Xabier Izaga Gonzalez
MENDE BATEKO PASAIA

Pasaiaren bilakaera jasotzen duen argazki liburua osatu du Juantxo Egañak

Pasaia eta paisaia. XIX. mendearen erdialdetik XX. mendearen erdialdera bitarteko Pasaia. Maiatzaren 7a arte ikusgai izango dira Juantxo Egañak bildutako argazkiak Victor Hugo Etxean, betiko ikusgai «Argazkilariak Pasaian» liburuan. Ederrak, hunkigarriak... Ez iraganari atxikitzeko, ordea, «etorkizuna irudikatzeko» baizik.

Euskal Herriko bazterrik ezagunenetakoa da, nonbait, Pasaia. Inork gutxik ukatuko dio hartarako merezimendurik; edonola ere, aitortu egin beharra dago neurri batean iraganean handik igarotako bidaiariei zor diela ospe hori. Horietako bakar bat aipatu behar izatera, Victor Hugok bilduko luke kontsentsurik handiena, zalantzarik gabe. Horrenbestez, ezin egokiagoa da Victor Hugo Etxea Pasaiaren gaineko argazki erakusketa baterako aterpe gisa. Ezin aproposagoa, gainera, udalerriak 1858 eta 1964 bitartean izandako bilakaera erakusten duten irudiak ikusteko. Apirilaren 5ean zabaldu zituen ateak Juantxo Egañak atondutako “Pasaiako herritik” izeneko erakusketak, baina maiatzaren 7a bitartean egongo da ikusgai, argazkigintzaren, historiaren edota Pasaiako herriaren zaleen gozamenerako.

Proiektu beraren beste atala iraungitze datarik gabeko lana da, “Argazkilariak Pasaian” liburua, hain zuzen. Badira urte batzuk Pasaiako Udala udalerriko historia eta kultura, tokiko memoria presente izateko ahaleginean ari dela, eta zeregin horretan berebiziko baliabidea du Zabaldiya bilduma. Egañaren lana liburu sorta horretako laugarren eta oraingoz azken lana da. David Zapirain bildumaren zuzendariak liburuaren aurkezpenean esan zuenez, iraganeko argazkiak bildu dituzte, baina «ez iraganaren preso bizitzeko, etorkizuna irudikatzeko baizik».

Mende bateko bilakaeraren berri ematen duen erakusketan 60 argazki jarri dituzte ikusgai; liburuan, berriz, 80, haietako batzuk orain arte ikusi gabeak. Istorio oso bat osatu beharrean, «historiaren zatiak» erakutsi nahi izan dituztela esan zuen Zapirainek. Herria nola aldatu den ikusi, espazioak kokatu; ikusleak «bertan zer irudikatuko lukeen» pentsatzeko aukera ere eskaini nahi omen dute. Argazki horietako batzuk, gainera, estereoskopikoak dira; hartara, «3Dn ikusteko betaurrekoak jantzi eta une atsegin bat igaroko duzue duela 80-100 urteko Pasaiaren hiru dimentsioetako argazkiak ikusten».

Juantxo Egañak ez du aurkezpen handirik behar, are gutxiago GAUR8ren irakurleen aurrean, astero eskaintzen baitigu altxor txiki bat azkenaurreko orrialdean. Gaurkoan, horretaz gainera, Pasaiaren gaineko erakusketaren eta liburuaren lagin bat ere eskaintzen diegu gure irakurleei lerroon ondoan. Hogei urteko ibilbidean, argazkigintzaren alderdi guztiak landu ditu aldizkariak eta liburuak ilustratuz, dokumentazio grafikoan arituz, erakusketak eginez, taldeka nahiz bakarka, eta beste batzuentzat antolatuz, eta argazkilaritzaren historiaren gaineko artikulu eta liburuak argitaratuz. Lana ez ezik, grina ere baditu argazkigintza eta haren inguruko ikerketa. Izan ere, grinaz hitz egiten du bere lan prozesuaz ari denean. Harekin hitz egin dugu bere azken lanoi buruz.

Lanaren antolaketa

Oso garrantzitsua zen Egañarentzat lanaren antolaketa. Hartarako gakoa Pasaia eta argazkia omen ziren. Alde batetik, udalerriaren izena, eta bestetik, harekin hitz jokoa eginez, paisaia. Gogoan zuen duela 15 bat urte Bartzelonako Museu Nacional d'Art de Catalunyan ikusi zuen argazki bat, Farnham Maxwell-Lyte ingelesak 1858an egina. Pasaiako badia «guztiz libre» ageri zen, etxe bakan batzuk besterik ez, eta gainerakoa hutsik. Oso indar handiko irudia iruditu zitzaion. Kontuan izan beharra dago, gainera, argazkigintzak 19 urte baino ez zituela, 1839an sortu baitzen. Eta erakusketa eta liburua egitea proposatu ziotenean, lana argazki hartatik hasi beharra zegoela pentsatu zuen. Maxwell-Lyterena da Pasaiaren argazkirik zaharrena, «oraingoz, behinik behin».

Bigarrenik, bidaiariak izan zituen kontuan, eta haietan lehena, Victor Hugo. Pasaiara etorri zenean, «ia modako lekua zen», dio Egañak, hara agertu ohi ziren bidaiari erromantikoak eta, horrenbestez, argazkilariek ere haraxe jotzen zuten, haietako asko Victor Hugok Pasaiari buruz idatzitakoak erakarrita, hain zuzen. Horregatik omen da argazki gehien egin dizkieten euskal herrietakoa, «seguru asko Hondarribia eta Biarritzekin batera». Bitxia iruditzen zaio, edonola ere, argazki gehienak bistak izatea, oso jende gutxi eta oso argazki gutxitan agertzen baita, eta horrek ikuskera desberdina ematen duela dio Egañak. Gehien-gehienak paisaia, itsasoa, itsasontziak dira, Donibaneko edo San Pedroko etxe txikiak, Trintxerpeko edo Altzako bestelako espazioak; esate baterako, Altzan baserriak besterik ez zeuden garaiko argazkiak.

Trenaren iritsiera ere jaso du, jakina, bere lanotan Egañak, 1864tik aurrerako argazkietan. Bada argazkilari frantses bat, Auguste Muriel, Paris eta Madril arteko trenbidearen irudiak egin zituena, hainbat geltokitan barrena. Haren eta beste batzuen erreferentziak hartzen joan zen. «Gehienak frantsesak dira; esate baterako, Jean Laurent, Madrilen bizi eta Pasaiaren oso irudi ezagunak egin zituen argazkilaria, edo Jean Andrieu, Pirinioen gaineko sail bat egin eta bertan Pasaiaren bi argazki sartu zituena». 1951n irudiak hiru dimentsiotan ikusteko teknika zabaltzen hasi zen, eta Andrieuk huraxe erabili zuen “Voyages aux Pyrénées” argazki estereoskopikoen sortan. Luciane Levy eta XIX. mende amaierako beste argazkilari batzuk ere dakartza Egañak hizpidera, haien irudi «ikusgarriekin» batera, hala nola San Pedroko elizaren parean hondartuta agertu zen balea.

XX. mendean, azpimarratzekoak iruditzen zaizkio, esate baterako, Juan Chicoy eta Ignacio de Colmenares dokumental kutsuko argazkien egileak, baita ikuspuntu piktorikoagoa zuen Kurt Hielscher alemaniarra eta hark 1917an egin eta “Das unbekannte Spanien” liburuan argitaratutako irudi «zoragarriak» ere, hala nola Trintxerpe edo Arditurriko meategietatik ekarritako ikatza zamatzeko tokia.

 

Giza faktorea

Pasaia garrantzitsua iruditzen zaio Egañari, halaber, giza faktorea kontuan izatea. Euri egun batean Afrikako gerrara joateko ontziratzen zirenak agurtzeko pilatzen zen jendea ageri deneko irudi gris horiek; ama semea besarkatzen ageri denekoa... Oso hunkigarriak baina ez arranditsuak. Horien egileen artean ezin Ricardo Martin aipatu gabe utzi.

Ondorengo industrializazioak areago aldatuko zuen paisaia. Horren lekuko dira langileak fabriketan lanean ageri diren irudiak, Luzuriagan edo ontzioletan kasu, edo emakume saregileak, hondoratutako ontziren bateko naufragoak portuan, Pasaiako portuaren argazki panoramiko ikaragarriak. Gregorio Gonzalez Galarza izan omen zen aldaketa horiek ondoen jaso zituenetakoa. Baita Santa Maria del Villarko markesa ere, Madrilen sortua baina Donostian bizi zena, haren argazkiek, gerra ondoan turismo urtekarietan argitaratuak, garai hartako Pasaiaren ikuspegi dokumentala ematen baitute. Nafarroako Artxibo Nagusian dago haren argazki funtsa .

Victor Hugo Etxeko erakusketaren osagarri, ikusgai daude, halaber, Pasaiaren argazkiak dituzten zenbait liburu: Sigfrido Koch Bengoetxearen “País Vasco. Guipúzcoa”, Pascual Marinen “Lo admirable de Guipúzcoa” edo Jose Ortiz-Echagueren beste bi liburu. Baita Pasaia eta haren portua agertzen diren beste argitalpen batzuk ere, hala nola 1920an “ABC” egunkariko lehen orrialdean agertu zen irudi bat, Pasaiako zamaketarien greba jasotzen duena –duela zenbait aste GAUR8ko “Behatxulotik” atalean argitaratua–, eta 50eko hamarkadan euskal zein Estatuko prentsan Paisaiari buruz argitaratutako zenbait erreportaje. Halaber, beste euskarri batzuetan erabilitako argazkien laginak ere ikusgai daude, hala nola Arditurriko meategien grabatuak edo XIX. mendean grabatu bat egiteko erabilitako argazki bat grabatuaren ondoan.

Bi urteko lana

Bilaketa lanetan bi urte inguru eman ditu Egañak, «batzuk buruan dituzun irudiak dira». Argazki horietako batzuk Paristik datoz, beste batzuk Madrildik, edo Kataluniako Centre Excursionistatik, beste zenbait San Telmo Museotik, eta beste asko leku ugaritako bilduma partikularretatik; hamaika funtsetatik, alegia. Eta liburua inprimatzen hasita zegoela ere iritsi zitzaion baten bat, esate baterako Ipar Euskal Herriko argazkilari batena, 1880koa. Izan ere, Egañak esandako leku horietan guztietan «lazoak» botata zituen. «Kasu batzuetan zerbait iristen da, beste batzuetan ez, edo zeuk ikustera joan behar izaten duzu…». Esan bezala, erakusketan 60 argazki daude ikusgai; liburuan, berriz, 80, eta beste 60tik gora «kanpoan gelditu dira», denak XIX. eta XX. mendeetako irudiak. Lortu zituen azkenak Bigarren Karlistaldiko liderra izan zen Montevillako baroiaren funtsekoak dira, Euskal Herriko bazter askoren irudi estereoskopikoak. Liburuan haren bi argazki daude.

Lan gaitza egin du Egañak, beraz, egunotan GARAk iragarritako “Gernika. Memoria de un pueblo bajo las bombas y el fuego” atontzeko Ingo Niebel egunkari honetako kolaboratzailearekin batera egingo zuenaren antzera, nonbait.

Bildutako argazkiak iraganekoak dira, baina «ez iraganaren preso bizitzeko, etorkizuna irudikatzeko baizik», “Argazkilariak Pasaian” liburuaren aurkezpen ekitaldian Zapirainek esan zuenez. Antzeko hitzak idatzi zituen Resurreccion Maria Azkuek 1899an: «...lenak erakutsi beigu etorkizuna», eta hitz horiekin amaitzen da Patxi Salaberri Muñoak “Iraupena eta lekukotasuna” literatur saioaren sarrera gisa hautatutako pasartea. Liburuaren azaleko irudia osatzeko, Ainhoa Lukasek Juantxo Egañaren argazki bat erabili zuen.