaren ondorengo hamarkada honetan, baina, itxaropen hori erabat desagertu da. Etorkizun ilun horrek aldaketa politiko sakonak ekarri ditu. Eskuineko eta eskuin muturreko aukerak indartu diren bitartean, ezkerraren krisia gero eta agerikoa da.

Nazioarteko erakundeetan alarma guztiak piztu dira. Ematen du egoerari aurre egin nahian dabiltzala, baina plazeboak besterik ez dituzte eskaintzen. Errezeta horiek denbora irabazteko balio dute, ez gehiagorako. Kontua, baina, honakoa da: zertan ari da ezkerra? •