Iñaki Altuna

Cifuentesen egoerak kezka sortu ote zuen Sabin Etxean?

Azkenaldian Espainiako haizeek hemengo bazterrak harrotzen dituzte. Cristina Cifuentes Madrilgo Erkidegoko lehendakariak epaitegietako bidea har zezakeela-eta, sekulako aparra sortu zen joan zen asteartean ordu batzuetan. Delituak leporatzen zizkion Guardia Zibilaren txosten batek. Nahikoa zantzu ba omen zegoen. Epaileak, fiskalak eta Cifuentesek berak apokalipsia zirudiena indargabetzea lortu zuten, epaileak eta fiskalak ez dutela ikertzeko asmorik esan eta Madrilgo lehendakaria babes horrekin jendaurrera irten ostean. Gaitz erdi, oraingoz, nahiz eta arriskua hor dagoen, eta susmoa ere bai: Cinfuentesena ez ote den alderdi barrutik etorritako erasoa izan. Bera ere ez omen da ondokoez fio.

Polizia txostena kaleratzeak Cifuentesen gainbehera zekarrela zirudien ordu horietan zenbait bihotz taupadarik gabe geratu ziren, jadanik ustelkeria ez baitzen aurreko gobernuetara (Agirre, Granados, Gonzalez..) mugatzen. Oraingo agintariak kolpatzen zituen zuzen-zuzenean. Akabo birsorkuntzaren mezua, akabo Madrilgo Gobernua sostengatzen duen ituna, fini belaunaldi berri bat badatorrela irudikatzeko aukera bera ere. Cifuentes omen zelako ustelkeriaren kontra borrokatzera zetorrena. Bai, taupadarik gabe geratu ziren bihotz asko, baina, beharbada, ez soilik Madril aldean. Akaso, Sabin Etxean ere susto ederra hartuko zuten.

Izan ere, Kupoaren akordioa sinatu behar zuten egun gutxira, eta jelkideek PPri Estatuko aurrekontuetan eman behar dioten babesa edonon da mintzagai. Ustelkeriaren kiratsa jasanezina zen akordio horiek erdietsi zituztenean, baina Cifuentesen kapitulu berri horrek, hasierako bertsioan bederen, are eta estutasun handiagoa sortu ahal zion EAJri, eguneroko ezustekoetan murgilduta.

Hori dena gutxi ez eta politikoki beste argazki esanguratsu bat ere ikusi dugu: EAJk Mariano Rajoyren aurrekontuei babesa emango dio Gasteizko Legebiltzarraren hitzaren kontra, ganbarak gehiengoz bozkatu baitu haiek errefusatzeko. Madrilen alde Legebiltzarraren irizpidearen kontra, bide autonomikoaren bertsio surrealista samarra.

Egonkortasunari eman nahi dio balioa EAJk, beste edozeren gainetik. Kupoaren akordioa ona dela dio. Gurea zena berreskuratzeko PP ahul egotea aprobetxatu omen dugu. Aldebikotasuna deitzen diote horri. 2018rako hauteskundeak aurreratzen badituzte –hala izango dela dio batek baino gehiagok–, ea Espainiako Kongresuko eserleku banaketak aldebiko harreman hori bermatzen duen berriro ere. Burujabetza partekatua deitzen diote horri, antza.

Egindakoarekin paparra atera du Gasteizko Gobernuak. Egon gintezkeen egoerarik onenean gaude. Hauxe da topea. Eta hortxe dago, bada, koxka. Euskal Herrian izan daitezkeen aukerei eta indarrei topea jarri nahi izan baitiote jelkideek, une historikoak garapen handiagoa eskaini arren. Ikusi besterik ez dago, esate baterako, Gasteizko Legebiltzarraren osaketa. Estatuaren proiektua krisian dago, Kataluniak ibilbide luzea egin nahi du… eta, egoera horretan, Urkulluk sortutako baldintzek eskaintzen duten potentzialtasuna kamustu egin nahi du, egiten ari dena egin daitekeen gauzarik onena omen delako. Maila orokorra jaitsi nahi du eroso egoteko.

Fase historiko oso gogorretik gatoz. Oraindik haren arrangura ez da apaldu, kartzeletan ehunka euskal militante egoteak adierazten duenez, baina espero zitekeen ziklo berri honek bestelako anbizio bat merezi izatea, Euskal Herria beste egoera batera eramateko prozesu oso bat egiteko.

Ondorio bat atera dezakegu dagoeneko: egoera gogor batetik egoera zail batera pasatzen ari gara. Zaila baina erabakigarria. •