Beñat Gaztelumendi

ARGENTINA: BERTSOAK, PILOTA ETA CUMBIA PIXKA BAT

Apirilaren 9tik 22ra bitartean lau pilotari, bi bertsolari eta aurkezle bat Argentinan zehar ibili gara Bertso Pilota saioak eginez. Euskal Herria erakutsi eta Argentina ezagutzera etorri ginen. Eta, konturatzerako, ezagutzen ez genuen Euskal Herri baten berri eman digute beste kontinente bateko euskalki batean mintzo diren euskaldunek.

Bakearen Artisauak gizarte zibilaren konpromisoak zer esan nahi duen erakusten ari ziren Baionan. Korrika Iruñera iristera zihoan. Eta hegazkin bat Madrilgo Barajaseko aireportutik abiatu zen, Sao Paulon eskala egin eta Buenos Aires helmuga zuela. Zazpi euskaldun gindoazen barruan: lau pilotari, bi bertsolari eta aurkezle bat. Bertso Pilota saioak eskaini nahi genizkien paleta eta payadoreak ezagutzen zituzten argentinarrei. Artean ez genekien zerekin egingo genuen topo.

Heldu orduko azalera itsatsi zitzaigun Buenos Aires. Bero errea euriak gorputzera sartu zigun hiriari zerion asfalto eta gasolina lurrinez hornituta. Begirada triste eta kontsonante alaiz mintzo zen taxilariak, munduko hiri gehienetako taxilariek duten analisi sozioekonomikorako erraztasunarekin, Argentinak arazo handi bat daukala kontatu zigun: ez dagoela nazionalismorik. “Nazionalismo” hitzak Euskal Herritik kanpo izan dezakeen esanahiaz hausnarrean ari ginela hitz egin zigun peronismoaz, hitz egin zigun Macriz, hitz egin zigun inflazioaz, hitz egin zigun martxotik borrokan ari diren irakasleez, bizitza ehuneko hogeita hamar garestitu arren soldatak eguneratzen ez dituen Gobernuaz, apiril hasierako greba orokorraz… Eta baita herritarren arteko elkartasunik ezaz ere; arazo orokorren aurrean nork bere interesei begiratzeko joeraz. Eta aireportutik San Telmo auzora bitarteko etorbide zabalean kalean bizi zen jendea ikusi genuen, eguerdiko berotan arkupeetan eraikitako kartoizko etxeetan etzanda, eskerako ere esperantzarik gabe.

Ordu laurdeneko bidaian ikasi genuen hitzak ere kontinentez aldatzen direla: Argentinan “villa” hitzak ez duela luxurik adierazten; Buenos Aireseko trenbide ertzeko favelei deitzen zaie hala. Garai batean lan bila iritsitako langile boliviar, paraguaitar eta perutarrak bizi omen dira bertan. Gu begiak zabalduta eta ahoa itxita iritsi ginen San Telmo auzora, Buenos Aires azalera itsatsita.

Rio de la Plataren ertzeko euskaltzaleak

Argentinan euskaldun izatea zer ote den. Hegazkineko hamalau orduetan galdera hori generabilen turbulentziek ikaratutako sabeletan bueltaka. Saiatu ginen erantzunen bat ematen, baina leihoetatik lainoa baino ez genuen ikusten. Buenos Airesera iritsi berritan hasi ziren gure aurreiritziak hausten. Euskaltzaleak Euskal Etxeko lagunekin genuen lehenengo hitzordua, elkarte bilakatutako garaje batean. Bertso saio bat egitekoak ginen bertan eta han ari ginen, kantatutakoa nola itzuli zalantzan. Baina ez zen itzulpen beharrik izan: urteetako lanaren ondoren inguratu ziren hogei bat lagunak gai ziren esaten ari ginena ulertzeko.

Saioa bukatutakoan Euskal Etxea erakustera eraman gintuzten: ia laguntzarik eta baliabiderik gabe eraikitako lokal bat zen. Ikurrina eta euskal presoak etxeratzeko banderen aldamenean “Ni una menos” kanpainako kartelak ere jarrita zeuzkaten, euskara hutsean. Urteak dira Argentinan mugimendu feminista emakumeek jasaten duten indarkeriaren kontra altxatu zela. Hasierako manifestazioetara dozenaka lagun inguratzetik dozenaka mila lagunek egindako protestetara iritsi dira urte gutxiren eta lan askoren ondoren. Irenek, Euskal Etxeko euskara irakasleak, harro erakutsi zigun aurtengo martxarako euskara hutsez prestatu zuten pankarta. Hori izan zen apurtu zitzaigun bigarren aurreiritzia: euskara ez zen iraganera, arbasoetara lotzen zituen haria, Buenos Aireseko egunerokotasunari, bertako euskaldunen emozio eta pentsaerari forma emateko tresna baizik. Euskal Herrian oraindik leku askotan lortu ez den arren, Buenos Airesen dozenaka lagunek euskaraz bizitzeko hautua egina zuten.

Hunkituta eta harriduraz egin genien beharbada egin behar ez genuen galdera: ea arbaso euskaldunik ba ote zuten. Eta batek baino gehiagok erantzun zigun ezetz: Euskal Herriarekiko lilura eta jakin-minak eraman zituela euskarara; munduari begiratzeko beste leku baten bila ari zirela, hizkuntza eta pentsamendu hegemonikoetatik kanpo.

Euskal Etxetik atera ginenean euria ari zuen oraindik, geratu gabe.

Cumbia eta distantzia La Platan

Oraindik jet lag-aren eraginpean iritsi ginen Buenos Airesetik La Platara; Euskal Herritik milaka kilometro eta bost ordutara. Euskal Herrian bazkalordua da Argentina esnatzen denean; afalorduan bazkaltzen da, eta Kantauri ertzean eguna urratzen ari dela iristen da lotarako garaia Rio de la Plataren aldamenean.

Ordubeteko autobus bidaian ohartu ginen, ordea, ordularia bakarrik ez, denbora ere aldatu egiten dela kontinente batetik bestera. Bihurgunerik eta mendirik gabeko errepide lau batetik iritsi ginen La Platara eta han ikasi genuen distantziaren zentzua ere aldatu egiten dela: haientzat cerquita dena urrun dagoela guretzat, 500 kilometrotara adibidez; eta haientzat lejos dena ez dela Eskiulatik Karrantzara eta Donostiatik Tuterara zedarritutako gure garuneko mapetan sartzen. Jendetza inguratu zen Bertso Pilota emanaldia ikusi eta entzutera. Asko ziren euskara ikasten ari ziren gazteak. Eta haiekin egin genuen Argentinako lehendabiziko parranda. Han ikasi genuen garagardoaz gain ferneta ere edaten dela La Platan, eta gida turistikoek tangoaz hitz egiten badute ere cumbia dela bertako gazteen gerriak dantzan jartzen dituena.

Itsas zakurrak Necochean

Distantziarik, denborarik eta ortzi-mugarik gabeko errepide amaiezinei jarraika egin genuen La Platatik Necochearako bidea. Itsas zakurrak hondartzan tripaz gora etzanda zeudela egin ziguten harrera Euskal Etxeko gazteek. La Platako unibertsitatean ikasten ari ziren haietako asko. La Platatik ehunka kilometrotara bizi arren Aste Santuko opor egunez gozatzera joanak ziren kostaldera. Adinez jubilatzeko sasoia aspaldi gainditua bazuen ere gaztetu ederra hartua zegoen Euskal Etxea. Maiteren eta Juanchiren eskutik ezagutu genituen pilotalekua, dantzako entseguak egiteko lokala, sukalde eta guzti hornitutako elkartetxoa…

Euskara hutsez azaldu ziguten argentinarren ehuneko hamarra behintzat euskal jatorrikoa dela. Eta Buenos Airesko pibe haiez oroitu ginen, vasco, gallego, italiano, eta abarrez. “Herri” eta “erro” hitzekin jolasean ari ginela eman ziguten Argentinan hain sakona den sentimendu horren berri: argentinar gehienak datoz beste nonbaitetik, ia kasualitate hutsa da haien arbasoek Necochea hautatu izana Donostiaren edo Habanaren edo Caracasen ordez. Eta lurrean hanka puntetan zebiltzala iruditu zitzaidan, egokitu zitzaien lur hartan ahalik eta arrasto txikiena utzi nahian bezala. Hondartzan etzanda utzitako itsas zakurrez oroitu nintzen: mareak hara eraman eta isil-isilik itsasertzean imajinatu nituen, zeruari begira. Gizaki begi txikiak zeuzkaten.

Euskal Herri bat bafleetan

Afalostean mahaiak kolpera baztertu zituzten ordurako lagun bilakatuak zitzaizkigun necochearrek. Dantza egin behar genuela esan ziguten gerri ortopedikoak geneuzkan pilotari eta bertsolarioi. Berriz ere cumbia dantzatzeko prest egin genuen korrua. Eta bafleetatik abesti balkaniar baten notak irten ziren, eta Izaroren ahotsa berehala, “Hizkuntzaren malabaristak”; eta Berri Txarrak eta Gatibu eta Sorotan Bele; eta kantu eta kantu artean politikaz hitz egin genuen, kulturaz, etorkizunerako amesten genuen herriaz… Eta bat-batean herriko kioskoan Gipuzkoako egunkari salduena besapean nire “egun on”-ari buenos días batekin erantzuten dion auzokidea baino gertuago sentitu nituen Atlantikoaren bazter bakarti hartako gazteak. Azukrea gehiegi igo zidan fernetak nonbait.

Chacarera dantza ikasten

Hainbeste euskal musikarekin konkistatzaile konplexua sartzen ari zitzaidala aldatu zen melodia. Bi ilaratan jartzeko eskatu ziguten, bertako dantza bat ikasteko. Chacarera. Eta hizkuntzaren malabaristok ekilibrista traketsaren pausuan saiatu ginen gure artikulazioak ere kontinentez alda zitezen.

Eguna argitzera zihoan Euskal Etxetik lotarako utzi ziguten etxera abiatu ginenean. Zakur beltz herren bat etorri zitzaigun atzetik, eta Necochean egin genituen egunetan gure taldeko kide mutu bilakatu zen. Akaso erro eta herri bila arituko zen zorriak kendu nahian hazka eta hazka ari zen gizaki begiko animalia hura ere.

Korrika eta Aberri Eguna Necochean

Lo gutxi egindako aurpegiz hasi genuen apirilaren 16a Hego Haizeak Antartidako izotzaren errea eta ipar haizeak Brasilgo sambaren beroa dakartzan lurraldean. Begietako makar-hondarrak kendu nahian ari ginela hurbildu ginen Necocheako Euskal Etxearen aldamenean landatutako Gernikako Arbolaren kimutik sortutako haritzera.

Lore eskaintza egin berritan musika balkaniarra eta Izaroren ahotsa entzun genituen berriz. Korrikako furgonetaren bila aritu ginen Necocheako etorbide zabalean. Berriz ere begiak igurtzi behar izan genituen musika nondik zetorren argitu genuenean: pick up gorri batetik. Txalekoak jantzi eta pankartaren atzetik korrika abiatu ginen 50 bat lagun, espaloietatik zuzentzen zizkiguten begirada txundituen artean.

Hirurehun metroko ibilbidean lekukoa elkarri pasaz egin zuen Necocheak lekua Korrikaren ibilbideak marrazten duen euskararen mapan. Eta Maitek zabaldu zuen lekukoa Argentinatik esan nahi ziguna irakurtzeko: arbasoengandik jasotako ondasunen artean altxor bat dela euskara ere; ikas daitezkeela dantzak, ikas daitekeela musika, eduki daitezkeela zortzi euskal abizen. Baina hizkuntza dela guztiari batasuna ematen diona.

Ospakizunaren ondorengo luntxean gure mugikorretara wifi bidez ailegatu zen albistea: Necocheako Euskal Etxeak aurten ere “Hator hona” ekimena antolatu duela, Euskal Herriko gazteek bertan egonaldi bat egiteko. Guk alde egin beharra geneukan. Viedma gure zain zegoen. Eta tartean, ia bihurgunerik gabeko errepide bat, sekula bukatzen ez den lautada batean.

Patagoniarrak bertsotan Viedman

Asado-tik asado-ra iritsi ginen Rio Negroren ertzeko ikatzezko hondartzetara. Patagoniako aduana igarota iritsi ginen Viedmara. Tangorik dantzatzen ez den Argentina bat ezagutu genuen han, itsas zakurrak umatzera joaten diren itsasertzen aldamenean. Bertan bertso saiorik eta eskuzko pilota partidurik sekula ez zela izan kontatu zigun Rociok, Euskal Etxeari mugimendua emateaz gain euskara klaseak gidatzeaz ere arduratzen den emakume beltzaranak. Maizpiden trebatutako doinu goierritarrezko euskaran egin zigun harrera. Eta Euskal Etxean euskaraz jolas egiten duten haurrengana gonbidatu gintuen, eta Pirritx eta Porrotx haize hotzak hegoaldetik jotzen duen lurraldeko haurrentzat ere magikoak direla ikasi genuen.

Edozertarako prest geunden ia bi asteko bidaiaren ondoren. Esku pilotaren inguruko azalpenak eman ondoren patagoniarrei bertso eskola bat eskaini genien. Eta argibide batzuk jasota bi bertso egiteko ere gai izan ziren. Buenos Aireseko euskaltzale haiekin oroitu nintzen, “Ni una menos” kanpainara euskara gehitu zutenekin. Patagoniarrei ere elkarren artean euskaraz bizitzeko tresnak ematen ari ginen.

Lapridan: han eta hemen

Patagoniarrak “Olentzero joan zaigu” doinuan bertsotan jarrita egin genituen Lapridara arteko 500 kilometroak. Monicak egin zigun harrera: birraitona azpeitiarra zuen emakume bizi eta urduriak. Belaunaldiz belaunaldi iritsi zitzaion Euskal Herriarekiko jakin-mina. Euskara galdu egin zen denboraren kate-begiren batean. Lehenengo aldiz Euskal Herrira joan zenean zer sentitu ote zuen galdetu eta pentsatzeko astirik ere hartu gabe eman zigun erantzuna: «hangoa nintzela, lur hura nire parte zela». Eta Argentinan ere gauza bera sentitzen zuela.

Pentsatu genuen zaila behar duela aldi berean bi lekutakoa izateak: aldi berean bi lekutan egonik beti lekuz kanpo egotea, aireportuan beste norbaiten maleta hartu duen bidaiariaren gisan. Lekuak ere ematen omen du identitatea. Eta arta-soroen arteko herrixka haietan pentsatu genuen Argentinan gizakirik gabeko lur asko egongo bazen ere euskaldunak iritsi zirenerako jendea biziko zela lur haietako batzuetan. Eta tragikoa eta kontraesankorra dela beste norbaiti ukatutako lurrek ematea Euskal Herrian ukatutako nortasuna.

Indigena bat La Platako Historia Museoan

La Platako egonaldian bertako Historia Naturaleko Museoa ezagutzeko aukera izan genuen. Eta harrituta entzun genuen nola Patagonia “konkistatu” zenean (aurretik ez al zuen gazteleraz mintzo ez zen inork konkistatu bada?) bertako jatorrizko herritar batzuk ehizatu eta La Platako museora eraman zituztela, zientziaren izenean zibilizazioak ikusi eta ukitu zitzan.

Eta orain imajinatu bi bertsolari ia inork euskaraz ez dakien pilotaleku batean. Mundua gazteleratik bizi eta pilota partidu bat ikustera datozenei bertsoak bota dizkiegu munduaren bestaldeko gure hizkuntza gutxituan; berezitasunaren eta exotismoaren mugan; apaingarri soil izatetik une eta leku horri eduki bat ematera dagoen tarte estu horretan. Batzuetan, pilotalekuko harmailetatik begira geneuzkan aurpegi harrituei begiratu eta La Platako museoko indigena kaiolatuekin akordatu gara. Gure arbasoak izango ziren haiek ehizatzera joandako asko. Baina ehiztaritik eta ehizatutik, bietatik zerk bereizten gaituen galdezka hasi garen aldiro euskaraz mintzo zen argentinar bat etorri zaigu aldamenera, euskara Argentinara eta, batez ere, Argentina euskarara eramateko prest.