Miren Azkarate Badiola

Nahiz eta oraindik...

50 urte igaro dira Kathrine Switzer izeneko emakume batek “historiara” pasatzen diren argazki horietako bat utzi zuenetik. Agian izena soilik entzunda askok ez duzue irudia buruan izango, baina, Bostongo maratoi famatuan parte hartu zuen lehen emakumea dela esaten badut, batzuei behar bada zeozer etorriko zaizue gogora. Eta horri gehitzen badiot lasterketa hartan parte hartu zuten gizon batzuengandik zangotrabatua, iraindua, kolpatua... izan zela, are gehiago. Oraindik ez dakienarentzat, Kathrine Switzerrek ordura arte beste emakume batek inoiz egin ez zuena egin zuen 1967an: Bostongo maratoian hartu zuen parte, eta, emakume izate hutsagatik, bai parte hartzaile eta baita ikusleen aldetik ere, era guztietako erasoak jasan behar izan zituen. Lasterketako zuzendariak berak bertatik atera nahi izan zuen bultzaka, «kanpora nire karreratik!» oihuka ari zen bitartean. Baina Kathrine Switzerrek ez zuen amore eman eta maratoia amaitu zuen mundu guztiari erakutsiz emakume batek ere maratoietan parte hartu ahal zuela: helmugaraino eraman zuen berdintasunaren aldarria. Aurten, urteurrena ospatzeko, zapatilak jantzi eta Bostongo maratoian parte hartu du berriz ere 69 urterekin, oraingoan jazarpenik gabe.

Mende erdia igaro da eta zuri-beltzeko argazkiak koloretan ikusten ditugu orain; aldaketa nabariak izan dira, nahiz eta oraindik…

Opor hauetan Virginia Wolfen “Gela bat norberarena” liburua irakurri dut. Bertan, literaturan emakumearen ikusgarritasun ezaz hitz egiten du. Bi mende atzera, emakume idazlerik ez egotearen hausnarketa egin eta literaturan eta gizartean emakumea nola erakusten den azaltzen du.

Kasualitatea ala ez, bi mende geroago, Leire Ibargurenek idatzitako “Laura esaten zioten” liburuaren aurkezpenean egon nintzen. Emakume batek idatzitako beste emakume baten biografia da. Eta ez da edozein biografia, Miren Odriozolarena baizik, Euskal Herrian nahiz El Salvadorreko gerran FMLNko gerrillariekin batera borrokan aritu zena. Berrehun urte pasa arren, ideia berdina entzun nuen, hau da, emakume idazle gutxi daudela, eta, nahiz eta bizitza oso interesgarriak egon (gizonen heinekoak), ez ditugula kontatzen eta idatzita uzten.

Gizonezkoenak izan diren hiru esparru aipatu ditut: kirola, literatura eta gerra. Beste hamaika esparru aztertuta ere, berdina aurkituko genuke. Bi menderen tartea, baina oraindik ere egoera berdinak. Asko egin da, nahiz eta oraindik... asko dagoen egiteko! •