Jose Angel Oria
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Trumpek datorren astean jakinaraziko du zer egingo duen klimaren 2015eko Parisko Hitzarmenarekin

Donald Trumpek AEBetako presidentetzarako hauteskundeak irabaztean leku eta arlo askotan sortu zen kezka. Baita gure planeta bakarraren egoera hobetu nahiko luketen artean ere.

Klima aldaketa estatubatuarren negozioak egiteko aukerak murrizteko baino balio ez duen kontua dela esan izan du presidente berriak, eta ideia horrekin bat datozen izendapenak egin ditu. Baina oraindik ez du garbi esan zer egingo duen klimaren inguruko Parisko Hitzarmen historikoarekin (gehien kutsatzen duten bi herriek, AEBek eta Txinak, lehen aldiz onartu zuten beste herrialdeekin batera beroketa globalari aurre egiteko urratsak ematea). Eutsiko al dio kanpainan askotan agindu zuenari? Eta AEBak Parisko Hitzarmenetik ateratzea erabakiko balu, zer aldatuko litzateke? Klima aldaketa gehiago larriagotuko al litzateke?

Orain sei hilabete Marokoko Marrakex hirian egin zen COP22 bileran ekologistek esan zuten Queenseko magnatearen jarrerak gainerako herrialdeen konpromisoa indartzea eragin zuela. «Aurten bultzada ikusi dugu mundu osoan eta foro askotan. Inpultso horrek ez du atzera egiterik: gobernuek ez ezik, zientziak, negozioek eta ekintza globalak ere bultzatu dute, maila guztietan, eta gure eginbeharra da orain aurrera egitea bultzada horren gainean, denok batera, berotegi efektua eragiten duten gasak murrizteko. Dei egiten dugu konpromiso politiko handiagoa hartzera, klima aldaketaren aurkako borroka presazko lehentasunen artean sartzeko», Lurraren Lagunek eta Greenpeacek adierazi zutenez.

Nazioarteko talde ekologistek egin zuten irakurketaren arabera, Etxe Zuriko agintariaren purrustadek bere politiken aurkako lerroak indartzea baino ez zuten lortu. Tankerako zerbait gertatzen ari da AEBetan bertan, orrialdeotan laburbildu ditugun berriak errepasatuz gero ikus daitekeenez.

Floridako itsasertza

AEBetako presidenteak Floridako Mar-a-Lagon duen luxuzko etxea bere Gobernuaren bigarren egoitza bihurtu du. Apirileko bigarren astean Senatuko batzorde batek hego-ekialdeko estatu hori aukeratu zuen klima aldaketak eragingo duen itsasoko uraren mailaren igoera nabarmentzeko: oso garbi esan zuten Floridako itsasertzeko zati handi bat bereganatuko duela ozeanoak, Donald Trumpen luxuzko etxea barne.

«AEBetan klima aldaketak eragingo dituen inpaktuen zero-gunean gaude gaur», adierazi zien kazetariei Bill Nelson Alderdi Demokratako senatariak. «Pertsona batzuek oraindik klima aldaketa ez dela benetakoa esaten jarraitzen badute ere, Floridaren hegoaldea fenomeno hori bene-benetakoa dela dioen frogarik garbiena da. Datozen hamarkadetan arazo horri aurre egin beharrean izango gara».

NOAA AEBetako Ozeano eta Atmosferaren Administrazio Nazionalak egindako txostenen arabera, Mar-a-Lago Club eta Donald Trumpek Floridan gehien erabiltzen dituen beste jabetza batzuk itsasoko uraren maila baino beherago geratuko lirateke XXI. mendea bukatzerako, ozeanoak metro bat gora eginez gero. Dagoeneko marea biziak eragindako uholdeak jasan behar izaten ditu estatuak.

NOAA erakundeak egin dituen kalkuluen arabera, AEBetan itsasertzean bizi diren bi milioi lagun gaur egun duten etxea utzi beharrean izango dira uholdeen eraginez, eta makina bat lekutan bizitzen jarraitzea ezinezko bihurtuko du klima aldaketak.

Urakanak

Ekainaren 1ean hastekoa da aurtengo urakan garaia. Azken egunotan Garrett Black meteorologoak eta bere lankideek AEBetako makina bat puntu bisitatu dituzte, umeak, batez ere, kontzientziatzeko asmoarekin.

Zikloien azterketarako erabiltzen dituzten hegazkinak, «urakan ehiztariak», erakusten dituzte meteorologoek. Entzuleei esplikatzen diete zer egiten duten fenomeno meteorologikoaren indarra eta ezaugarriak aztertzeko eta kasu askotan ekaitza bera behin baino gehiagotan zeharkatu behar izaten dutela: «Jolas-parke bateko mendi errusiar batean sartzea bezalakoa da».

Global Weather Oscillations konpainiak egin dituen aurreikuspenek diote aurtengo urakan denboraldia arriskutsua izango dela, baita azken hamabi urteotako garestiena ere, AEBetan lurra sei ekaitz bortitzek ukituko baitute.

Gainera, eskema guztiak hautsi izan dituzten urakanak ere ezagutu ditugu azken urteotan, eta horiek gero eta maizago gertatuko dira datozen hamarkadetan. Princeton eta Rutgerseko unibertsitateetako eta Woods Hole Institutu Ozeanografikoko ikerlariek esan dute 2012ko urrian New York hiria bera (teorian zikloi tropikalak ez dira inoiz hain iparraldera heltzen) kaltetu zuen “Sandy” bezalako ekaitzen maiztasuna hamazazpi aldiz igoko dela.

Erregai fosilak

“Sandy” urakanak baino kalte ekonomiko larriagoak “Katrina” izenekoak eragin zituen 2005ean, baina kasu hartan ekaitzari New Orleans hiria babesten zuten dikeen egoera penagarria erantsi zitzaion, tragedia eragiteko (1.500 hildakotik gora utzi zituen “Katrina” urakanak Louisiana estatu osoan).

Trumpek, aldiz, erregai fosilekin negozio egiten jarraitzeari ez dio inongo arazorik ikusten eta askotan agindu du Barack Obama presidente ohiak bere agintaldian abian jarritako makina bat ekimen atzera botako dituela. Baina bide horretan ere Etxe Zurira iristea lortu zuen ahoberoak espero ez zituen arazoak topatu ditu. Negutegi efektua eragiten duten metano isurketak murrizteko asmoarekin presidente beltzak onartu zuen lege bat hankaz gora bota nahi zuen ondorengoak, baina Parlamentuan ezezko borobila jaso zuen orain astebete pasa. Senatari demokrata guztiek eta Alderdi Errepublikanoko hiruk Trumpek nahi zuenaren kontrako botoa eman zuten.

Andrea Delgado Earthjustice talde ekologistako ordezkariak nabarmendu zuen Trump Etxe Zurira iritsi zenetik ekologistek lortutako lehen garaipen handia izan zela: «Guztiontzat sekulako garaipena izan da, baina, batez ere, erregaiak ateratzen dituzten lekuetatik gertu bizi direnentzat. Baztertu nahi duen legeak osasun publikoa babesten du eta altxor publikoak diru asko aurreztea eragiten du».

Edonola ere, Donald Trumpek baliabide ugari ditu bere esku aurrera atera nahi dituen legeak eta proposamenak onartuak izan daitezen.

Erregai fosilen alde eta energia-iturri garbien aurka Etxe Zurikoak abian jarritako ekimenen artean, Dakota Access Pipeline izeneko oliobidea siux herriaren erreserba batean eraikitzeari argi berdea eman dio. Gaur bertan hasiko dute Standing Rock mugimenduko ordezkariek Europara antolatu duten bidaia (Euskal Herrira bertara ere etortzekoak dira, ekainaren 12an Bilbora), beren helburu eta ekimenen berri emateko.

Aldi berean, Hego Dakotako oliobideak izan duen lehen isurketaren berria iritsi zaigu. Ez da izugarrizko kalteak eragiteko moduko isurketa (318 litro petrolio), baina bai nahikoa Dave Archambault II.a siux buruzagiaren kezka indartzeko: «Inork ez zigun jaramon egin, diruak eta diruzalekeriak gidatutako pertsonak direlako».

Jakina, Energy Transfer Partners konpainiak nabarmendu du isurketa berehala menderatu zutela. Baina ez du aipatu ere egin horrelako instalazioetan gero eta isurketa gehiago eta larriagoak izaten direla, denborak eta erabilerak berak pixkanaka pieza asko hondatu egiten dituzte-eta. «Abangoardiako instalazioak direla esaten jarraitzen dute, ezinezkoa dela isurketa izatea, ezin duela ezerk gaizki atera. Baina hori beti gezur hutsa izan da», adierazi zion “The Guardian” egunkariari tribuaren abokatuak. Gainera, konpainiak berak Ohio estatuan duen gasbidean hemezortzi isurketa onartu ditu.

Ingurumen-inpaktuaren azterketa zorrotza egitea ezinbestekotzat jotzen dute Standing Rockekoek, beraientzat oso garrantzitsua izateaz gain, bertako ura kontsumitzen duten hamazazpi milioi lagunentzat ere inportantea delakoan.

Burlington

Erregai fosilen aldeko apustuak fracking edo haustura hidraulikoaren bitartez ateratako gasaren eta petrolioaren alde egitea ere eskatzen du, eta horretarako Donald Trump bezalako agintari bat izatea bezalakorik ez dago, gizakion jarduera ekonomikoek klima aldaketa eragiten dutela ukatzen baitu, eta aurreko presidenteak jarduera kutsakorrenei jarritako oztopoak kentzen hasia baita.

Hala ere, AEBetan herritar askok egin du kontrako apustua, energia-iturri garbien aldekoa alegia. Adibiderik ikusgarriena Kanadako mugaren ondoan dagoen Vermont estatuan dugu, AEBetako ipar-ekialdean. Burlington hiriak 42.000 biztanle ditu eta iturri jasangarriek emandako energia baino ez dute kontsumitzen bertan. Bertako alkatea Bernie Sanders izan zen orain urte batzuk, iaz Alderdi Demokratak egindako primarioetan ia sekulako ezustekoa eman zuen politikaria (establishment ahalguztidunarentzat ezustekoa, estatubatuar askorentzat ilusioa eragiteko moduko hautagai bakarra zelako). Kasualitate hutsa? Demokraten primarioak garbiak izan balira, alderdiko buruek Hillary Clintonen aldeko maniobra ilunak egin izan ez balituzte...

AEBetako gida askotan esaten da Burlington hiria dela herrialdeko onenetakoa bertan bizitzeko. Herritarrek harro-harro eginda esaten dute beste hiri askok bekaizkeriaz begiratzen dietela. Miro Weingberger egungo alkateak badaki ezinezkoa dela Burlungtoni Sandersekin eta bere ingurumenaren defentsarekin duen lotura kentzea, baina energia garbien aldeko erabakia berriagoa dela nabarmentzen du: «Vermonten dugun zentral nuklear bakarrari elektrizitate gehiago ez erosteko erabakia 2004an hartu genuen».

Hiriak ordura arte kontsumitzen zuen ia energia guztia aipatu zentral nuklearrari erosten zionez, ausardiaz gain, imajinazioa ere behar izan zuten egoera hura atzean uzteko. Gaur egun biomasatik ateratzen dute kontsumitzen duten energiaren %45, zentral hidroelektrikoetatik %30, parke eolikoetatik %24 eta eguzkitik beste %1.

“Político” aldizkariak orain sei hilabete argitaratu zuen hiriari buruzko testu argigarri bat. Bertan defenditzen zuten egileek energia-iturri garbien aldeko erabakiak herritarren bizimodua arlo askotan aldatu duela: nekazaritza jasangarria garatzen duten kooperatibak sortu dira eta garaiko produktuak saltzen dizkiete herritarrei; eta burlingtonar askok kontagailu inteligenteak ipini dituzte, beren kontsumoa hobeto ezagutu eta aurreztu ahal izateko.

Gauzak era jasangarriago batean egin daitezkeela erakusten ari dira Burlingtongo herritarrak, Taylor Ricketts Vermontgo Unibertsitateko Ekonomia Ekologikoko irakasleak jakitera eman duenez: «Burlingtonen ez dago gauza magikorik. Naturak ez digu beste hiriei baino eguzki ordu gehiago eman, ez daukagu haize indartsuagoa edo ur gehiago daraman ibairik. Beraz, guk hori egitea izan badugu, gainerakoek ere beste horrenbeste egin dezakete».

Energia nuklearrak dituen arazoak ere kudeatu beharko ditu Donald Trump presidenteak.

Nuklearrak

AEBetako ipar-mendebaldean dagoen Washington estatuan, Seattle hiritik 300 kilometrora, hondakin atomikoak jasotzeko erabiltzen den lur azpiko depositu handi batean (AEBetako handiena) zulo kezkagarri bat sortu zen hilaren 9an (zazpi metroko diametroa zuen), Kanadako irrati batek jakinarazi zuenez. Larrialdi egoera deklaratu zuten Hanfordeko gune atomikoan eta agintariek kontatutakoaren arabera, ehunka langile ebakuatu behar izan zituzten (iturri batzuek nabarmendu dute instalazio horietan 11.000 lagunek lan egiten dutenez, ebakuatutako langile kopuruak handiagoa izan beharko lukeela). Eraitsitako tangan bertan lanean ari ziren pertsonak ebakuatzeaz gain, inguruan zeuden beste langileei hasiera batean esan zitzaien leihoak eta aireztatze sistema guztiak ixteko, eta bertan zuten ezer ez jan edo edateko. Azkenean horiek ere ebakuatu egin zituzten.

Hanfordeko konplexua Columbia eta Yakima ibaien ondoan eraiki zuten, 1943an. Eremu sekretu bat da, Errusiako Mayakekin gertatzen den moduan, arrazoi berberarengatik: bertan ekoizten zuten bonba atomikoak egiteko beharrezkoa zuten plutonioa. Hantxe eraiki zuten B erreaktorea, plutonioa ekoizteko lehen ekipamendua. Bertan egin zuten 1945ean Japoniako Nagasaki hirian botatako bonba atomikoa, 70.000 hildako eragin zituena. Geroztik, beste 60.000 lehergai nuklear gehiago ere egin dituzte. Hasiera batean Defentsa Departamenduaren ardurapean bazegoen ere, azkenean Energia Sailak hartu behar izan zuen. Egun 220.000 metro kubiko hondakin nuklear oso kutsakor dituzte bertan gordeta. 1970eko hamarkadan desklasifikatu zituzten dokumentu sekretuei esker jakin zen erradiazio isurketak sarri izan direla Hanforden, inguruko airearen, lurraren eta ibaien kalterako. Bederatzi erreaktore nuklear lanean izatera iritsi zen Hanford. Adituek egindako kalkuluen arabera, 2060 arte 100.000 milioi dolar gastatu beharko dituzte, eremua garbitzeko.

«Erne egon gaitezen jaso dugun oharra izan da istripua», adierazi du Tom Carpenter Hanford Challenge gobernuz kanpoko erakundeko zuzendariak. «Instalazio zaharrak dira, gaztetzen ez direnak; dagoeneko eraisten ari diren lekuak dira, oso arriskutsuak», esplikatu du ekintzaileak. Nabarmendu du bertako tuneletako zutabe asko egurrezkoak direla eta depositu batzuetako goiko aldea oso ezegonkorra dela. «Hondakin erradiaktiboen kudeaketa ez dute kontrolpean agintariek», esan du Kevin Kamps Beyond Nuclear elkarteko eledunak. Hondakin tangak ixteko eskatu du, hondamendiak saihesteko.

Errieta Artikoan

G7 munduko herrialde aberatsenak hartzen dituen taldeak datorren astean egingo duen gailurraren ondoren jakinaraziko du Trumpek AEBak Pariseko hitzarmenetik aterako dituen ala ez, Sean Spicer eledunak adierazi berri duenez.

Presidenteak berak orain hilabete esan zuen berehala hartuko zuela «erabaki handi bat», baina bere planak aldatu behar izan ditu, beste behin.

Rex Tillerson estatu idazkaria Artikoko Kontseiluak (AEBak, Errusia, Kanada, Suedia, Finlandia, Norvegia, Islandia eta Danimarka daude bertan) Alaskako Fairbanksen egindako bileran izan zen hilaren 12an. Bi urtean behin ministroek egiten duten batzarrean bere Gobernuaren jarrera defenditzea tokatu zitzaion: «Ez dugu arinegi jokatu nahi, azken erabakia hartu aurretik zuen posizioak ondo ulertu nahi ditugu. AEBentzat egokiena den erabakia hartu nahi genuke».

«Zer esango luke gure planetak mahai honetan eserita izango bagenu? Seguru asko gogoraraziko liguke Artikoak gure hozte-sistema moduan funtzionatzen duela», adierazi zuen Margot Elisabeth Wallström Suediako Atzerri ministroak. Gogora ekarri zuen hemendik hogei urte ingurura Ozeano Artikoko zati handi bat izotzik gabe egongo dela eta bertako ekosistema aldatzen hasia dagoela. «Parisko Hitzarmenak zientzian oinarritutako bidea eskaintzen digu arrisku horiek ahal den neurrian urruntzeko», esplikatu zion Wallströmek Tillersoni.

Azken bi urteotan AEBei egokitu zaie Artikoko Kontseilua zuzentzea eta Alaskako batzarrean Finlandiak hartu zuen lekukoa. Timo Soini bertako Atzerri ministroak ere Parisko Hitzarmenarekin bat egin zuen.

Etxe Zuriari Alaskako herriek ere egin zioten errieta Artikoari buruzko bileran. «Beroketa globalari aurre egiteko epe luzeko politikarik gabe gure kulturak ez du izango bizirik jarraitzeko aukerarik», adierazi zuen Ethel Blake Gwich'in nazioarteko kontseiluko ordezkariak. Herri horiek beste inork baino hobeto dakite zer den klima aldaketa.